Euzko Abertzaleak taldeak higiezinen maileguen arauketa gardenagoa aldeztu du, informazio,babes eta segurtasun handiagoak bermatuko dituena

Idoia Sagastizabalen esanetan “funtsezkoa da higiezinen maileguen kontratuei buruzko legeria indartua izatea”, eta horregatik eskatu du “dagoen testua lantzea” Podemosek aurkeztu duen osoko zuzenketarekin “kointzidentzia” batzuk ematen diren arren.
Euzko Abertzaleak taldeak higiezinen maileguen arauketa gardenagoa aldeztu du, informazio,babes eta segurtasun handiagoak bermatuko dituena
15 Otsaila 2018 | Kongresua

Idoia Sagastizabalek, EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak taldeko bozeramaile ekonomikoak, gaur baieztatu du “funtsezkoa” dela “higiezinen maileguetarako arauketa sendoa” izatea,hau da produktu horiek kontratatzeko orduan “gardenagoa izango dena eta informazio, babes eta segurtasun handiagoak bermatuko dituena” eta,gainera, “esparru honetan ari diren operadore guztien eskubide eta inplikazioen arteko oreka” bilatuko duena.

Higiezinen maileguetarako kontratuak arautzeko Lege Egitasmoari buruzko osoko eztabaidan Sagastizabalek baieztatu du Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeak bat egiten duela Podemosek proposatutako zuzenketan planteatzen diren “hausnarketa eta kontu” batzuekin eta talde honi “aitortu” dio zentzu honetan eginiko lana; dena dela, zentzu berean esan duenez “hobe da Gobernuak aurkeztu duen lehen testuarekin lan egitea” “aurrera pausu batzuk planteatzen direlako”. Ildo beretik eta Euzko Abertzaleak Lege Egitasmoa izapidetzeko prozesuan hobekuntzak behar dituzten arloetarako zuzenketa partzial batzuk aurkeztuko dituela iragarri arren, ondo baloratu du Lege Proiektuak “orain arte landu ez diren kontu batzuk arautzen dituela” besteak beste autonomoaren figura aurreikustea, mailegua ematen duenari informatzea, kaudimena edo epea agortu baino lehen ordaintzea; eta azpimarratu du Euzko Abertzaleak taldearentzat “oso garrantzitsuak” diren eskumen kontuetan “hainbat alorretan kontu batzuk Autonomia Erkidegoen ardurapean uzteko aurreikuspenak lantzen direla”. Diputatu jeltzaleak era berean adierazi du Lege Egitasmoak “arriskuak zuhurtziaz hartzeko arauketa bat planteatzen duela” eta “formula malguagoak aurreikusten ditu maileguak itzuli ahal izateko egoerak okerrera jotzen duenean”.

Osoko bilkuran hitz egiteko izan duen tartean adierazi duenez “hiritarrek edo enpresariek higiezinen gaineko mailegu bat kontratatzen dutenean denbora luzerako zorpetzen dira eta, horregatik, guztiz beharrezkoa da kontratatzen duten produktua ondo ezagutzea eta hartzen dituzten arriskuez jabetzea”. Halaber, diputatu jeltzaleak ezinbesteko jo du “finantza sektorearenganako konfiantza berreskuratzea, besteak beste mailegu emaileek hainbatetan arduragabeki jokatu dutelako eta,ondorioz, mailegu hartzaileek zailtasun handiak izan dituzte mailegu horiek ordaintzeko orduan. Gainera,kontsumitzaileek orain artekoa baino babes handiagoa behar dute eta epaileek araudi segurua behar dute erabakiak hartzeko orduan”. Horregatik guztiagatik Parlamentuko Taldeei eskatu die Lege “eraginkor, eragingarri eta zentzuzkoa” egiteko ahalegina.

PARTEKATU