Bizkargiko tontorretik Ortuzarrek euskal emakume eta gizon guztiak deitu ditu bihar Aberri Eguna ospatzera

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak pozik hartu du mundu ez abertzalearen zati batek ere bihar Euskal Aberriaren egun handia ospatuko duelako albistea
Bizkargiko tontorretik Ortuzarrek euskal emakume eta gizon guztiak deitu ditu bihar Aberri Eguna ospatzera
26 Martxoa 2016 | EBB

Andoni Ortuzar, Euzkadi Buru Batzarraren presidentea, Bizkargi mendira igo da gaur eta euskal emakume eta gizon guztiei luzatu die bihar Aberri Eguna, Euskal Aberriaren egun handia ospatzeko gonbidapena. EAJ-PNVren 300 bat alderdikide eta lagunekin batera, Ortuzar Guda Zibilean erori ziren gudari guztiak gogoratzeko elizkizun laburrean izan da eta jarraian ikurrina altxatu du denon aurrean eta Euzko Abendaren Ereserkia abestu duten bitartean. Ondoren, bertaratu guztiek hamaiketakoa partekatu dute eta indarberrituta Bizkargitik jaitsi dira.

“Bizkargira igo gara, lehenengo eta behin, hemen, burdin hesian erori ziren gudariak omentzera. Halaber, honaino igo gara, Euskal herriaren zati handi bat ikusten den tontor honetara, euskal hiritar guztiak deitzera, bereziki abertzaleak, bihar Aberri Eguna ospa dezaten”, esan du EBBren presidenteak. Ortuzarrek gogoratu du EAJ-PNVk bihar Bilboko Plaza Barrian 11:30etik aurrera ospatuko duela Aberri Eguna, eta ondoren, Bilboko Areatzan, ospakizunarekin jarraituko dutela. Hori guztia gogoratuta ere, herritar guztiak gonbidatu ditu Bilbon, Donostian, Iruñean eta edozein tokitan Aberri Eguna ospatzeko egingo diren ekitaldi guztietan parte hartzera.

Jeltzaleen buruak esan duenez, EAJ-PNVren emakume eta gizonentzat “Aberri Eguna ospakizun eguna da, baina baita aldarrikapen eguna ere bai. Guk bihar ospatuko dugu eta Euskadiri bultzada berria eman behar zaiola gogoratuko dugu. Bultzada berria euskal autogobernuari. Bultzada berria oinarri sendoetan finkatuta dagoen autogobernuari. Lehenengo oinarria da Euskadi nazioa dela aitortzea, eta nazioa den heinean eskubide politikoak dituela, bere etorkizuna askatasun osoz erabakitzeko eskubidetik hasita. Eskuduntza material batzuk izateaz gain, Euskadik Estatuarekin duen harremanak ere oinarri berriak izan behar ditu. Harreman hau ezin da orain artekoa bezalakoa izan , aldebikotasunean oinarritu behar da, berdinen arteko harremanean”.

Ortuzarri galdetu diote Podemos taldeak bihar, lehen aldiz, Aberri Eguna ospatuko duelako albisteaz. “Pozik hartzen dugu mundu ez abertzaleak ere Aberri Eguna ospatuko delako albistea. Egun hau euskal hiritargo osoaren eguna da. Batzuek ospatu egiten dugu eta aldarrikatu egiten dugu euskal aberrian eraikitzeko dagoena. Guretzat, Aberri Eguna eta Euskadi gauza bera dira, elkartuta daude. Aberriaren Eguna ezin dugu ulertu Euskadi gure aberria delako aldarria egin gabe. Zail egiten zaigu pertsona batzuek nazio bi izatea, baina denon ikuspuntuak errespetatzen ditugu”, erantzun du.

PARTEKATU