Telleria: “Erabateko babesak menpekotasunei buruzko legearen eraginkortasuna indartuko du. Legeak osasuna babestuko du eta menpekotasunei aurre egingo die”

Osasun eta Kontsumo Batzordeak ontzat eman du lege-proiektua aztertu duen Lan Taldeak egindako txostena. Legeak azken pausoa eman du, goiz honetan. Apirilean Osoko Bilkurak onartuko du
Telleria: “Erabateko babesak menpekotasunei buruzko legearen eraginkortasuna indartuko du. Legeak osasuna babestuko du eta menpekotasunei aurre egingo die”
23 Martxoa | Eusko Legebiltzarra

“Borondatea dagoenean, akordioa posible da, eta horrela izan da lege-proiektu honekin”. Luis Javier Telleria EAJ-PNVko legebiltzarkideak nabarmendu du legebiltzar-taldeek lortutako adostasun-maila. “Izugarrizko lana egin dugu Eusko Jaurlaritzak bidalitako testua aurrera eramateko, baita gainerako taldeek ere. Ahalegin hori eskertzen dugu eta gure poza azaltzen dugu. Erabateko babesa beharrezkoa da legearen helburuak eta eraginkortasuna indartzeko. Izan ere, araudia ezinbestekoa da osasuna babesteko, eta menpekotasunei aurre egiteko”. Ildo horretatik, ordezkari jeltzaleak azpimarratu duenez, Legea hobetu egin da talde guztien borondateari esker. “Guztien zuzenketak jaso ditugu, guztiekin adostu dugu, eta horrek araua aberasten du”

Menpekotasunen prebentzioa da Legearen helburu nagusia, beti ere, gizartean jokabide osasuntsuak bultzatzen. Adikzioak hartu dira osasun publikoaren gai bat bezala eta adin gabekoei arreta nagusia jarri zaie, baita kolektibo ahuldunei ere.

“Estrategiarik onena prebentzioa dela kontuan hartuta, arazoaren muina aztertuko da bere kausari garrantzia ematen, baina bere ondorioak ahaztu gabe. Kalteak eta eskaintza murriztu behar dira”, adierazi du Telleriak. Araudi berri honek baliabide eta ezagutza guztiak eskaintzen ditu menpekotasunak prebenitzeko eta osasuna hobetzeko. Legebiltzarkide jeltzaleak ponentzian esan duenez, ikuspuntu integral batekin egiten du eta kaltetuak izan daitezkeen esparru guztietan eragina izaten: familia, enplegua, ikastetxeak eta gizartea bere osotasunean.

Menpekotasunei buruzko Legeak, gaur, azken tramitea gainditu du Legebiltzarrean. Osoko Bilkurak apirilean onartuko du.

 

PARTEKATU