Andoni Ortuzar, EBBren presidentea, Sabino Arana Fundazioak Alex Salmond eskoziar politikariari euskaraz editatu dion liburuaren aurkezpen ekitaldian izan da

Alex Salmonden “Ametsa ezin da sekula hil” izeneko liburuan, 2014ko irailean egin zen Eskoziako independentziari buruzko erreferendumaren aurretiko BAI aukeraren aldeko kanpainaren nondik norakoak azaltzen dira, gaur egun Britainiako Parlamentuko Komunen Ganberan Eskoziako Alderdi Nazionaleko (SNP) Kanpo Arazoetarako bozeramaile denaren eskutik.
Andoni Ortuzar, EBBren presidentea, Sabino Arana Fundazioak Alex Salmond eskoziar politikariari euskaraz editatu dion liburuaren aurkezpen ekitaldian izan da IKUSI BIDEOA
01 Otsaila | Berria

SNP alderdiaren buruzagi ohiak, Alex Salmondek, Eskoziako burujabetasun eta independentziaren alde egin du kemen handiz bizitza osoan. Eta 2014ko irailean, haren ametsa ia-ia egia bilakatu zen.

Sabino Arana Fundazioaren eskutik argitaratu den “Ametsa ezin da sekula hil” deritzon lana kanpainaren egunerokoaren kontakizun zoragarria da; kontakizun horretan, argitara ematen da “agertokiaren bestaldean” zer esan eta zer egin ziren aipatutako erreferenduma une gorenera heldu zenean.

Salmondek, barru-barrutik, Erresuma Batuko oinarriak kolokan jarri zituen kanpaina baten kontu txikiak kontatzen ditu eta Eskoziako independentziaren aldeko mugimenduak Britainiako politikan izan dituen eraginak aztertzen.

Liburuan azaltzen denez, BAI aukeraren aldeko kanpainak adorea eman zion Eskoziako nazio osoari eta hauteskunde-kanpainetako funtsezko arauak berridatzi zituen, Erresuma Batuan ez ezik, munduko beste leku askotan ere.

Era berean, egilea baikorra da Eskoziako “nazioaren auziak” Britainiako politikaren etorkizunean izan behar duen eginkizunaren inguruan. Ildo horretan, argi utzi nahi izan du erreferenduma ez zela izan auzi horren amaiera, hasiera baizik. Alex Salmondek zinez uste du “Eskoziako independentziaren ametsak bizi-bizi dirauela”.

Alex Salmondek garaipen gogoangarria lortu zuen 2007ko maiatzaren 16an, Eskoziako lehen ministro izendatutako lehen nazionalista izan zela eta. Legegintzaldi hartan, ordea, gutxiengoan gobernatu behar izan zuen eta ezin izan zuen deitu aurretiaz agindutako independentziari buruzko erreferenduma.

Hurrengo hauteskundeetan, 2011n, Eskoziako Parlamentu berreratuaren historia laburrean (1998an hasi zen jardunean berriro) alderdi batek ordura arte lortutako garaipenik handiena erdietsi zuen SNPk. Eskoziako Alderdi Nazionalak 69 jesarleku eskuratu zituen 129tik, eta bigarren indar politikoari (37), Alderdi Laboristari, alegia, sekulako aldea atera zion. Garaipen horri esker, Eskoziako independentziari buruzko erreferenduma egin zen 2014ko irailaren 18an. Hala eta guztiz ere, erreferendumean 'EZ' aukerak irabazita, (botoen % 44,6 independentziaren aldekoak izan ziren eta % 55,4 aurkakoak) Eskoziako lehen ministro eta SNPko buruzagi izateri uztea erabaki zuen Salmondek.

Gaur egun, SNPk 2015eko Erresuma Batuko hauteskunde orokorretan Eskozian izan zuen egundoko arrakasta (59 parlamentaritik 56 eskuratu zituen) dela bide, Salmond SNPko Kanpo Arazoetarako bozeramailea da Britainiako Parlamentuko Komunen Ganberan eta uste osoa dauka independentziari buruzko bigarren erreferenduma “egingo dela”. Salmonden esanetan, “Jendeak –Eskoziako benetako jagoleak– berba egin zuen erreferendumean. Gehiengo osoz berba egin zuen berriro hauteskundeetan. Eta inork ez dio eragotziko berriro ere berba egitea. Eskoziako etorkizuna Eskoziaren eskuetan dago”.

PARTEKATU