EBBren Arlo Instituzionalaren burukide arduradunak EAJ-PNVren eskuzabaltasuna aldarrikatu du, zegozkion hamar eserlekutik hiruri uko egin diolarik Euskadiko Udalen Elkartean “indar politiko guztien presentzia eta parte hartzea ahalbidetzeko”
Euskal Autonomi Erkidegoko udaletan ordezkaritza duten talde politiko guztiek izenpetu eta aurkeztu dute gaur EUDEL erakundearen zuzendaritza aukeratzeko aurkeztu den hautagaitza bateratu eta bakarra. Akordio integratzaile hau ofizialki aurkeztu dute gaur eguerdian Euskal Udalen Elkartearen egoitzan, eta berretsia izango da datorren astelehenean, maiatzak 16, Gipuzkoako Elgoibar udalerrian ospatuko den ezohiko batzarrean.
Akordio bateratzaile honek –euskal udalen historian adostu den lehena izanik– talde politiko guztiek zuzendaritza organoetan egotea ahalbidetuko du. EAJ-PNVk ordezkaritza handiena duen alderdia den aldetik, 15 ordezkaritik 7 izango ditu Euskadi mailako exekutiban. Hauen artean egongo da Imanol Landa, Getxoko alkate eta EUDELen presidentea, presidentziarako hautagai bakarra izango dena. EH Bilduk lau eserleku izango ditu –presidenteorde bat barne–; Alderdi Sozialistak bi kide izango ditu –presidenteorde bat barne– eta Alderdi Popularrak eta Talde Independenteek ordezkari bana izango dute.
Berriki onetsi diren estatutuek ezartzen duten ordezkaritzaren arabera eta gobernatzen diren alkatetza kopuruari dagokionez, EAJ-PNVk (120 alkatetza) Exekutibaren hamabost eserlekuetatik hamar beregana zitzakeen, EH Bildurentzat hiru izango ziren eta PSEk eta Independenteek bana izango zuten. Dena dela, integrazioa helburu eta ahalik eta adostasun mailarik handiena lortzeko borondateak gidatuta, jeltzaleek zegozkien hiru eserleku laga dituzte PPri (hiru alkatetza) parte hartzea ahalbidetzeko eta beste aukerei (EH Bildu eta PSE) ikusgarritasun handiagoa emateko.
Lortu den akordio honek ere herrialde mailako batzordeak ukitzen ditu. Araban, EAJ-PNVk bost ordezkari izango ditu, bi EH Bildukoak, bat PSEkoa eta beste bat talde independenteen ordezkari gisa. Gipuzkoan, EAJ-PNVk bost ordezkari izango ditu herrialde exekutiban, EH Bilduk hiru izango ditu eta bat PSEk .
Koldo Mediavilla, Euzkadi Buru Batzarraren arlo instituzionalaren arduradunaren esanetan, “akordio berri honek agerian uzten du Euskadin hitz egiteko eta elkarrekin lan egiteko dagoen borondatea. EUDELen estatutuak eta Udal Legea onartzeko adostu diren akordioen ondoren, Euskal Udalen Elkarteari bultzada berria ematea proposatu genuen aniztasuna finkatuz eta erakundearen erabilpen politikoa murriztuz. Garrantzitsuena da euskal udalak ondo ordezkatuta egotea eta kudeaketatik erator daitezkeen arazoen aurrean ondo defendatuta daudela senti dezatela. Horregatik nahi izan dugu EUDEL erakundean denak izan daitezela, PPtik hasita eta EH Bilduraino, elkarren artean esparru politikoan egon daitezkeen ezberdintasunetatik harago, erantzukizuna eta lana parteka dezagun Euskadiko udalerrien mesedetan”.
“EAJ-PNVri moldatzea tokatu izan zaio”, esan du Mediavillak, “baina borondatez eta uste osoz egin dugu. EUDEL erakundean indar politiko guztien presentzia eta parte hartzea ahalbidetzea ona izango da Herri honentzat, bereziki udalentzat, eta politikan argi izan behar dugu inportanteena denon ongia dela. Horri zor diogu alderdiok eta halakoetan helburu baten mende egon behar dugu. Oraingo honetan, hala izan da eta aipagarria da denok, EAJ-PNVk, EH Bilduk, PSEk eta talde independenteek erakutsi duten erantzukizuna. Beste behin ere, erakutsi egin dugu ezberdinen arteko akordioa egingarria dela Euskadin. Egingarria eta beharrezkoa”, amaitu du.