‘Zurekin, inoiz baino gehiago‘, EAJ-PNVk igandean Forondako zelaietan ospatuko duen Alderdi Egunaren goiburua

Mireia Zaratek eta Joseba Aurrekoetxeak Sabin Etxean aurkeztu dute talde jeltzaleak urtero egin ohi duen jai handia
‘Zurekin, inoiz baino gehiago‘, EAJ-PNVk igandean Forondako zelaietan ospatuko duen Alderdi Egunaren goiburua IKUSI BIDEOA
28 Iraila | EBB

Iragan igandeko hauteskundeetan lortutako garaipenaren ondoren, EAJ-PNVk igandean, urriak 2, ospatuko du Alderdi Eguna, urtero egin ohi duen jai handia. Forondako zelaiek EAJ-PNVren milaka alderdikide eta alderdizale hartuko dituzte berriz, oraingo honetan ‘Zurekin, inoiz baino gehiago’ goiburupean. Euzkadi Buru Batzarraren idazkari andre Mireia Zaratek eta Antolakuntza arloko burukide arduradun Joseba Aurrekoetxeak gaur hedabideen aurrean aurkeztu dute Alderdi Egunaren 39. edizioa.

Aurrekoetxeak herritarrak animatu nahi izan ditu “lagun artean eta giro onean egun hori eman nahi duten guztiak. Alderdikideak, alderdizaleak, edo, beste barik, Europa mailan alderdi gutxi ospatzera ausartzen diren halako ekitaldi bat nolakoa den jakiteko gogoa duten guztiak”. Eta azaldu du 2016 urterako aukeratu den goiburuak barnean bi mezu gordetzen dituela “Lehenengo eta behin, alderdikideei gure esker ona adierazteko mezua da, kanpaina osoan ezin hobeto portatu direlako eta, jakina, gure esker onik zintzoena Euskadi bestelakoa dela erakutsi duten herritar guztiei, gure herria berdeztatzen lagundu duten euskal emakume eta gizonei. Eta, beste alde batetik ‘Zurekin, inoiz baino gehiago’ pertsonen alde eta pertsonekin dugun konpromisoa berresten duen mezua da. Herria pertsona guztiekin eraiki behar dugula gogorarazten digu, hau da, inor atzean utzi gabe. Zurekin, bere kabuz, etorkizunean izan nahi duena erabaki ahal izango duen herria eraikitzeko, Europako beste nazio batzuekin batera, subjektu politiko izateko borondatea duen herria, eta, aldi berean, herri orekatu,kohesionatu eta iraunkorra, hiritar guztiontzako ongizatea izan dezagun. ‘Zurekin, inoiz baino gehiago’ goiburuak nazio eraikuntzarekin eta gizarte justiziarekin ditugun konpromisoak berrestera eramaten gaitu”.

Alderdi Eguna 10:00etan hasiko da, eta orduan emango zaie ongi etorria kanpotik etorritakoei . 10:30ean meza ospatuko da eta 11:15ean agintarien desfilea hasiko da.12:00etan ekitaldi nagusia egingo da eta hizlariak izango dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidentea. 13:15ean herri kirolen erakustaldia eta erromeria. Eta 16.30ean Disko Festa hasiko da. Beti bezala, umeentzako Txiki- Txokoa eta 7 eta 14 urte bitartekoentzako sukaldari tailerra ere jarriko dira. Aurten, Ongintza Tonbola ere dago Alderdi Eguneko menuan.

Ekitaldiaren antolakuntzari dagokionez, zenbakiak,aurten ere, ikusgarriak izango dira. 90 boluntariok hilabetea daramate lanean. Eta, puntu honetan, aukera hau aprobetxatu nahi dut EAJren alderdikide guztien izenean, gure esker onik zintzoena adierazteko . Alderdi Egunak 400.000 metro koadroko zabalera hartuko du, hauetatik 130.000 metro koadro izango dira ospakizun gunerako, 25.000 karpetarako eta gainerakoa aparkaleku eta zerbitzuetarako. 29 txosna eta 140 jantoki jarriko dira, eta 20.000 bazkari emango dira.

Alderdi Egunari buruzko informazio guztia ( egitaraua, txosnak, aktibitateak) eskuragarri dago gure web gunean alderdieguna.eaj-pnv.eus gune berezian eta “Alderdi Eguna” app-ean. Aplikazioa AppStore-n jaitsi ahal da Apple telefono eta tabletetarako eta Google Play-en Android gailuetarako (astean zehar eguneratuko da).

Larunbatetik aurrera, Twitter, Facebook eta Instagram gizarte sare digitaletan , prestakuntza lanei buruzko informazioa emango dizuegu eta, jakina, Alderdi Egunekoak lehen ordutik eskainiko ditugu #AlderdiEguna traolarekin.

Igandean, ekitaldi politikoa streaming bidez jarraitu ahal izango da gure web gunean, mugikorretan, YouTube kanalean eta Facebook orrialdean. Une esanguratsuenak diskurtsoak amaitutakoan igoko ditugu Facebook eta Twitter-era.

Astelehenean, bideo eta argazki guztiak ikusgarri izango dira EAJ-PNVren web orrialdean, YouTube kanalean eta Flickr galerian.

PARTEKATU