EAJ-PNVk salatu egiten ditu espainiar Gobernuaren esku-sartzeak euskal erakundeen ekimenetan, eta eskatzen dio akordioaren bidea azkeneraino eraman dezala, auzitegietara jo baino lehen

Joseba Zorrilla legebiltzarkideak Mariano Rajoyren gobernuari leporatu dio birzentralizazioan aritzea, etengabe euskal erakundeek adostutako erabakiak zalantzan jartzen. “Gure autogobernuaren aurkako erasoa da eta gelditu beharra dauka”
EAJ-PNVk salatu egiten ditu espainiar Gobernuaren esku-sartzeak euskal erakundeen ekimenetan, eta eskatzen dio akordioaren bidea azkeneraino eraman dezala, auzitegietara jo baino lehen
15 Otsaila 2018 | Eusko Legebiltzarra

Joseba Zorrilla EAJ-PNVren legebiltzarkideak euskal autogobernua defendatu du, espainiar Gobernuaren eraso birzentralizatzaile jarraitu eta etengabeen aurrean. Izan ere, hainbat eta hainbat errekurtso aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrak adostu eta onartutako legeen aurka. “Gure autogobernua garrantzitsua da ongizatea eta euskal gizartearen aurrerapena babesteko”, esan du.

Vitoria-Gasteizeko Ganberan ordezkatuta dauden talde guztiek, PPk izan ezik, salatu egin dute Mariano Rajoyren gobernuak sistematikoki Konstituzio Auzitegiarengana errekurritzen dituela –Konstituzio aurkakotasun errekurtsoen eta eskumenen gatazken bidez- Eusko Legebiltzarrak onartutako legeak. Horrela, Zorrillak adierazi du errekurtso horien bidez “Gobernu espainolak zalantzan jartzen diharduela egungo Gernikako Estatutuan aitortutako eskumenen egikaritza”.

Halaber, ordezkari jeltzaleak uste du desberdintasun juridikoko egoera ematen ari dela, zeren Estatuak errekurtsoa jartzen duenean, berehala gelditzen edo suspenditzen baita errekurritutako arau autonomikoa; baina ez da gauza bera gertatzen alderantzizko norantzan. “Segurtasun juridikoa egongo bada, trataera berbera izan beharko genuke”, esan du.

Horrez gainera, Zorrillak kritikatu du Konstituzio Auzitegiaren diseinu operatiboa gehiegikeria dela, “osaerak ez du pluralitatea errespetatzen, desorekatua da bai ideologiari, bai lurraldetasunari dagokionez”. Hori dela eta, parlamentari jeltzaleak uste du egoera “larria eta kezkagarria” dela euskal autogobernuarentzat, Estatua oinarrizko legedia gehiegikeriaz erabiltzen ari baita, euskal eskumenen esparrua murriztuz. “Euskal legeen kontra jarritako errekurtso sistematikoek eta Konstituzio Auzitegiaren sententziek beharrezko egiten dute gure autogobernua irmo defendatzea eta aldarrikatzea, errekurtso eta sententzia horiek interpretazio eta doktrina berriak txertatzen dituztelako, gure eskumenen eremuaren erabat kontrakoak”.

Horregatik guztiagatik, Joseba Zorrillak nabarmendu du salatu egin behar direla espainiar Estatuaren akusazioak, horiek “esku-sartzeak, baldintzatzeak edo murrizketak direnean Eusko Legebiltzarrak edo Eusko Jaurlaritzak bere eskumenen ariketan onartutako arau juridiko eta politika publikoetan”. 

PARTEKATU