Atutxak “izugarritzat” jo ditu atzo Katalunian gertatu ziren atentatuak eta adierazi du kasu honetan ez gaudela “zibilizazioen talka baten aurrean, terrorismo huts latzaren aurrean baizik”

Euzko Alderdi Jeltzalearen Bizkai Buru Batzarraren lehendakariak atsekabe handiz gomutatu ditu biktimen familiak, eta ezarri den segurtasun-protokoloaren alde agertuz esan duenez, “tamalez ezinezkoa da ekintza terrorista bat galaraztea, zeren terroristen helburua izua hedaraztea baita”
18 Abuztua | BBB

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Bizkai Buru Batzarraren lehendakaria den Itxaso Atutxak Onda Vasca irratiak egin dion elkarrizketa batean esan duenez, “izugarriak” izan dira Bartzelonan eta Cambrilsen gertatu diren atentatu biak. Buruzagi jeltzaleak modu positiboan baloratu du ezarri den segurtasun-protokoloaren eragingarritasuna, eta esan duenez, “ezinezkoa da ekintza terrorista bat galaraztea, zeren terroristen helburua izua hedaraztea baita”.  “Tamalez, gaur egun erraza da izua eragitea, eta oso zaila da halako ekintzak galaraztea”, azpimarratu du. “Ez gaude zibilizazioen talka baten aurrean, terrorismo huts latzaren aurrean baizik. Ez gara zerbait inposatzen ari den erlijio baten gainean mintzatzen ari”, adierazi du buruzagi jeltzaleak. “Izua eragiteko ekintza errazak burutzen dituen belaunaldiaz ari gara, nazioartean oso hedaturik eta oso globalizaturik dagoen belaunaldiaz alegia, eta, tamalez, hur-hurretik ikustea tokatzen zaigu hori guztia”, adierazi du.

Biktimen familiak gomutatu ondorik, Kataluniako erakundeen jarraibide “garrantzitsuei” jaramon egiteko eskatu du, hots “zuhur jokatzeko eta atentatuen irudirik ez zabaltzeko, sare sozialetan ikusi diren irudi latzak zeharo ikaragarriak izan direlako”.

Horrezaz gainera adierazi du “erabat egokia” izan dela EAJren EBBren lehendakaria den Andoni Ortuzarrek Twitterren bidez argitaratu duen mezua. Mezu horretan adierazi duenez, “ezein ideiak (ni idealista izan arren), ezein aberrik (ni abertzalea izan arren) ez ezein fedek (ni fededuna izan arren) ez du Bartzelonako basakeria justifikatzen”. “Mota honetako atentatu terrorista bat ikusten dugunean higuina sorrarazten duen oro gogorarazten digu basakeria honek, ekintzok hainbat eta hainbat  ikuspegitik justifikatzen baitira”, adierazi du. Horri dagokionez, askatasuna eta demokrazia bezalako “baloreak defendatu behar direla” esan du Atutxak. Hori lortze aldera, “atzo Bartzelonan ikusi genuen lasaitasun, heldutasun, naretasun eta zibismoaz borrokatu behar gara”, adierazi du.

Jihadistek Bartzelonan egin dituzten atentatuen aurrean euskal hiritarrok lasaitasunari eusteko deia egin du Bizkaiko buruzagi jeltzaleak. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak gaurko deitu duen bilera aipatu du eta Estefanía Beltrán de Heredia sailburuaren hitzak irmotu ditu. Izan ere, sailburuak adierazi duenez, “bilera hori oso garrantzizkoa da, zeren eta Ertzaintzaren barruan tentsio egokia sorrarazten hasi behar baikara alerta-maila honekin, orain arteko alerta-mailaren aldean”. “Batik bat, segurtasuna sorrarazi behar dugu eta, ahal dugun neurrian behintzat, bakeak, bizikidetzak, demokraziak eta baloreekiko errespetuak eragiten duten lasaitasunez bizitzen jarraitzen saiatu behar gara”, erantsi du azkenik.

PARTEKATU