Ortuzar: “Euskadiko politikaren arazorik handiena Ciudadanos deitzen da: Riverak Espainiako Macron izan nahi du, baina Berlusconiren politikak eginez”

EBBko presidenteak salatu du C´s alderdiak euskal politikarekin darabilen “eskukatze” eta “manipulazioa”, eta Autogobernu Lantaldean aurkeztu diren agiriekin Madrilen egin den irakurketa “bidegabea” kritikatu du
Ortuzar: “Euskadiko politikaren arazorik handiena Ciudadanos deitzen da: Riverak Espainiako Macron izan nahi du, baina Berlusconiren politikak eginez”
15 Otsaila 2018 | EBB

Oharra: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu

“Espainiako politikaren arazorik handienak Ciudadanos du izena. Espainiako arazo politikoen konponbidea Ciudadanos moduko proiektu politikoaren eskutik badator, etorkizun txarra izango du Espainiako politikak”. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Ciudadanosek eta bere buruek azken asteotan EAJ-PNVren kontra, euskal autogobernuaren kontra eta Euskadiko bizikidetzaren kontra jaurtikitako erasoei erantzun die gaur. Onda Cero irratiko 'Dos más que uno' saioari eskainitako elkarrizketan salatu du alderdi laranja “Euskadiko egoera politikoa” manipulatzen ari dela, “atzo bertan Diputatuen Kongresuan ikusi bezala, hau da, ankerkeria handiz eta sumindura sortzeko helburuarekin. Ulertzen zaila da euskal autogobernua edo Euskadi eta Estatuaren arteko sistema ekonomikoa moduko gai garrantzitsuak horren asmo txarrarekin zikintzea. Kezkagarria da oso”.

Ortuzarrek baieztatu duenez “politikari buruzko inkesten, egunkarietan agertzen diren titularren edo irrati edo telebistetako albisteen araberako politika egiten saiatzea ez da herri bat eraikitzeko eta politikari egonkortasuna emateko modurik onena. Oso ulertzen zaila da Mariano Rajoy inbestidurara eraman zuen, berarekin Aurrekontuak hitzartu zituen eta iragan abenduan bertan aurrekontuei buruzko akordioa haiekin hitzartuta zuela zioen batek orain, bat batean, haiekin harremanak izoztuta dituztela ikustea. Zer gertatu da harreman hori izoztuta geratzeko? Ba, Katalunian hauteskunde batzuk egin direla, inkesta batzuk irten direla eta baten bati begiak tio Gilitorenak bezala jarri zaizkiola eta dolarrak irten beharrean parlamentuko eserlekuak eta panorama aldaketak ,sorpassoak eta abarrak irten zaizkiola. Hori ez da serioa. Inoiz entzun dut Rivera jaunak Espainiako Macron izan nahi duela, baina nire sentsazioa da Berlusconiren politikak egiten ari dela. Antza handia daukate biek egiten duten populismo horrekin. Rivera politikari populista da. Berlusconi komunikabideetatik irten zen, Italiako politikan sortu zen krisia baliatu zuen,han ere ustelkeria kasuz josita zegoena, eta populismo horretan oinarrituta bat batean pertsona andana erakarri zuen alderdia eraiki zuen... Rivera gauza bera da: Macron izan nahi du baina Berlusconiren teknikak aplikatzen ditu”.

EBBko presidentea ez du kezkatzen Ciudadanos Moncloara iritsi ahal izateak “Guk aurten 100 urte beteko ditugu Diputatuen Kongresuan. Begira aldi honetan zenbat gauza bizi izan ditugun: bi diktaduretan bizirautea lortu dugu, bi gobernu errepublikar ezagutu ditugu, gobernu monarkikoak, gobernu sozialistak, Partido Popularraren gobernuak, gehiengo absolutua izan duten gobernuak, laguntza behar zuten gutxiengoekin, Felipe Gonzalezen aldia, Aznar gogorraren aldia... eta hemen gaude gu. Gu alderdi sendoa gara behar denean eta Ciudadanosen gehiengoarekin ere moldatzen jakingo genuke. Kontua zera da: hitzetik hortzera darabilgun Espainia horrentzat, askotarikoa den eta identitate partekatu baina anitzak dituen estatuarentzat, denon artean eraiki behar den eta prozesu parte hartzaile bidez egin behar den estatu horrentzat… halako talibanak, onenak al dira horrelako estatu bat gobernatzeko? Nik uste dut ezetz. Ciudadanos ez da Euskadin existitzen, pentsatu beharko luke zergatik ote den.Euskadin gizarte anitz eta irekia gara eta hor Ciudadanos ez da ezer. Horrek ere zerbait esan nahiko du”.

Ortuzarrek era berean deitoratu du Euskadiko alderdiek Autogobernu Lantaldean planteatu dituzten proposamenekin Madrilen egin den irakurketa ezin okerragoa. “40 urteren buruan erreformarik egin ez zaion Estatutu bakarra gara eta, gainera, ez da %100ean garatu. Eusko Legebiltzarrean, duela lau urtetik hona, Euskadiko indar politiko guztiok lanketa bat egiten ari gara eta oraingo honetan bakoitzak egoki jo dituen proposamenak egin ditu. Eta proposamen guztiek oinarri bat partekatzen dute: oraingo legeria onartzen dute Estatutua aldarazteko prozedurarako eta etorkizuneko estatus juridiko politikorako. EAJren proposamenari dagokionez, Estatutua aldarazteko egiten dugun proposamena bi xedapenetan oinarritzen da: bata da Konstituzioarena, Lehen Xedapen Gehigarria, Euskadiko eskubide historikoak aitortzen,errespetatzen eta babesten dituena; eta bestea da Gernikako Estatutuaren Azken Xedapena. Beraz, kritikoei, bigarren irakurketa bat egitea gomendatuko nieke. Uste dut batzuek lehen irakurketa beharko dutela agiria irakurri gabe hitz egin dutelako, baina irakurri dutenei bigarren bat gomendatuko nieke baina dioptria gutxiagoko betaurrekoekin, dioptria horiek guk proposatzen duguna itxuragabetzen eta desitxuratzen dutelako. Egin dugun proposamena errealista eta zilegi da baina euskal autogobernuan ere jauzi kualitatiboa eman nahi du, gure ustez horixe delako gizartearen gehiengo handi batek eskatzen ari dena. Ni ez nau independentismoaren aldeko eta burujabetzaren kontrako ezbai horrek beldurtzen,baina hori ez da gaur egun Euskadin ematen ari den eztabaida. Euskadiko eztabaida da Estatutua aldaraztekoa, berrogei urteotan izan ditugun arazoak konpontzekoa, prozesu horrek Estatuarekin bestelako harreman bat eman diezagun. Proposamen bakar bat ere ez dago, ezta Ezker Abertzalearena ere, eta uste dut hori nahikoa baloratu dela, une honetan Estatutuak eta Konstituzioak ematen duten marko hau apurtzea proposatzen duenik. Euskadiko historia osoan lehen aldiz gertatu den zerbait da eta orain horregatik demonizatu gaituzte. Ba, ez dakit nik zelan etorri behar dugun”. Ortuzarrek gaineratu du EAJ-PNVk “energia guztiak” jarriko dituela “akordio bat eman dadin”. “Lehenengo eta behin Euskadiko hiritarren artean, ahalik eta akordiorik anitzena eta zabalena, ahalik eta babes gehien jasoko dituena; aukera badago, 79an jaso zena baino babes handiagoarekin; eta gero akordio hori Espainiako erakundeetara eraman dezagun, Diputatuen Kongresuan akordio bat ados dezagun eta Euskadirentzako Estatus Berri Bat izan dezagun. Beste 40 urtetarako bizikidetza markoa lortuko ahal dugu!. Guk akordioa nahi dugu, baina gutxieneko lurreratze pista jarri behar zaigu akordio hori egingarria izan dadin”.

Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorren etorkizunaz galdetuta, Ortuzarrek argi baino argiago hitz egin du. “Gu alderdi instituzionala gara, gobernuetan dagoen alderdia, eta guri Euskadin aurrekontuak izatea gustatzen zaigu. Eta guretzat ona denak ona izan behar du besteentzat ere. Guk aurrekontuak eta egonkortasun politikoa egotea nahi badugu, zentzuzkoa ere bada Estatuko Gobernuak gauza bera nahi izatea. Kontua da hori gertatzeko baldintzak nola sortzen diren”. Baina une honetan ez dira baldintza horiek ematen, gaineratu du Ortuzarrek, Ciudadanosen jarrera zikoitzagatik  eta Katalunian 155. artikuluaren aplikazioak indarrean dirauelako. “155. artikuluaren aplikazioak indarrean irautea ohiz kanpoko gauza bat da eta guk oso begi txarrez eta etsipenez begiratzen diogu. Gaur bertan Marta Pascali `La Vanguardia´ egunkarian eginiko elkarrizketa irakurri dut eta uste dut irtenbide batzuk proposatzen direla, akordioa lortzeko bidea zabaltzen dutela. Epe laburrean emaitzak emango ahal ditu, ea denon artean lagundu ahal dugun Kataluniako politikan eta Kataluniako erakundeetan ezarri den kontrol hau iraganeko kontu bat izan dadin eta,han ere, beren bidea egiterik izan dezaten”.

PARTEKATU