Andoni Ortuzarrek Alex Salmondi adierazi dio EAJ-PNVk aitortu egiten diola legezkotasun eta demokraziaren oinarri gainean Eskoziaren nazio askatasunaren alde egin duen lana

EBBren presidentea Sabin Etxean batzartu da gaur Eskoziako Ministro Nagusi ohiarekin. Salmondek bihar jasoko du Sabino Arana Fundazioaren saria
Andoni Ortuzarrek Alex Salmondi adierazi dio EAJ-PNVk aitortu egiten diola legezkotasun eta demokraziaren oinarri gainean Eskoziaren nazio askatasunaren alde egin duen lana
30 Urtarrila | Berria

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, gaur Eskoziako Ministro Nagusi ohi Alex Salmondi adierazi dio EAJ-PNVren aintzatespen eta miresmena, Eskoziaren nazio askatasunaren alde “legezkotasun eta demokraziaren oinarri gainean” egin duen lanagatik. Ortuzar eta Salmond Sabin Etxean batzartu dira gaur ordu erdi inguruko denbora tarte batez. Jarraian, buruzagi politiko biek Bilboko jatetxe batean afaldu dute elkarrekin. Salmond gaur arratsaldeko azken orduan iritsi da Bilbora. Bihar, eskoziar liderrak Arriaga Antzokian jasoko du Sabino Arana Fundazioak eman ohi duen sari prestigiotsua “bere lidergoagatik eta herri baten borondate demokratikoa adierazteko bideratu izan duen prozesuagatik, zein eskoziar kasuan 2014ko irailaren 18an independentziaz galdetzeko egin zen erreferendumean gauzatu baitzen. Salmondek eskoziarren borondate askeari eta legez dituzten eskubide demokratikoei bidea emateko aukera instituzionalizatzea lortu zuen. Erreferendumaren emaitzetatik harago, prozesuak zedarria suposatu izan du Eskoziaren nazio eraikuntzan eta eskoziarren borondate demokratikoaren egikaritzan”, esan dute Sabino Arana fundazioko ordezkariek.

Gaurko topaketan, Ortuzar eta Salmondek elkarri eman diote beren nazioetan bizi den egoera politikoaren berri. Jeltzaleen buruak Eskoziako Ministro Nagusi ohiari azaldu dizkio Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzian une honetan egiten ari diren lanak, Euskadin Estatus Juridiko-Politiko berria izatea helburu. Zentzu berean hitz egin dute abenduaren 20ko hauteskundeez geroztik Espainiar Estatu mailan bizi den egoera politiko ziurgabeaz. Halaber, Ortuzarrek Salmondi bere aintzatespena adierazi dio duela urte bete eta erdi eskoziarrek independentziari buruzko iritzia emateko egin zuten erreferendumean erakutsi zuten normaltasun eredugarriagatik. Demokraziaren jaia izan zen eta EBBren burua horren lekuko eta parte hartzaile izan zen Edinburgo hiriburuan.

PARTEKATU