Zornotzako Udalak bonoak jarri ditu auzotaxi zerbitzua ordaintzeko

Erabiltzaileek zerbitzua ordaintzeko bonoak erabiliko dituzte eta eskuratuko duten diru-laguntza burututako joan-etorrien araberakoa izango da
Zornotzako Udalak bonoak jarri ditu auzotaxi zerbitzua ordaintzeko
02 Otsaila | AMOREBIETA-ETXANO

Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat aldaketa onartu ditu auzotaxi zerbitzuan. Horien artean azpimarragarria da zerbitzua ordaintzeko bonoak erabili beharko direla. Bonoek 12 euro balio dute.

Horrela, erabiltzaileak taxilariari ordaintzeko bonoa erabili beharko du eta hauek udaletxean eskuratu ahal izango dira. Bonoak hamarnaka salduko dira. Lehenengo 50 bidaietan Udalak 10 euroko diru-laguntza emango du eta erabiltzaileak euro 2 bakarrik ordainduko ditu joan-etorriko. 51. bidaiatik aurrera, herritarrak 6 euro ordaindu beharko ditu eta udaletxeak jarriko ditu gainontzeko 6 euroak. Azkenik, 101 eta 150 bidaia artean, diru-laguntza 4 eurokoa izango da eta herritarrek 8 euro ordaindu beharko dituzte.
Ordenantza berri honekin, zerbitzua ematea bermatu nahi da, baita zentzuzko erabilera bat egitea ere.

Auzotaxi zerbitzua 2012an jaio zen, herriak duen lurralde desorekari bultzada bat emateko eta herriaren erdigunea eta erdigunetik urrun dauden auzoak lotzeko. Horrela, auzoetako herritarrek errazago izango zuten herriko zerbitzuetara hurbiltzea (anbulatorioa, ikastetxeak, bankuak, dendak, etab). 

Urtero 140 erabiltzaile ditu Amorebieta-Etxanoko auzotaxiak. Taxi zerbitzua astelehenetik ostiralera 07:30etik 19:00etara eskaintzen da. Denbora tarte honetan, zerbitzua erabili nahi duten auzoetako herritarrak euren etxean jasotzen dituzte eta gero, hauek horrela nahi badute, etxera eramaten dituzte berriro.

 

PARTEKATU