Aitor Esteban Podemosen iragarpenaz: "Etxea ezin da teilatutik hasi"

Diputatuen Kongresuko bozeramaile jeltzaleak "erabateko baldarkeria" jo du Pablo Iglesiasek iragarri duen zentsura mozioa "bilatzen dena Gobernuko Presidentearen kontra egitea baino, oposizioko beste alderdien kontra egitea ez bada behintzat"
Aitor Esteban Podemosen iragarpenaz:
27 Apirila 2017 | Kongresua

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko EAJ-PNV taldeko bozeramaileak, Podemosi gaitzetsi dizkio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko Presidentearen kontra aurkeztu nahi duen zentsura mozioa iragartzeko orduan erakutsi dituen moldeak. “Etxea ezin da teilatutik hasi" erantzun dio Estebanek Podemos taldeko buru Pablo Iglesiasi.

Diputatuen Kongresuan bertan eskaini den prentsa aurrekoan, Aitor Estebanek baieztatu du goizeko 11:00ak aldera Pablo Iglesiasek EAJ-PNVko presidente Andoni Ortuzarri SMS bat bidali diola minutu batzuk geroago egingo zuen iragarpenaz informatzeko eta, data zehaztu ez duen arren, bion arteko elkarrizketa proposatzeko. "Ez da normala gutxiengo egoera batean eta aldebakartasunez zentsura mozioa horrela iragartzea eta, gainera, ondoren talde politikoekin hitz egingo duela esanez" kritikatu du Estebanek. "Halako aurkezpenek ez naute harritzen lehenagotik ere ikusi ditugulako, baina gero eta argiago geratzen zait unibertsitatean irakasten den teoria politikoa parlamentuko praktikatik urrun dagoela" gaineratu du. Estebanek gogoratu duenez "egin behar den lehen gauza da parlamentuko taldeekin hitz egitea, zentsura mozioak gehiengo absolutua eta hautagai alternatiboa behar dituelako".

“Eta, Babesik ez badu, Podemosek aurrera jarraituko al du zentsura mozioarekin?. Zein da Gobernuko Presidenterako aurkeztuko duen hautagaiaren izena?" galdetu du bozeramaile jeltzaleak. "Ez da politika egiteko modu serioa, ez da eraikigarria ezta eraginkorra ere" erantsi du. Eta, zentzu berean ohartarazi duenez, "gehiengo alternatiborik ezean zentsura mozioarekin lor dezakezun gauza bakarra da Gobernuko Presidentea indartzea. Hori al da Podemosek bilatzen duena?”.

Hori dela eta, Podemosek ekimen honekin bilatzen dituen ondorioen inguruan ohartarazi du Estebanek: "Baldarkeria ikaragarria iruditzen zaigu bilatzen dena beste gauza ez bada behintzat, Gobernuko Presidentearen kontra egitea baino, oposizioko alderdien kontra egitea,alegia".

PARTEKATU