EAJ-PNVk bere egin du Bizkaiko Batzar Nagusiek berdintasunaren alde lan egiteko hartu duten konpromisoa

EAJ-PNVko hautetsiak izan dira Gernikako Batzar Etxean, martxoaren 8a ospatzeko aste bete falta dela, gaur goizean egin den Emakumeen Batzarrean

EAJ-PNVk bere egin du  Bizkaiko Batzar Nagusiek berdintasunaren alde lan egiteko hartu duten konpromisoa 01Martxoak
2017
2017 MartxoaK 01 |
Bizkaia BBNN

PARTEKATU

“Gaur errealitate bihurtu dugu antzinako profezia bat, 1609 urtean Aiara bailarako euskaldun batek, Francisco Mendieta margolariak, egin zuen margolanarekin jaio zena, hain zuzen. Berak margotu zuen Europako emakumeen lehen talde erretratua eta leku honetan egin zuen, gainera, Gernikako Arbolaren inguruan”. Hauek izan da Bizkaiko Batzar Nagusien presidente andre Ana Otaduik Emakumeen Lehen Ezohiko Batzarrak gaur Gernikako Batzar Etxean egin duen ospakizunaren hasieran esan dituen hitzak. Gaur, Mendietak emakumeek erakunde esparruan duten egitekoari ikusgarritasunari emateko egin zuen eta bilkura areto nagusian jarrita dagoen lan hau egin zenetik 408 urte geroago, “gure arteko ezbai politikoak alde batera utzi ditugu eta inoiz gertatu ez zen eszena historiko hori islatu nahirik, Emakumeen Nazioarteko Egunaren aniztasuna ospatu dugu”. Ildo beretik aurreratu du Emakumeen Batzarrak hurrengo urteotan jarraipena izango duela eta esan du edukia emango zaiola “bilera sinbolikoa baino gehiago izan dadin”.

Presidente andreak gogora ekarri duen margolanean, Mendietaren ‘Eskumuinak’ izeneko horretan, Gernikako Arbolaren pean foruen zina egiten duen erregearen alde banatan jaun feudalak daude eta margolanaren goiko alderdian gai hartako emakumeak daude irudikatuta. 1476ko ekitaldi hartan, emakumerik egon ez zen arren, Mendietak Bizkaiko herri bakoitzeko burukoarekin margotu zituen, gizonek ordezkatzen zituzten hiribilduak irudikatzeko. “Koadro hau ez da errealitate historiko baten faltsuketa, baizik eta adierazpen politiko aitzindaria”, azpimarratu du Otaduik.

Bizkaiko Batzar Nagusiek Eudel eta Emakunde erakundeekin batera antolatu duten ekitaldian ehun bat alkate, zinegotzi, ahaldun, legebiltzarkide eta alderdi politikoetako arduradun gorenak, denak emakumeak, Bizkaiko eraikin historikoan elkartu dira gaur emakumeek politika arloan egiten duten lanaren garrantzia eta gizarteari egiten dioten ekarpena ikusarazteko eta martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Berdintasunaren aldeko ekitaldian EAJ-PNVren hainbat ordezkari izan dira. Ana Otadui Batzar Nagusietako presidente andrearekin eta Bizkaiko Ganberako 9 ahaldun jeltzaleekin batera izan dira BBBko presidente Itxaso Atutxa; Mireia Zarate eta Aitziber Olibán, hurrenez hurren EBBko eta BBBko idazkariak; Ibone Bengoetxea, Elena Unzueta, Isabel Sánchez Robles eta Lorea Bilbao diputatuak; Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria; Eider Mendoza, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria, eta Bizkaiko alkate andre, hainbat zinegotzi eta legebiltzarkide. Emakumeek ganberako eserleku guztiak hartu dituzte eta gizonezko ahaldunak, diputatuak eta gainerako hautetsi eta gonbidatuak tribunatik izan dira ekitaldiaren lekuko. Gaurko ekitaldian ere izan dira Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak, euren artean Europa eta Erdialdeko Asiako zuzendari andre Alia El-Yassir eta Begoña Lasagabaster,Lidergo eta Gobernantza alorreko arduradun politikoa.

EAJ-PNVk ulertzen du XXI. mende honetan generoen arteko berdintasun eza giza eskubideak erabat errespetatzea eragozten duen eta gure gizartean desoreka sozial eta ekonomikoak betikotzen dituen oztopoa dela. Hori dela eta, EAJ-PNVk urteak daramatza berdintasuna helburu duten jarduerak garatzen eta horietan guztietan parte hartzen. Horren adibide argia da iaz barne esparru berezia sortu zela, emakumeek askotariko egitura, ohitura eta mekanismoak planteatu, eztabaidatu eta ezarri ditzaten, emakume eta gizonen artean partekatutako jardueren bidez, alderdikideen arteko berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko.

Gernikako Arbolak hartu ditu gaur erakundeetan ordezkari ditugun emakumeak, garrantzi eta sinbolismo handia izango duen argazkian. Ondoren, emakumeak ohorezko sarreratik bilkura areto nagusira sartu dira (Lumoko udal zaharraren eta Santa Klara komentuaren artean dagoenetik, Bizkaiko Batzar Nagusien bilera historikoetan egiten zen bezala) emakume dantzariek aurreskua dantzatu bitartean eta ospakizuna gogoratzeko egin den zapi batez lotuta. Ondoren, Ganberako sei hautetsik EUDEL erakundeak Emakumeen Nazioarteko Egunaren kariaz onartu duen adierazpen instituzionala irakurri dute. Horrela, EAJ-PNVko ordezkari guztiek bere egin dituzte adierazpen horretan jasotako konpromisoak.

Ekitaldia amaitzeko ‘Gernikako Arbola’ abestiaren interpretazio berezi bat abestu da Ganberan. Anne Etchegoyen abeslari handiak kantatu du Iparragirrek XIX. mendean Bizkaiko eta Euskadiko askatasun tradizionalen sinboloa den Aritz zaharrari gorazarre eginez idatzi zuen abestia, hain zuzen.

Interesatu Zaitez