Sabino Arana Sariak 2015

Ondokoek jaso dute saria: John Garamendi, AEBetako Kongresuko kide demokrata eusko-kaliforniarra; Leopoldo Zugaza kultura-eragilea; CEAR-Euskadi, Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin; Velatia industria- eta teknologia-taldea; Maialen Chourraut arraunlari gipuzkoarra; eta Alex Salmond politikaria, Eskoziako lehen ministro ohia.
Sabino Arana Sariak 2015
31 Urtarrila | EBB

Sarrera-hitzaldian, Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Mª Atutxak gogorarazi du dagoeneko 148 pertsonak, erakundek eta ekimenek jaso dutela saria egundaino egin diren 27 edizioetan. Gogoa, balioak eta merezimenduak aintzatesten dira sari hauen bidez eta, Atutxaren iritziz “balio horietan guztietan oinarriturik, norberak esperantza dauka mundu hobea eta Euskadi hobea izan daitezkeelakoan”.

Fundazioko lehendakariak XXVII. edizioan saritutakoen merezimenduak eta dohainak azpimarratu ditu, hala nola, konpromisoa, pertsonenganako konfiantza, ekimen berritzailea, kultura-eredu propioaren aldeko lana eta herri baten izaeraren zabalkundea nazioartean, herri horretako gizon-emakumeak harro sentitzeko moduko eran.

“Bagara eta izango gara; euskal aberriak zutik iraungo du; euskal aberri irekia, aurreratua, kohesionatua eta iraunkorra; euskal aberri askea, bere burua gobernatzen duena, bakean. Ingurumari horretan, mundu zibilizatuak adibide paregabea eskaini zigun 2014an: elkarrizketa, alde biko akordioa eta hautetsontzietan adierazitako borondate aske eta demokratikoaren aitorpena. Bidea erakutsi zeniguten. Gurea ere baden bidea!” esan du Atutxak.

Ispaster eta Ondarroako euskaldunen ondorengoa den John Garamendik, AEBetako Kongresuko kide demokrata eusko-kaliforniarrak eta, gaur egun, jaioterriko herrialdeko gobernu-organo gorenetako ordezkariak, gogorarazi digu aitite Saturninok honako hau adierazi ziola bere hautapenaren bezperan: "John, eizu egoera hobetu daitela seme-alabentzat".

Gaur egun, Garamendi jakitun da egoera hobetu dela, baina egungo “gatazka militarrak, terrorismoa eta ziurgabetasun ekonomikoa arriskuan jartzen ari dira biharko seme-alaben etorkizuna”. Bestetik, klima-aldaketaren ondorioez ohartarazi digu: “bizimodu hobea arin bai arin lortu nahi dugula eta, planeta honetako klima aztoratzen ari gara. Lurra berotzen ari da, gertaera meteorologikoak gero eta muturrekoagoak dira eta ondorioak biziki zorigaiztokoak dira”.

Frantsizko aita santuak Laudato si’ entziklikan esan moduan, Garamendik ondokoa azaldu du: "ez gaude bi krisi bereiziren aurrean, hau da, ingurumen-krisi baten aurrean eta gizarte-krisi baten aurrean, ezpada, ingurumena eta gizartea ukitzen dituen krisi konplexu baten aurrean”.  Garamendik adierazi duenez, krisia konpontzeko lan-ildoek “irtenbide erabatekoa behar dute pobreziari aurre egiteko, baztertuei duintasuna itzultzeko eta, aldi berean, natura zaintzeko”.

Amaitzeko, Garamendik honakoa esan du: “bistakoa da Euskadin geratu zirenek aititek niri emandako agindu berbera entzun zutela: eizu egoera hobetu daitela seme-alabentzat. Eta zalantzarik ez dago horrelaxe egin duzuena. Ekonomia boteretsu eta dinamikoa eraiki duzue, betiere euskal kulturari eutsita. Arren eskatuko dut gure seme-alabek ere zeregin horri ekin diezaioten, belaunaldiz belaunaldi”.

Leopoldo Zugazak, kultura-ekimenetan agerian geratu diren hutsune batzuk mahairatu ondoren, boluntariotza bultzatzeko politika iradoki du: “gure herriak antzinako ohitura bat dauka, auzolan deiturikoa, hau da, auzo edo komunitate bateko kideen elkarlan eskuzabala bideak hobetzeko, ura ekartzeko edo beste zerbitzu batzuk eskuratzeko. Zergatik ez dugu ohitura hori erabiltzen gure kultura-zerbitzuetan?” Beste alde batetik, arlokako azterlanak egin daitezen proposatu du arlo bakoitzean parte hartzen duten guzti-guztiek prestakuntza egokia jaso eta behar bezalako erantzukizunaz jabetu daitezen: administrazioak, hezkuntza-erakundeak, kultura-erakundeak, herritarrak.

Javier Galparsorok, CEAR-Euskadi (Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin) elkarteko presidenteak, ondokoa nabarmendu du: “aintzat hartu behar dugu atzerrialdiaren bizipena ez dela bakar-bakarrik lekuz aldatzen den pertsonarena, ezpada, harrera egiten dioten lagunena, eskolan, lanean, auzoan edo mendian elkarrekin daudenena. Gizatasunez harrera egitea mundu hobean biziko garelako esperantzari eustea da, hari eta, egunen batean, asilo-eskubidea desagertzen den arte, eskubide hori beharrezkoa izango ez delako. Gizatasunez harrera egitea indarkeria eta txirotasunetik at bizitzeko itxaropena da, hots, mundu honetako izuei aurre egitea, samurtasunaren eta besarkadaren bidetik”.

Galparsorok gogorarazi du 2015eko irailean “Europar Batasuneko 24 herrialdek konpromisoa hartu zutela 160.000 iheslariri harrera egiteko 2 urteko epean, baina gaur arte, 331 pertsona besterik ez dira heldu gure kontinentera; Euskadira, adibidez, hiru eritrear heldu ziren azaroaren erdialdean”. Hori dela eta, honako galdera hau partekatu du bertaratutakoekin: zer-nolako inbasioz ari dira gure politikari eta agintariak?

Velatia enpresa-taldeko presidenteak, Javier Ormazabal Etxebarriak, aita ekarri du gogora, hau da, enpresa-taldea sortu zuen Javier Ormazabal Ocerin jauna, orain dela bi urte baino zertxobait gehiago hil zena, eta familia-enpresen balioak nabarmendu ditu: “VELATIA industria-taldean 3.000 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute nazioarteko leku askotan; argi dago taldearen ildoetako bat globalizazioa dela, baina, bestalde, esan beharra dago oso sustraituta dagoela sortu zen lurraldean eta, horregatik, zelanbait esanda, ‘gure jaioterriko profetatzat’ daukagu gure burua . Herri honek enpresaburu ugari eman ditu. Eta enpresaburu horiek, nire aitak egin bezala, ideia bat eduki, ilusio bat eduki, eta ilusio horri lotu zitzaizkion betiko. Gure herriak, inolako zalantza barik, etorkizun oparoa izango du aurrean ditugun aukerak ilusioz eta ahaleginez lantzen baditugu” azpimarratu du.

2012ko Londresko olinpiar jokoetan brontzeko domina eta 2015eko Europako txapelketa irabazi dituen Maialen Chourraut arraunlari lasarte-oriatarrak hauxe esan du “erakundeetatik jaso dudan laguntzak erruz gainditu ditu nire aurreikuspenak”. Bestalde, esker oneko hitzak eskaini dizkie familiartekoei: “Esan beharrik ez dago familiak erabateko laguntza eta babesa eskaini dizkidala beti.  Nire familiak hegoak eman dizkit, hegan egiteko hegoak, gora-gora eta askatasunez hegan egitekoak; eta maitasuna, segurtasuna, adeitasuna, itzala, begirunea…”.

Hurrengo erronkei dagokienez, aipatu beharra dago Río de Janeiron (Brasil) datorren abuztuan izango diren olinpiar jokoetan parte hartuko duela. Hori dela eta, Maialen Chourrautek honakoa aitortu du: “datorren abuztuaren 11n nik neuk gaurko agertoki honetan daukadan emozioa kutsatzen baldin badizuet, gauza ziurra izango da helburua bete egin dugula”.

Azkenik, Eskoziako lehen ministro ohiak, Alex Salmondek, Eskoziako prozesuak Euskadikoarekin eta Kataluniakoarekin dauzkan antzekotasunei buruz, honakoa esan du: “Eskozia ez da Euskadi, ezta Katalunia ere, baina hiruretan, jendeak autonomia handiagoaren eta independentziaren egarria dauka. Nazio horiek zenbat eta autodeterminazio handiena lortu, orduan eta proiektu gehiago garatu ahal izango dituzte etorkizunean. Bestetik, adierazi du “elkartasunik ez erakusteak, adibidez, iheslarien krisialdian, Europako egitura zaharren ageriko porrota erakusten duela”.

Iñigo Urkullu lehendakariaz gain, Herriko bizitza politiko, kultural eta sozialeko pertsona nabarmen ugari etorri dira ekitaldira, besteak beste: Andoni Ortuzar, EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaria; Juan Mª Aburto, Bilboko alkatea; Unai Rementeria, Bizkaiko ahaldun nagusia; Bakartxo Tejeria,  Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Itxaso Atutxa, EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria; José Antonio Suso, EAJ-PNV alderdiaren Araba Buru Batzarreko lehendakaria; Arantza Tapia (Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburua); Jon Darpón (Osasun sailburua); Estefanía Beltrán de Heredia (Segurtasun sailburua),  Cristina Uriarte (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua); Josu Erkoreka (Herri Administrazio eta Justizia sailburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea); Ángel Toña (Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua); Imanol Landa (EUDELeko burua); Aitor Esteban, Pedro Azpiazu, Mikel Legarda, Pilar Ardanza, Joseba Agirretxea eta Iñigo Barandiaran (Kongresuko diputatuak); Jokin Bildarratz, José Mª Cazalis, Nerea Ahedo, Mª Eugenia Iparragirre, Mª Dolores Etxano, Imanol Querejeta eta Victoriano Gallastegi (senatariak).

PARTEKATU