Lehendakaria, botere-abusuagatik nahiz polizia-indarkeriaren legez kanpoko erabilerarengatiko urraketen biktimei egindako lehen errekonozimendu instituzionalaren buru

Eusko Jaurlaritza Lege berri bat izapidetzen ari da, 1978 eta 1999 bitartean izandako kasuen errekonozimendua egiteko.

Lehendakaria, botere-abusuagatik nahiz polizia-indarkeriaren legez kanpoko erabilerarengatiko urraketen biktimei egindako lehen errekonozimendu instituzionalaren buru 20Otsailak
2016
2016 OtsailaK 20 |
Berria

PARTEKATU

Iñigo Urkullu Lehendakariak 107/2012 Dekretuko biktimei errekonozimendua egiteko ekitaldi baten buru izan da gaur, Donostiako Kursaalean. Dekretuari esker, 187 pertsonari aitortu zaio botere-abusuengatik edota polizia-indarkeriaren legez kanpoko erabilerarengatik eragindako giza eskubideen urraketen biktima izaera. Lehendakariak adierazi duenez, biktimek pairatutakoa “sufrimendu bidegabea izan zen eta ez zuen inoiz gertatu behar izan”. Ehun pertsonatik gora batu diren aretoan, Lehendakariak zera adierazi du: « etorkizunean ez da berriro gertatu behar, sekula ez, helburu politiko edo Estatu-arrazoiren bat, giza eskubideen, pertsonen edo biziaren gainetik jartzea ».

Gaurkoa da biktima hauei, oro har, egindako lehen errekonozimendu-ekitaldia eta bertan, Jaurlaritzako sailburuek, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak, Giza Eskubideen zuzendariak eta politika eta gizarteko hainbat ordezkarik hartu dute parte.  

Lehendakariak gogorarazi duenez, 107/2012 Dekretuari esker, 1960 eta 1978 bitartean eragindako giza eskubideen urraketen biktima guztiei eskaini zaie erreparazioa, banan-banan. Orain artean ez zitzaien inoiz errekonozimendurik egin. Horrez gain, azaldu du Eusko Jaurlaritza Lege berri bat izapidetzen ari dela, 1978tik aurrerako urraketen errekonozimendua egiteko xedez.

Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak biktima guztiei errekonozimendua egiteko lanean jarraitu nahi duela; ildo horretan, gogora ekarri du iragan irailaren 22an «Batera Konpromisoa» onartu zela, eta hor biktimei buruzko politika publikoetan beste aurrerapauso bat emateko oinarriak aurkezten direla, biktimen eta gizartearen arteko batasuna sustatzeko.

Zentzu honetan, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkari Nagusi den Jonan Fernándezen ustez, «betebehar etiko eta demokratikoa da» horiek aitortzeko eta ordaina emateko tresna bat sortzea. Hau dela eta Jaurlaritza lantzen ari den Legea “ezinbesteko pieza bat da bizikidetza normalizatzeko eta iraganari buruzko oroimen kritikoa eratzeko”.

Eztabaidagune bat ez ezik, legez kanpoko errepresio-ekintzetan pertsona maiteren bat galdu zuten senitartekoen lekukotzak entzuteko gune ere izan da jardunaldia, dela bideoz, dela bertan.

Kausen balantzea

1960 eta 1978 urteen artean botere abusuen edo poliziak indarkeria legez kontra erabiltzearen ondorioz izan ziren giza eskubideen urraketen Balorazio Batzordeak 187 biktima aitortu ditu. Legebiltzarrera bidalitako txosten batean, Batzordeak azken hiru urte eta erdietan Dekretuaren alorrean aurkeztu eta onartu diren eskaeren zerrenda aztertu du. Lehen aldiz, biktima horiek omentzeko ekitaldi instituzional bat egingo da, larunbat honetan (otsailak 20) Donostian, eta Urkullu lehendakaria han izango da.

Iturria: Irekia

Interesatu Zaitez