Lehendakari Urkullu: "Hurrengo belaunaldiak herrialde garatuagoa izatea da nire konpromisoa eta ilusiorik handiena"

Euskadi-Basque Country 2020 Belaunaldia izeneko hitzaldia eskaini du lehendakariak.
Lehendakari Urkullu:
29 Otsaila | Berria

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du hurrengo belaunaldiari herrialde garatuagoa uzteko «konpromisoa» duela, eta hori dela «bere ilusiorik handiena». Halaber, beharrezkoa iruditzen zaio prozesu horretan gazteek «aktiboki parte hartzea» eta lidergoa bere gain hartzea. Lehendakariaren iritzian, Euskadik bermatuta du belaunaldia berritzeko prozesua arrakastaz betetzea, eta funtsezkoa da kolektibo horrek esku hartzea.

Deusto Business Alumnik Deustuko Unibertsitateko liburutegian antolatu duen «Euskadi-Basque Country 2020 Belaunaldia» hitzaldian egin ditu adierazpenok, Eusko Jaurlaritzako sailburuak lagun zituela. Euskadiren helburuak eta konpromisoak azaldu ditu hitzaldian, datozen bost urteei begira.

Milioi bat pertsona enplegatzea, langabezia-tasa % 10etik beherakoa izateko, eta Euskadiko per capita aberastasuna Europako batez bestekoarekiko % 125etik gorakoa izatea aipatu ditu Urkulluk, besteak beste. Lehendakariak, halaber, funtsezko helburutzat jo du euskal herritarrek berretsi beharko duten etorkizuneko estatus berria adostea, eta adostutakoa aldeek betetzea.

Lehendakariak gogorarazi duenez, helburu horiek Euskadi gazteekin konprometituta dagoelako seinale dira. Izan ere, gazteek zeresan handia izan behar dute herrialdea berritzeko eta eraikitzeko prozesuan, eta horren liderrak izan behar dira. «Hurrengo belaunaldiak, euskal gazteek, herrialdean etorkizuna izatea eta garapenean aktiboki esku hartzea da nire ilusioa», ziurtatu du.

Horretarako, Urkullu talentuaren eta lan profesionalaren alde agertu da, horretarako hezkuntza, ikerketa eta berrikuntza teknologikorako gaitasuna hobetuta. Era berean, euskal enpresen transformazio-prozesuari eustea defendatu du, aberastasun-iturri izan daitezen aurrerantzean ere. «Gazteen ekarpena funtsezkoa da, eta enpresak ohartu behar dira gazteei lana ematea egokitzapen teknologikoa gauzatzeko eta merkatu globalean hazteko aukera izatea dela», gaineratu du. Azkenik, azpimarratu du Euskadiren garrantzia ulertzeko, Estatuan eta Europan duen lekuari erreparatu behar zaiola.

EUSKADIREN INTERESEN DEFENTSAN

Hitzaldi horretan, Estatuko egoera politikoa ere hizpide izan du lehendakariak. Gogora ekarri du Jaurlaritzak arduraz jokatu duela, muzin egin dionez marra gorrien gainean hitz egiteari eta euskal agenda defendatu duenez. Eusko Jaurlaritzak Euskadiren interesen alde lanean jarraituko duela berretsi du, betiere egonkortasuna eta gobernagarritasuna babesteko prest egonik.

Iturria: Irekia

PARTEKATU