Itxaso Atutxak berriro azpimarratu du euskal Gizarte Segurantza eta Pentsio sistema “bideragarria eta iraunkorra” izango dela

BBBren presidenteak azaldu duenez, espainiar Estatuaren oraingo egoera kontuan hartuta, EAJ-PNVk derrigorrezko jotzen du pentsioak bermatuko dituen plangintza aurkeztea “gaur egun arriskutan dagoen zerbait” delako
Itxaso Atutxak berriro azpimarratu du euskal Gizarte Segurantza eta Pentsio sistema “bideragarria eta iraunkorra” izango dela
16 Otsaila | BBB

Itxaso Atuxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak, beste behin ere azpimarratu du Euskal Gizarte Segurantza eta Pentsio Sistema “bideragarria eta iraunkorra” izan daitekeela. Zentzu honetan baieztatu duenez, Espainiar estatuko “egoera ikusita”, EAJ-PNVk derrigorrezko jotzen zuen “herri honi bestelako plangintza aurkeztea” pentsioak bermatze aldera, gaur egun “arriskutan dagoen zerbait” esan du. Gaur goizean Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioari eskainitako elkarrizketan, Bizkaiko jeltzaleen buruak gogoratu du horixe ere badela Gernikako Estatutuak aurreikusten zuen eskuduntza “Espainiak betetzen ez duen lege organikoa” ,hain zuzen; “Utzi diezagutela guri diru bilketa eta guk erabakiko dugu kudeaketa lan hori nola egin nahi dugun eta, jakina, EAJ-PNVren aldetik proposatzen dugun sistema bideragarria eta iraunkorra da”. Zentzu berean esan du Espainia mailan ez duela ikusi alderdi politikorik gai horren inguruan alternatiba iraunkorren bat planteatu duenik. “Ezin dugu onartu denboran iraungo ez duen sistemarik; eta ez dugu egingo. Horregatik eta arduraz jokatu nahi genuelako ezinbesteko jotzen genuen proposamena egitea” esan du. Ildo beretik azaldu du agiria adituek eta ideologia ezberdineko pertsonek bi urte luzetan landu eta jorratu dutela. Era berean aurreratu duenez inork agiriari ekarpenik egin nahi baldin badio “gogo onez onartuko genuke”.

Madrilen EAJ-PNV eta PSOE alderdiak egunotan egiten ari diren elkarrizketei dagokienez, Atutxak esan duenez Pedro Sánchez PSOEren idazkari nagusiak beste alderdiekin inbestidurarako gutxieneko akordioren bat lortzekotan eta akordio hori talde jeltzalearen printzipioen kontrakoa ez balitz, bere alderdia “beti egongo litzateke Espainiar Estatuan aldaketa ematearen alde”. Zentzu berean esan du Sánchezek eta PSOEk “gehiengo sinplea” negoziatu behar dutela presidente bihurtzeko eta, hori lortzen duenean “gehiengo hori zeren inguruan lortu duen esan beharko digu. eta guk ere ikusiko dugu zer egiten dugun”. “Ez da berdina baietza edo abstentzioa bere inbestidurarako edo gobernurakoa; mahai ezberdinak dira” azpimarratu du.

Beste alde batetik, Itxaso Atutxak azpimarratu du Podemos-en idazkari nagusi Pablo Iglesiasek PSOEri aurkeztu dion proposamena zehatz-mehatz aztertu ez duen arren, harrigarri egiten zaiola “testu hori aurkeztu izana, une honetan gobernua eratzeko erantzukizuna PSOErena denean”. Zentzu honetan kritikatu du Podemos taldearen agiriak “oso zentralizatzaileak diren puntu batzuk” dituela eta oso estatu zentralizatu eta kontrolatzailea” erakusten duela. “Kasu askotan gure eskuduntzen kontra doazen erakunde eta legeak ere aipatzen dira” gaineratu du.

PARTEKATU