EAJ-PNVk Espainiako Gobernuari eskatu dio ez dezala babestu EBk Turkiarekin duen errefuxiatuei buruzko aurreakordioa

EAJ-PNVko legebiltzar-taldeak Europa “solidarioa eta irekia” eskatu du, erantzun eraginkorra emateko gerra-gatazkatik ihes egiten duten milaka pertsonei.
EAJ-PNVk Espainiako Gobernuari eskatu dio ez  dezala babestu EBk Turkiarekin duen errefuxiatuei buruzko aurreakordioa
16 Martxoa | Eusko Legebiltzarra

EAJ-PNVk Mariano Rajoy jarduneko presidenteari eskatu dio Turkiarekin errefuxiatuei buruz adostutako aurreakordioa ez dezala babestu. Ankararekin adostutako akordioak bere gain hartzen du Turkiara deportatzea bertatik Europar Batasunera heldutako etorkin guztiak, babesa eskatzen duten siriarrak barne.

Europar Batasuneko estatuburuak ostegun eta ostiral honetan batzartuko dira. Juan Carlos Ramirez-Escudero legebiltzarkideak Espainiako Gobernuari eskatu dio hitzarmen hori ez onartzeko. “Iraingarria eta lotsagarria da etsita atejoka datozkigunei EBk emandako erantzuna. Europa elkartasunean, lankidetzan eta giza-eskubideen errespetuan oinarritutako bere sustraiak traizionatzen ari da”. Ramirez-Escuderoren hitzetan, “akordioak giza-eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmen guztien kontra egiten du. Atzerritarren kanporatze kolektiboa debekatzen dute Europako eta nazioarteko arauek”.

EAJ-PNVk EBko agintariei eskatu die oinarri humanitarioei erantzun orokorra eman diezaieten. “Pertsonak dira helburu, eurak behar bezala zaintzea, beren duintasuna eta giza-eskubidetariko errespetua kontuan hartuta”, nabarmendu du ordezkari jeltzaleak.

Legebiltzar-taldeak, hurrengo orduetan, adierazpen instituzional bat adosten saiatuko dira, Eusko Legebiltzarra EB-Turkiaren arteko akordioaren kontra eta errefuxiatu guztiei bere babesa eskaintzen agertze aldera.

PARTEKATU