Andoni Ortuzarrek John Garamendi animatu du Amerikako Estatu Batuetan “euskaldunen enbaxadorearena” egiten segitzera

EBBren presidenteak eta euskal jatorrizko politikari estatubatuarrak Sabin Etxean aztertu dute beren nazioetako gaur egungo egoera
Andoni Ortuzarrek John Garamendi animatu du Amerikako Estatu Batuetan “euskaldunen enbaxadorearena” egiten segitzera IKUSI BIDEOA
28 Urtarrila | EBB

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Sabin Etxean egin dio harrera Kaliforniako kongresukide demokrata John Garamendiri, euskal jatorrizko estatubatuar eta euskal komunitateak Estatu Batuetan dituen aliaturik onenetakoari. Garamendi Euskadira etorri da bidaia ofizialean eta Sabino Arana saria jasoko du “AEBn eta mundu osoan euskal nortasuna bizirik mantentzeko egindako lanagatik. Garamendi da munduan zehar sakabanatuta bizi diren milioika euskal jatorrizko herritarretako bat euskal lurrarekin daukaten sentimenduagatik beren sustraien defentsaren aldeko konpromiso aktiboari eusten diotenak. John Garamendiren ‘I am basque’ aldarriak argi eta garbi erakusten du zer den euskaldun unibertsala izatea eta euskaldun izatea ere badela XXI. mendeko mundu global batean izateko eta egoteko dugun modua” arestian esandako Fundazioko ordezkariek esan bezala. Bihar, ostiralez, Garamendi Donostian izango da Smithsonian Folklife Festival izeneko jaialdirako akordioa izenpetzeko,zeinen bidez euskal kultura izango den 2016 urte honetan Washingtonen ospatuko den jaialdi horretako kultur konbidatua. EBBren burukidea den Iñaki Goikoetxetak parte hartu du ere batzarrean.

Ordu betez luzatu den bileran, Ortuzarrek Garamendi animatu nahi izan du Washingtonen “euskaldunen enbaxadorearena” egiten jarrai dezala. Zentzu berean, EBBren presidenteak kongresukide demokratari azaldu dio Euskadin bizi den egoera politiko,ekonomiko eta soziala. Halaber,abenduaren 20ko hauteskundeez geroztik Espainiar Estatuan dagoen egoera politikoaz ere hitz egin dute. Garamendik, bere aldetik, jeltzaleen buruari adierazi dio Estatu Batuen eta Euskadiren arteko loturak sendotzeko ahalegina egiten jarraituko duela, zentzu afektiboan, kulturan, ekonomian eta enpresa arloan ere “oso onuragarria izan daiteke euskal herritarrentzat eta estatubatuarrentzat. Garrantzitsua da Estatu Batuetan Euskadiren garrantzia ezagutu eta aitortuko duten politikariak izatea, elkarrekiko lankidetza eta garapen ekonomikoa sustatzen lagun baitezakete”, esan du Garamendik. “Euskal jatorrizko funtzionario hautetsi legez egin dezakegun zerbait da AEB eta Euskadiren arteko harremanak indartzea eta Estatu Batuetan Euskadiko hainbat negozio plataforma berri eraikitzea”, gaineratu du.

Garamendiren aitite, Saturnino Garamendi lekeitiarra, Utah estatura joan zen XX. mende hasieran. John Raymond Garamendik Berkeley eta Harvard unibertsitateetan ikasi zuen eta 1974an ordezkarien Ganberako kide aukeratu zuten eta Kaliforniako senatari izan da 1976, 1980, 1984 eta 1988an. 1995ean Bill Clinton-en gobernuan sartu zen eta 2007an Kaliforniako gobernadore-orde izendatu zuten. Kongresukidea da gaur egun.

PARTEKATU