Ortuzar: “Deigarria da Madrilgo elkarrizketak bakoitzak gobernatzeko dituen gaitasunak azpimarratzera baino, aurkaria indargabetzera bideratuta egotea”

EBBren presidenteak baieztatu duenez Iñigo Urkullu EAJk hurrengo hauteskunde autonomikoetarako daukan "aukerarik onena" izateaz gain, bera ere bada "Euskadik une honetan behar duen pertsona".
Ortuzar: “Deigarria da Madrilgo elkarrizketak bakoitzak gobernatzeko dituen gaitasunak azpimarratzera baino, aurkaria indargabetzera bideratuta egotea” IKUSI BIDEOA
26 Urtarrila | EBB

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak gaurkoan aitortu du txarrerako harrituta dagoela Espainiako alderdi nagusiak abenduaren 20ko hauteskundeetako emaitzak nola kudeatzen diren ikusita. “Egia da hautestontzietan lortutako emaitza konplexua izan zela, baina horrekin egiten ari diren kudeaketarekin are konplikatuago egiten ari dira. EAJ-PNVk gaur egun Euskadin gobernatzen du 75 legebiltzarkidetatik 27rekin, eta inolako itunik adostu gabe. Kontua da hemen gauzak Madrilen ez bezala egiten direla. Despistatuta gaude elkarrizketekin, gobernua osatzera bideratuta egon beharko lukete, baina  bakoitzak gobernatzeko izan ditzakeen gaitasunak azpimarratzera baino,aurkaria indargabetzera bideratuta daude" deitoratu du jeltzaleen buruak Cadena Ser Irratiari eskaini dion elkarrizketan.

Ortuzarren ustez, Rajoyk karguaz jabetzeko proposamenari uko egin izana "taktika hutsa" da. "Berak uste zuen bere aukera indargabetu nahi zutela eta bere aurkaririk zuzenena indargabetzen saiatu izan da. Nik ez dut uste Rajoyren jarrera,ezta Pablo Iglesiasen prentsaurrekoa ezta Alderdi Sozialistaren baitan gertatzen ari dena ere izan daitezkeenik negoziaketa bat bideratzeko modurik onenak. Uste dut une honetan boterean geratu nahi duenaren aldetik egitasmo, proposamen  eta aldarazpenez entzun beharko genukeela, baina gobernu berria nahi dutenek ere azaldu beharko lukete hurrengo gobernuaren ardatzak nolakoak izatea nahiko dute . Baina, ez da horrela gertatzen, batak atzera egiten du, besteek presidente eta presidenteordeez hitz egiten dute, besteek barne tentsioak dituzte... Uste dut lehen fase honek albait arinen amaitu behar duela eta baten batek bereganatu beharko du negoziatu beharra dagoela, baina batez ere edukiei buruz, gobernu programei buruz eta politikei buruz, denborak aurrera egiten du, egoera ekonomikoa delikatua da eta izan daiteke hau guztia lagungarri ez izatea" .

EAJ-PNVren presidenteak aitortu du PPk gehiengo osoz gobernatu izan duen legegintzaldia "oso kaltegarria" izan dela Euskadiren ikuspuntutik. Zentzu berean esan duenez "alternantzia beti da osasungarria", baina iragarri du ezin dela egin "edozein prezioren truke ezta edozelan ere". "Koalizio gobernuak ezin dira Taifa erresumak izan, beti gaizki irtengo direlako". “Azken aldi honetan entzun ditugunak entzunda" esan du Ortuzarrek "ez dakit nik gobernu hori erraz kohesionatu ahalko den" esan du PSOE –Podemos arteko balizko gobernu baten inguruan: "Niretzat oso argigarria izan zen Pablo Iglesiasek eman zuen prentsaurrekoa, prentsaurreko horretan hurrengo Gobernuko Presidenteari esan zion gutxi gora behera apaingarria izango zela, koalizioa Iglesiasek berak egingo ziolako, etxerako lanak egingo zizkiolako eta ministerioak ere jarriko zizkiolako. Ez dut uste hori denik konfiantza finkatzeko modurik onena, eta konfiantza da koalizio gobernu baterako egon daitekeen lehen oinarria".

EAJk PP edo PSOE babestuko ote duen galdetuta, Ortuzarrek argi bezain sendo esan du "Guk ez dugu aldez aurreko baietzik edo ezetzik esango. Guk Euskadin indar guztiekin hitzartu dugu: Alderdi Sozialistarekin eta banaketarekin hitzartu zuen lehen alderdia izan ginen.... Ez ditugu aldez aurretik emandako "baietzak" edo "ezetzak" gustuko, ez ona ezta txarra ere. Nik une honetan ez dut aukerarik baztertzen. Beste gauza da azken lau urteotan bizi izandakoak eta gure idearioak batzuengandik besteengandik baino hurbilago kokatzen gaituztela". Ortuzarrek aitortu du indar guztiekin hitz egin duela Ciudadanosekin izan ezik. "Ez  digute deitu. Ciudadanos taldeak ezin du  Estatuko nazio aniztasuna irentsi  eta ez du gurekin hitz egin nahi. Ez du Catalunyako alderdi abertzaleekin hitz egin nahi eta hori oztopo handia da alderdi horren etorkizunera begira. Egin duen azkena izan da guri Euzko Abertzaleak-Grupo Vasco izena kentzen saiatzea. Izen hori 1918 urtetik daukagu, orduan izan baitzen EAJ Kongresuan sartu zen lehen aldia. Urte apur batzuk besterik egin dituzten horiek ehun urte luzeko historia ezabatu nahi izan dute. Beraiei Ciudadanos izena kentzea bezalakoa litzateke, gu ere ciudananos-hiritarrak baikara eta ez gara alderdi horretakoak. Ezberdina denaren kontrako zeozer patologikoa dutela uste dut, eta horrek konplikatu egiten dizkie gauzak". Horregatik iragarri du  PSOE eta Ciudadanos taldeen arteko akordioak "oso zail" jarriko lukeela EAJk Sanchez babestea .

Dena dela, jeltzaleek emango luketen botoaren inguruan sortu den jakinguraren aurrean ere, Ortuzarrek esan du EAJren buruek oso argi daukatela "gure sei eserlekuk suposatzen duten apaltasuna. Gobernu bati egonkortasuna emateko beharko balira hitz egiteko prest egongo ginateke, baina gure babesa beharko ez duten beste formula batzuk badaude, ez da ezer gertatzen. Guk orain arte Madrilen egin izan dugun politikari eutsiko dioigu: euskaltasunaren defentsa irmoa Espainiar Esatuari ondo etor dakizkioken aldarazpen eta erreforma aurrerakoiei uko egin gabe eta horien defentsari bizkarra eman gabe".

EAJk erabakitzeko eskubidea aitortzea eskatuko ote duen galdetuta, Ortuzarrek zera deitoratu du "Alderdi Popularraren eta Alderdi Sozialistaren akatsik handienetakoa izan da erabakitzeko eskubidea horren txartzat jotzea, autodeterminazio eskubidearekin baino, ia banaketarekiko parekatuta. Erabakitzeko eskubidea da, euskal hiritarrok edo catalunyar hiritarrok, aldez aurretik, gure artean, Euskadin eta Catalunyan adostuta, behar besteko gehiengoarekin eta prozesu demokratiko baten bidez, gure etorkizuna erabakitzeko gaitasuna izatea, eta inor etorri ez dadila gero erabaki hori aldatzera. Nik 53 urte ditut. Gernikako Estatutua 79an bozkatu zen eta niretzat izan zen botoa ematerik izan ez nuen azken urtea. Uste dut badela garaia  euskal herritarron marko juridiko-politikoa erabakitzerik izan dezagun. Gernikako Estatutua ekarri zuen akordioa berresteko moduko akordioa izango al dugu. Hori guk geuk erabaki beharko dugu. Baina, guk, euskal herritarron artean erabakitzen badugu, ez daitezela gero Alderdi Popularreko 50 jaun-andre etorri gaia Auzitegi Konstituzionalera eramatera eta Auzitegi Konstituzionalak ez dezala gero herriaren akordioa zorutik bota. Hori izan zen, esate baterako, Catalunyako Estatutuarekin gertatu zena".

Amaitzeko, Ortuzarri galdetu diote Iñigo Urkullu izango ote den hurrengo hauteskunde autonomikoetarako EAJ-PNVk proposatuko duen hautagaia. "Bai, jakina". "Bera oso zentzuduna da eta gure ereduaren arabera alderdikideak dira proposamena egiten dutenak. Norberak ezin du bere burua proposatu. Alderdikideek erabakitzen dute. EBBk izen batzuk emango ditu, eta aukera hori nire esku badago, izen hori Iñigo Urkullurena izango da, baina gero alderdikideak dira erabakia hartuko dutenak. Zalantzarik gabe, guk berarekin hitz egingo dugu. Oraindik ez da une hori iritsi. Baina, iristen denean, egin egingo dugu. Gure apusturik onena da. Baina ez bakarrik EAJ gisa: nik uste dut bera dela Euskadik une honetan behar duen pertsona".

PARTEKATU