Aitor Estebanek salatu du Madrilgo politika “vadeuville” bihurtu dela eta berriz azpimarratu du EAJ-PNVk ‘ezetza‘ emango diola Rajoyri lehen eta bigarren hautespen aldian

Bozeramaile jeltzaleak PSOE eta Podemosen estrategia salatu du EAJ alderdi ideologikotik PPrengandik hurbil dagoen alderdi gisa aurkeztu dutela ikusita: “Ez dakigu zertara ari diren, baina nekatuta gaude, nazkatuta”.
eaj, pnv, congreso, audiencia, rey, felipe vi, ron
27 Uztaila 2016 | Kongresua

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko EAJ-PNVren bozeramaileak gaur salatu du Madrilgo politika “antzerki eta vadeuville” bilakatu dela “intoxikazio eta faltsukeria” asko egiten direlako “titular bat irabaztearren”, eta alderdi politikoei eskatu die “etorkizunera begirako ikuspegi zabalagoa” izatea.

Felipe VI.a Erregearekin, Zarzuela Jauregian, alderdi politiko ezberdinekin Espainiako gobernuko presidenterako hautagaia proposatzeko hasi duen errondaren barruan izandako bileran, Estebanek gaur egungo eszenatoki politikoaz esan du oraingo egoera duela sei hilabete hauteskundeak errepikatzera eraman zuena baino “okerragoa eta konplikatuagoa” dela, eta “argi eta garbi eta sendotasun osoz” adierazi nahi izan du EAJ-PNVren jarrera: bost diputatu jeltzaleek ‘ezetza’ emango diote Mariano Rajoyri inbestidura saioan aurkezten bada, eta lehen eta bigarren bozketan berdin bozkatuko dutela esan du.

Zentzu berean, Estebanek PSOE eta Podemos taldeen “estrategia” kritikatu du EAJ PPren orbita ideologikoaren inguruan kokatu nahi izan dutelako. “Nekatuta gaude, nazkatuta. Zer behar dute, besteok abstentzioa bozkatzea beren lotsaizunak ezkutatu ahal izateko?” galdetu du. “Bakoitzak dagozkion erantzukizunak bereganatu behar ditu baina ez dakigu ezkerreko alderdiak zertara ari diren. PSOEk eta Podemosek benetako alternatiba nahi al dute gure botoak behar dituztenean eta antzekotasun ideologikoei buruz esaten ari direna esanda? Ematen du nahi dutena dela datorren asteko titularra irabaztea, eta bien bitartean ateak ixten ari dira” ezarri du Estebanek. EAJ-PNVko bozeramaileak era berean esan duenez “jeltzale eta sozialistek koalizio gobernuak partekatzen ditugu hiru foru aldundietan eta EAEko Herrialde Historikoetako hiru hiriburuetan; suspertze ekonomikorako, enplegua sortzeko, zergak aldarazteko, iruzurraren kontrako borrokarako eta Euskal administrazioa modernizatzeko akordioa izenpetu dugu, eta akordio hau 2013tik 2016ra arte doa; EAEko azken hiru urteotako aurrekontuak onartu ditugu…. Eta orain diote alderdi ideologikotik PPrengandik hurbil gaudela?” esan du ironiaz.

PSOE eta Podemos taldeetako buruek azken egunotan egin dituzten salaketei erantzuteko, Aitor Estebanek behin eta berriz esan du PPrekin ez dagoela inolako akordiorik: “Esan genuen Mariano Rajoyrekin, Moncloan, hile hasieran batzartu ginenean: PPren aldetik jarrera aldaketa eman behar da, aldaketa eman behar da politika egiteko moldeetan, elkarrizketarako jarrera eman behar da eta ez gauzak indarrez konpontzeko, azken lau urteotan egin izan duen moduan. PPk eta Rajoyk Euskadirekiko, euskal erakundeekiko eta euskal autogobernuarekiko duten jarrera aldatu ezik, EAJrekin ez da inolako akordiorik izango” baieztatu du.

Era berean, parlamentuan ordezkaritza handiena duten alderdiei eskatu die “dagokien erantzukizuna beregana dezatela eta bakoitzak ondoen irizten duen bezala jardun dezala, baina erabakiak har ditzatela ondokoak beraiei dagozkien lanak egin gabe, erabaki dezatela Espainian Gobernua egongo ote den ala hirugarren hauteskundeak egin beharko ote diren” .

Amaitzeko, eta EAJ-PNVren aldetik ohikoa den bezala, Aitor Estebanek ez du iruzkinik egin Felipe VI.arekin izandako topaketaren inguruan. Esan duen gauza bakarra izan da “oso ondo informatuta” dagoela, “beti bezala” .

PARTEKATU