Itxaso Atutxa: “Akordioetara heltzeko hitz egin behar da eta Espainian ez da benetako ahaleginik ikusten”

Bizkai Buru Batzarraren presidente andreak gaurkotasun politikoari buruz mintzatu da gaur goizean Bizkaia Irratian. Madrilen gobernua eratzearen inguruan aipatu du adostasunetara ailegatzeko beharrezkoa dela mahai gainean gai zehatzak jartzea.
Itxaso Atutxa: “Akordioetara heltzeko hitz egin behar da eta Espainian ez da benetako ahaleginik ikusten”
29 Urtarrila | BBB

“Espainian ez dugu akordioetara heltzeko benetako ahaleginik ikusten”, esan du Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidente andreak, gaur goizean Bizkaia Irratiari eskainitako elkarrizketan. Bere ustez, “akordioetara heltzeko, berba egin behar da, gai zehatzak aurkeztu, hau da, zer egingo den, nola egingo den, zer bideratuko den, lehentasunak zein diren, zertan gaude ados eta zertan ez… eta horretaz ez du inork hitz egiten Espainian”. Aipatu duenez “Madrilen akordioetara heltzeko esperientziarik ez dago, baina badakite zelan egin behar den. Ikusten ari gara nola aire freskoekin datozen alderdiek ere ez dutela elkarrizketaren bidea jarraitzen”, esan du, “eta komunikaziora zuzenduta dagoen politika jorratzen ari dira”. “Akordioetara heltzeko, negoziatzeko, gutxienezko baldintza diskrezioa da, ez bakarrik politikan, bizitzaren edozein alorretan ere”. Bien bitartean, “egunak aurrera doaz eta inork ere ez dio lanari heltzen”, penatu da. Nolanahi ere, Atutxak ez lituzke hauteskunde orokorrak errepikatzerik nahi proposamenak egin behar dituzten alderdiek “hitz egiten hasi ez direlako”.

Gaurkotasun politikoaz aparte, EAJ-PNVren exekutiben berriztapenaren inguruan ere mintzatu da. Bere kasuan, herrialdeko alderdikideek joan den larunbatean berrautatu zuten Atutxa Bizkai Buru Batzarraren buru gisa. Azaldu duenez, Bizkaiko alderdikideek “oso ondo hartu dute” BBB berria eratzen duen taldea bera eta azkeneko urteetan exekutibak egin duen lana: “Azken baten, ibilbide bati jarraipena ematea da”. “Lehenagokoek jarritako zutabe sendoen ondorioa da lortutakoa, eta hortik dator alderdikideek emaniko konfiantza”, eskertu du .

Gainera, gizon baino emakume gehiago dituen lehen exekutiba aukeratu da lehen aldiz Bizkaian. “Zorionez gizarteak apurka-apurka bereganatu duen aldaketa alderdi politikoetan ere ikusten hasia da”, goraipatu du. Zentzu berean esan duenez, “zorionekoak gara talde berriarekin, esparru desberdinetatik datorren jendea da, gaztea eta prestatua, eta ziur nago asko aberastuko duela BBBren lana”, azpimarratu nahi izan du. Exekutiba berriak bi erronka nagusi izango ditu hurrengo urteetan. Alde batetik, orain dela zortzi bat urte hasitako berrikuntza prozesuari jarraipena ematea eta, beste alde batetik, barnera begira, “alderdia berriro indartzea eta batez ere eguneratzea”, esan du. Eguneratze hau eman da “formetan eta eginkizunetan. Gizartean partaidetza moduak aldatu egin dira eta tradizioz geneukan alderdikide izateko modua ere aldatu behar dugu; horrek prozesu sakona eskatzen du. Alderdikideek hori eskatu digute eta guk behar hori ikusten dugu”, azaldu du. Dena den, erronka honi “guztion artean” aurre egiteko “garai ona” dela pentsatzen du Atutxak, “lan egiteko gogoa” baitago eta “ilusioz betetako jendea daukagulako”.

PARTEKATU