“Eraiki Euskadi. Euskadi mira al futuro” izango da EAJ-PNVren euskal hauteskundeetarako eslogana

Iñigo Urkulluren balioek jeltzaleen mezua egituratzen dute: konpromisoa Euskadirekin eta pertsonekin, krisiaren unerik gogorrenetan herria aurrera eraman dutenenganako uste osoa eta besteekin akordioak lortzeko gaitasuna.
“Eraiki Euskadi. Euskadi mira al futuro” izango da EAJ-PNVren euskal hauteskundeetarako eslogana IKUSI BIDEOA
29 Abuztua | EBB

“Eraiki Euskadi. Euskadi mira al futuro”. Hori izango da irailaren 25eko euskal hauteskundeetarako EAJ-PNV alderdiaren kanpainako eslogana. Hala jakinarazi dute Euzkadi Buru Batzarreko idazkaria den Mireia Zaratek eta antolakuntzako arduraduna den Joseba Aurrekoetxea burukideak, gaur bertan jeltzaleen kanpainaren ardatzak aurkezteko Sabin Etxean eskaini duten prentsaurrekoan. “Herri honengan uste osoa duten pertsona guztiak batzeko helburua du gure esloganak, bai eta egunero, modu anonimoan, etorkizunaren gakoak jartzeko ahalegina egiten duten pertsonak batzeko ere. Hori dela eta, gure kanpainaren bidez jendearekin harreman zuzena izan nahi dugu, agresiboak edo inbaditzaileak izan gabe; euren akiduraz jabetuta baina gure ongizatea jokoan dela ikusaraziz”, esan dute Zaratek eta Aurrekoetxeak.

Jeltzaleen kanpaina ostegunean, irailaren 8an, hasiko da Gasteizen eta irailaren 23an bukatuko da Bilbon, Arriaga plazaren aurrean. Bitartean, tokiko, lurraldeko eta nazio-mailako 250 ekitaldi baino gehiago egingo dituzte euskal geografia osoan zehar. Gasteizko ekitaldi nagusia larunbat arratsaldean, irailaren 17an, izango da; Donostiakoa, aldiz, igande goizean, irailaren 18an. Berrikuntza gisa, Zaratek eta Aurrekoetxeak “larunbatean, irailaren 10ean, Bilbon egingo den mitin-jaia” aurkeztu dute. Casilda Iturrizar parkean ospatuko da egun osoan zehar, Pergolan. “U-Fest izena eman diogu; izan ere, mezu politikoa, musika, kultura, gastronomia eta entretenimendua uztartuko ditu jai-giroan”. Egun horretan, eguerdiko ordubatetatik gaueko hamabietara bitartean, milaka pertsona batzeko asmoa dauka EAJ-PNVk. Horiek horrela, festara etortzeko gonbita luzatzen die afiliatu, jarraitzaile eta lagun guztiei. Hauteskunde-programa Urkullu Lehendakariak aurkeztuko du irailaren 7an, Gasteizen.

“Kanpainaren funtsezko hausnarketa honako hau da: zer Euskadi nahi dugu? egitateen, esperientziaren eta funtzionatu duen eredua den Euskadi... edo beste gauza bat? Nor izan daiteke liderra?”,  planteatu du Aurrekoetxeak. “Bi aukera baino ez daude mahai gainean: herrialde hau ongizate kota handiagoetara helaraztea edo egungo eredua ezagutzen ez dugun beste eredu batengatik aldatzea. EAJ-PNV alderdiak lehenengo aukeraren aldeko apustua egiten du. lñigo Urkullu da herri-proiektu koherenteago, kohesionatuago eta itxaropentsuago bat aurkez dezakeena. Lehen eguneko ilusioarekin, baina gobernuan lau urtez egon  izanak eman digun esperientziarekin. Urkulluk konpromisoa irudikatzen du. Baita konfiantza ere; izan ere, herria aurrera atera baitu krisiaren unerik gogorrenetan. Proiektu horretan aurrerapausoak emateko helburuarekin, uneoro eta guztiekin akordioetara heltzeko gaitasunari esker lortu du hori. Euskadi sendo eta egonkor bat behar dugu, Lehendakari sendo batek gidatuko duena. Hori izango da hain zuzen ere gure kanpainaren helburua, eta herritarrak honako honetaz konbentzitzen saiatuko gara: orain da unea, eta ez da ona datozen garaietan esperimentuak egiten hastea”.

Jeltzaleen kanpainaren funtsezko pertsona Urkullu izango den heinean, gako-hitza “etorkizuna” izango da. Zergatik “etorkizuna”? Biharko eguna gaur hasten dela esan nahi duelako. “Etorkizuna”, oraindik ere lana egiteke dagoelako, baina proposamen errealistak barne hartzen dituen proiektu bat ere badagoelako, hain zuzen ere lan gehiago eta hobea sortzeko, industria sendotzeko, ekintzailetza bultzatzeko, gizarte-babesa hobetzeko eta bakea finkatzeko asmoa duen proiektu bat. “Etorkizuna” gure herri-proiektuaren horizonte naturala delako, autogobernua ongizatearen ibilgailua eta gure bizi-kalitatearen mantentzearen eta hobekuntzaren bermea delarik. “Etorkizuna”, hori baita bertan bizi-proiektu bat eraiki nahi duten milaka gaztek eskatzen dutena. “Etorkizuna”,  Euskadin bizi diren pertsona guztien bizitza jokoan dagoelako. “Pertsona guzti-guztientzako etorkizuna dagoela uste dugulako. Eta inor ere atzean utzi gabe  eraiki nahi dugu etorkizun hori”, esan du irailaren 25eko kanpainaren arduradun nagusiak.

Aurrekoetxeak argi utzi nahi izan du EAJ-PNVk kanpaina xumea egingo duela, hurbila, zuzena eta jendearen nekearekiko koherentea, hain zuzen ere kanpo eraginen ondorioz euskal jendartearen zati batek politikaren zenbait alorrekiko adierazten duen akidura. “Estatu Espainiarrean dagoen blokeoaren eta desadostasunaren testuinguru politikoa ezagutzen dugu, hemen ere eragina duena, eta euskal gizartea gogaitu eta aspertzen duen hirugarren hauteskundeetara joateko benetako arriskuaren aurrean, hauteskunde-kanpaina xumea, argia eta zuzena aurkeztu nahi dugu.  Kanpaina horrek aurten ikusi dugun ikuskizun-politikarekin alderatzeko balio izango du. Kanpainak, handikeriarik gabe, herritarra bilatuko du, berarekin bizi dugun uneaz hitz egiteko, hau da, Euskadi bizitzen ari den une erabakigarrirako proiektu argi eta indartsua egoteko beharraz: sufrimendu handia sortu duen krisi berdingabetik irteteko unea da, eta aurrera egiten eta herria egiten jarraitzeko ideien eta proiektu koherente eta sendo baten beharra du. Horregatik, ez dugu kanpotik begiratu eta ondorioen zain egon nahi, batzuek egon nahi duten lekuan. Kanpaina garbi bat nahi dugu, bakoitzak bere proposamenak aurkezteko eta herri honentzako proiektua duela erakutsi ahal izateko", adierazi du burukideak.

PARTEKATU