EAJ-PNVk ezetza bozkatuko du inbestidura bilkuran eta beste oinarri batzuen gainean eraikitako elkarrizketa prozesu berria eskatuko du

Euzko Alderdi Jeltzalearen ezaugarririk behinenak izan dira akordioak bilatzeko borondatea, erantzukizun politikoa eta erakundeei eman zaien babesa. Jarduera lerro hau izan da Espainiako Gobernuko hurrengo presidentearen inbestidurarako ireki den prozesuari begira jarraitu duen, jarraitzen ari den eta jarraituko duena.
EAJ-PNVk ezetza bozkatuko du inbestidura bilkuran eta beste oinarri batzuen gainean eraikitako elkarrizketa prozesu berria eskatuko du
01 Martxoa | EBB

Iragan abenduaren 21az geroztik gaur arte, muturreko planteamenduetan oinarritutako ariketa politikoaren, mugimendu taktikoen eta jarrera politiko handizkatuen lekuko izan gara. Horren guztiaren emaitza denok ezagutzen dugun porrota izan da, eta porrot horrek eragotziko du bihar Pedro Sánchez hautagaiaren inbestidura bozketak aurrera egitea.

Bozketa horretan ezezko botoa emango dugu. Ez dugu bat egiten, oro har, alderdi ezberdinen arteko elkarrizketa bideratzeko erabili diren moldeekin, eta gure etsipena adierazteko beharra sentitzen dugu EAJrekin ez delako egin PSOEk akordioa lortu duen beste alderdiekin egin den ahalegina, ez intentsitatean ezta borondate politikoan ere. EAJk negoziaketa prozesuan ‘euskal agenda’ txertatzeko adierazi duen asmoak ez du hautagaiaren eta bere taldearen behar besteko gutxieneko erantzuna jaso. Euskadirekiko konpromisorik ezaren erakuslerik onena da ia ehun minutuko hitzaldian behin ere ez duela euskal auzia aipatu. Hasiera batean elkarrizketarako erakutsi zen jarrera ona, aintzat hartzen eta estimatzen duguna, ez da geroko fase erabakigarrian berretsi. Seguruenik, beste indarrekin aurretiaz lortutako akordioek eragotzi diete gurekin negoziaketa askeagoari ekin ahal izatea.

Edozein kasutan, EAJk zabalik uzten ditu elkarrizketa, negoziaketa eta, egingarria balitz, akordiorako ateak. Gure esperientzian oinarrituta, apaltasun osoz uste dugu martxoaren 5etik aurrera aldi politiko berria ireki beharko litzatekeela, porrot egin duen honek sostengu izan dituenez besteko oinarri politikoen gainean eraikia. ‘Marra gorri’ gutxiago izan beharko lituzkeen oinarriak, hitz egiteko borondate handiagoarekin, prentsaurreko gutxiagorekin eta aurretiaz elkarren artean paper gehiago trukatuta. Eta, batez ere, gaur egun –gustuko izan ala ez– espainiar Estatuari planteatzen zaizkion arazoak ukatu eta baztertu gabe, herrialde egituraketari dagokionetik hasita.

PARTEKATU