Ertzaintzak terrorismoaren kontrako informazio foroetan parte hartzea eskatu du EAJk Europako Kontseiluan

Jokin Bildarratz senatariak gaitzetsi egin du “interes politikoak elkarrekin gauzatu beharko genituzkeen estrategien aurretik jartzea”.
Ertzaintzak terrorismoaren kontrako informazio foroetan parte hartzea eskatu du EAJk Europako Kontseiluan
22 Apirila | Senatua

EAJren senataria den Jokin Bildarratzek terrorismo islamistaren aurka lan egiteko Estatu mailan sortzen diren elkarlanerako, komunikaziorako eta informaziorako foro guztietan Ertzaintzak ere parte har dezala eskatu du Europako Kontseiluko Batzarrean. Kontseiluko kide moduan, Bildarratzek Inteligentziako Bulego Nagusiak     -Ertzaintzak terrorismoaren aurka lan egiteko duen unitateak- islamismo erradikalari aurre egiteko prestatu duen Plan estrategikoan egindako eskaera helarazi du batzar nagusira.

Emanuelis Zingeris aztertzaileari  bere txostenean delitu mota hauetan eskumena duten eta esperientzia handia duten polizia erregional integralak baztertzeko aukerarik ez dezala utzi eskatu dio Bildarratzek. Bozeramaile jeltzaleak goraipatu egin du Ertzaintzak Euskadin terrorismoaren aurka egindako lana, Estatuko gainontzeko poliziekin batera.

Zentzu honetan, gaitzetsi egin du “terrorismoari aurre egiteko elkarrekin, banaketarik gabe, gauzatu beharko genituzkeen estrategien aurretik interes politiko gaiztoak jartzen dituzten pertsonak egotea”. Hori dela eta, Polizia Autonomikoak atzerriko inteligentzia zerbitzuekin kontaktuak izan ditzan aukera ematea eskatu du.

Azkenik, herritarren sentsibilizazioa lantzera ere deitu du, “oso garrantzitsua delako gurekin bat egin dezatela, terrorismoaren aurka eraginkorragoak izan gaitezen hartu beharko ditugun neurriak uler ditzaten”.

PARTEKATU