Zornotzako 50 ikasle baino gehiago izan dira mugikortasun arduratsuari buruzko jardunaldi batean

Ikasleek Amorebieta-Etxanoko egoera aztertu zuten eta herritarren eguneroko ekintzek inguruan uzten duten arrastoa ikusi
Zornotzako 50 ikasle baino gehiago izan dira mugikortasun arduratsuari buruzko jardunaldi batean
27 Apirila | AMOREBIETA-ETXANO

Tokiko Agenda 21 programan antolatutako ekintzen barruan, Amorebieta-Etxanoko ikastetxeetako 50 ikaslek baino gehiagok (Urritxe Institutua, Larrea LHI, El Carmelo Ikastetxea, Karmengo Ama Ikastetxea, Andra Mari Ikastola eta Lauaxeta Ikastola) parte hartu zuten aurreko astean Mugikortasun Arduratsuari buruzko jardunaldi batean. Bertan Amorebieta-Etxanoko egoera aztertu zen eta herritarren eguneroko jardunak inguruan uzten duen arrastoa ikusi zen.  

Mota honetako bisitek, bi egiten dira ikasturteko, helburu bi dituzte: batetik aukeratutako gaiari buruz gogoeta egin Eskolako Agenda 21 programaren barruan eta, bestetik, ikasleen eta udal arduradunen artean elkarrizketa bide bat sortu.

Mugikortasun iraunkorrari buruzko plan on bat egin ahal izateko, ikasleek otsailean herriaren diagnosi bat egin zuten mugikortasunari buruz.  Horretarako, ikastetxe bakoitzaren inguruak aztertu zituzten, gero nola hobetu daitekeen hausnartzeko.

Amaia Lizaso zornotzarraren hitzaldi bat izan zuten. Honek ingurumena ondo ezagutzen du eta hainbat tresna eman zizkien gure mugitzeko erak inguruan uzten duen arrastoa ulertzeko.  Beraien ohiturak aldatu eta, denon artean, herri berdeago bat, bizikleta garraiobide bezala erabiltzen duena eraikitzera animatu zituen.

Anartz Gandiaga, Hirigintza zinegotzia eta udaleko beste teknikari batzuk ere izan ziren jardunaldian.  Gandiagak Udalak mota honetako mugikortasuna sustatzeko martxan jarritako hainbat neurri azaldu zituen, nola lehentasuna eman oinezkoari herriaren erdigunea diseinatzerakoan, bidegorriak egitea, auzotaxi zerbitzua, etab.

Ikasleak berriro maiatzaren 26an bilduko dira ikasturte osoan zehar egindako lana partekatzeko eta aurkeztuko dituzten konpromiso eta proposamenak adosteko.

PARTEKATU