“E-26an aukera daukagu euskal herritarrok gure bidea zein den erakutsi eta Madrilen aurrean gure erabakiak errespetarazteko”

Lehen urtearen balantzean, Gipuzkoako EAJ-PNVk azpimarratu du egoera desblokeatu eta lurraldea aurrera egiten ari dela.
“E-26an aukera daukagu euskal herritarrok gure bidea zein den erakutsi eta Madrilen aurrean gure erabakiak errespetarazteko” IKUSI BIDEOA
28 Maiatza | GBB

Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, Joseba Egibar, ekainaren 26ko hauteskundeen garrantziaz mintzatu da, euskal gizarteak aukera izango duelako “ezberdintasunak nabarmendu eta gure erabakiak Madrilen errespetatuak izan daitezela eskatzeko”. Aurreratu duenez, hauteskunde “konplexuak” izango dira ekainekoak lau alderdiren porrotaren ondorioz errepikatuko direlako. Ildo horretan, defendatu du badela politika egiteko beste modu bat, EAJ-PNVrena, alegia, eta gogoratu du “Espainiako politikan ez galtzeko” bere alderdiak euskal agenda deritzona sortu duela.

Egibarrek gogoratu du Euskadiko politikariek ibilbide orri zehatza daukatela Madrilen, eta haien zeregina dela “euskal erakundeak, kontzertua eta Nafarroako hitzarmena bezalako tresnak defendatzea”. Gainera, jakinarazi du bere alderdiko ordezkariek posizio propioa daukatela eskubide sozial eta ekonomikoen defentsan –Euskadiko gizarte babes sistemaren bidez-, bai eta bakea eta bizikidetza lortzeko bidean. Zentzu honetan, espetxe politika erabat aldatzeko eskatu du beste behin ere, salbuespen egoerarekin amaitu eta birsozializazioa eta bergizarteratzea lortzeko. “Hamaika gai defendatuko ditugu Madrilen. Posible da aurrera egin, gaiak zehaztu eta arazoak konpontzea, baina, tamalez, alderdi batzuen gaitasun eza eta alderdikeriengatik gai asko blokeatuta daude. EAJ-PNV da ezberdintasuna nabarmentzeko bide egokiena”, azaldu du.

Adierazpen hauek hauteskundeak izan zirela urtebete igaro denean EAJ-PNVk antolatu duen lan jardunaldiaren ostean egin ditu burukide jeltzaleak. Saio horretan alkate eta ordezkari jeltzale ugari bildu dira eta guztiek azken urteko gestioaren balantza oso positiboa egin dute. Hori lortzeko, Egibarrek adierazi du ezinbestekoak izan direla “konfiantza, desblokeoa eta aurrera egitea” bezalako zenbait kontzeptu.

GBBko presidenteak defendatu du badirela bere alderdia besteengandik ezberdintzen dituen zenbait alor. Esaterako, “EAJ-PNVk giza eskubideekiko beti, inongo etenik gabe, izan duen konpromiso etiko, politiko eta demokratikoa”. Politika egiteko moduak ere ezberdintzen du Euzko Alderdi Jeltzalea, “inoiz ez baitu demokraziaren bidezidorrik hartu eta demokrazian baleko diren armak bakarrik erabili baititu, hau da, hitza, herritarrak konbentzitzen saiatzea eta herriaren hitza”.

EAJ-PNVren beste adierazgarri bat da pertsona ekintza guztien erdian kokatu izana. “Pertsona EAJ-PNVren ekintzaren ardatz”, laburbildu du Egibarrek, eta jarraian aurreratu du Euskadiko babes sistema mantentzeko beharrezkoa dela gogoeta egitea belaunaldien arteko solidaritateari buruz. “Egungo eskubideak mantentzeko zorra handitzen badugu hurrengo belaunaldiek ez digute barkatuko. Beharrezkoa ez dena alde batera utzi beharko dugu beharrezkoa dena guztiek eduki dezaten”, argudiatu du.

Azkenik, Euskadiren garapen politikoaz mintzatu da eta balorean jarri du EAJ-PNVk hartutako bidea: “Proposamen zehatzak egiten ditugu, ibilbide argi eta frogagarriekin erabakitzeko eskubidean aurrera egin ahal izateko”, zehaztu du.

“Ezaugarri horiei guztiei esker dauka EAJ-PNVk lider izan eta proposamenak egiteko gero eta ahalmen handiagoa. Eta hori gipuzkoarren eskutik egin nahi dugu aldaketa haien eskutik ailegatu delako”, ondorioztatu du.

Ildo beretik jo dute Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Donostiako alkateak, Eneko Goiak, lurralde osoan eman den aldaketaz mintzatu direnean. “Gipuzkoarrek eskatu zuten aldaketa nabaritzen da jada gauzak egiteko moduan, erakundeekiko konfiantzan eta herritarrekin izaten ari garen harremanean”, zehaztu du Goiak. Halaber, aurreratu du datozen hiru urteetan jasoko direla azken urte honetako desblokeoaren fruituak.

Olanok, bestalde, jakinarazi du Aldundiak Gipuzkoa indartzeko erronkari eusten diola, eta, berdintasuna bultzatu, langileen parte hartzea sustatu, gizartearen zahartzeari irtenbidea bilatu eta enpresen lehiakortasuna bultzatzeko jorratzen ari diren zenbait lan ildo aipatu ditu. “Beharrezko da Herri honetan gogoetatik ekintzetara igarotzea eta guk lider izateko bokazioa daukagu”, ondorioztatu du.

 

 

PARTEKATU