Cazalisek enpresek sektorean eta zerbitzuan duten eragina kontuan hartzea eskatu du banaketa elektrikoaren ordainketa arautuaren doiketa egiterakoan

EAJko senatariak ohartarazi duenez, operazioen finantza kostuari bakarrik erreparatuz gero hainbat enpresa suntsitu daitezke, batez ere sektore elektrikoko banatzaileak; Euskadin garrantzi handia duen industria.
Cazalisek enpresek sektorean eta zerbitzuan duten eragina kontuan hartzea eskatu du banaketa elektrikoaren ordainketa arautuaren doiketa egiterakoan
06 Otsaila 2018 | Berria

Jose Maria Cazalisek elektrizitatearen banaketa elektrikoaren ordainketa arautuaren doiketa sistemak enpresek sektorean, industrian, gizartean eta zerbitzuan bertan duten eragina kontuan hartzea eskatu dio Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministroari, eta ez bakarrik operazioen finantza kostea. Gobernuaren kontrolerako egindako galderan, EAJko senatariak horrela ez egiteak “ekipamendu eta osagarri elektrikoen enpresa zein banaketarako enpresa askoren suntsiketa eragin dezakeela” ohartarazi dio Alvaro Nadal ministroari.

Senatariak industria honek Euskadin duen garrantzia azpimarratu du, adibidez, 2014an Estatu osoan fakturatu ziren 8.900 milioi eurotik %48a izanik, eta Estatuan zeuden 35.269 lanpostu kualifikatuen %52 izanik. Lanpostu kualifikatu asko eta aberastasuna sortzeaz gain, “enpresa hauek I+G+b-n traktore garrantzitsuenetakoak dira”, azaldu du Cazalisek, 2014an Estatuan helburu horretarako zuzendu ziren 261 milioietatik %78 Euskadin bideratu zirela gogoratuz.

Ordezkari jeltzaleak zalantzan jarri du, arrazoizko errentagarritasuna gutxituz, enpresa elektriko handiek maila bereko inbertsioak egiten jarraituko dutenik sareak hedatzeko, hobetzeko eta modernizatzeko, errentagarritasun maila txikiagoa izango litzatekeelako Europako beste edozein herrialdetan edo beste edozein sektoretan handiagoa lortu ahalko luketenean segurtasun handiagoz; gas enpresetan ere gauza bera gertatuko litzatekeela gaineratu du. Horrez gain, banaketa elektrikoa bezalako araututako ekimenen arrazoizko errentagarritasunaren hurrengo errebisioa “horrela, arrazoituta” egitea eskatu du. “Modu arautuan, errealistan, inteligentziaz, aurreikusteko moduan, egonkortasunez, orokortasunez eta epe luzera egin behar da. Europako gainontzeko herrietan erabiltzen diren irizpide eta metodologiarekin, eta ez zure ministerioak erabiltzen ari direnarekin. Hortik dator arazoaren zati bat”.

Ordezkari jeltzalearen iritziz, gainera, Ministerioak planteatutako doiketak ezin du modu aipagarrian jaitsi tarifa elektrikoaren prezioa, kontuan hartuz, adibidez, 2017an banaketaren kostea %18 baino ez zela izan, eta 2013ko sektore elektrikoaren legeak berak sisteman lor daitezkeen superabitak metatutako zorra ordaintzera bideratu behar direla ezartzen duela, “beraz, ez litzateke kontsumitzailearengana helduko”. Tarifa elektrikoa benetan murrizteko, Cazalisek tarifa sistema osoaren berritzea plantea dezala proposatu dio Ministroari, “lasaitasunetik eta planifikaziotik abiatuta; enpresa, gizarte eta politikaren sektore guztien inplikazio eta adostasunarekin”. EAJko senatariak nabarmendu duenez, “Gobernuak planteatzen duen doiketak ziurgabetasuna gehitzen du aukera on baten atarian dagoen sektorean: gizarte, industria eta garraio ekimen guztiak elektrifikatzeko sasoian murgilduta gaudela”. 

PARTEKATU