EAJk 1976ko martxoaren 3an izandako gertakarietako biktimei behar den onarpena egitea eskatu dio Estatuari

Senatuko Justizia Batzordean aurkeztutako mozio baten bitartez, biktima hauek beste biktimek dituzten baldintza berdinekin onar ditzala eskatu dio Gobernuari; eta Senatuari, gertakari haiek gaitzetsi ditzala
EAJk 1976ko martxoaren 3an izandako gertakarietako biktimei behar den onarpena egitea eskatu dio Estatuari
11 Martxoa 2016 | Senatua

Euzko Abertzaleak EAJ-PNV Taldeak mozioa aurkeztu du Senatuko Justizia Batzordean Goi Ganberak Gasteizen 1976ko martxoaren 3an izandako gertakarietako biktimei behar den onarpena egitea eska diezaion Estatuko Gobernuari; hain zuzen ere, dagokien onarpena eta erreparazioa ematea, beste biktimek dituzten baldintza berdinekin eta inolako bazterketa edo hierarkiarik gabe.

Jeltzaleen eskari honen bitartez, joan den ostegunean Eusko Legebiltzarrak aho batez onartutako erabakia helarazi zaie Gorte Nagusiei. Egun horretan, hain zuzen ere, 40 urte bete ziren ‘Gasteizko Sarraskia’ gertatu zenetik, polizia armatuak bost langile hil eta beste ehunen bat zauritu zituen egunetik. Talde jeltzaleak gogoratu duenez, gaur egun oraindik ez da ezagutzen gertakari haiek argituko dituen ikerketa seriorik egin denik, nahiz eta giza eskubideen arloan diharduten nazioarteko erakunde eta kolektibo askok horretarako eskaera askotan egin duten.

EAJren ordezkariek eskatu dute, baita ere, Espainiako Senatuak biktimekiko elkartasuna adierazi dezan, gertakari haiek gaitzetsiz eta aipatutako kolektiboek daramaten ildo berari jarraituz pertsona hauek bi aldiz biktima izaten jarrai ez dezaten: aipatutako gertakariengatik eta haien erantzuleek azken 40 urteotan izandako zigorgabetasunarengatik.

 

PARTEKATU