Urkulluk eta Ortuzarrek ohartarazi dutenez, Rajoyren lau urte ezin okerren buruan, Araba eta Euskadirentzako arriskua “PP eta Ciudadanos taldeen arteko itunak” dakar

EBBren presidenteak Alonso eta Marotoren zinismoa salatu du, udal hauteskundeetarako kanpainan “sigla eta kaioa ezkutatzen” zutelako eta orain Madriletik paseatzen direlako “María Teresa Camposen telebista saiora joatearren Ministroen Kontseilua bertan behera uzten duen Mariano Rajoyrekin”.

Urkulluk eta Ortuzarrek ohartarazi dutenez, Rajoyren lau urte ezin okerren buruan, Araba eta Euskadirentzako arriskua “PP eta Ciudadanos taldeen arteko itunak” dakar 13Abendua 13 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Alderdi Popularrarekin txarto, Alderdi Popularrerekin eta Ciudadanos taldearekin, okerrago”. Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak , bat egin dute gaur goizean Vitoria-Gasteizen eman duten mezuan: egunez, munduko zinismorik handienarekin, zerrenda bozkatuena aldarrikatzen du eta gauez Mariano Rajoy, Alfonso Alonso, Javier Maroto, Rato, Wert eta Bárcenasen Alderdi Popularrak A-21erako Albert Riveraren alderdiarekiko ituna prestatzen du. Alderdi bat, zeinen Araba eta Euskadirentzako egitasmoa, funtsean, Ekonomia Ituna ezabatzea, Foru Herrialdeen Eskubide Historikoen ukapena, Aldundiak ixtea, Euskadi nazio gisa ez aitortzea eta euskara bigarren mailako hizkuntza bezala baztertzea den. “Ezin da hori onartu. Aurrean izango gaituzte. Ogasun propioa eta euskara ezin dira ukitu. Horien bila edo horien kontra datorrenak, aurrean izango gaitu EAJ osoa”, ohartarazi du Ortuzarrek.

Urkulluk, Ortuzarrek eta Kongresurako Arabako zerrendaburu Mikel Legardak hitz egin dute EAJ-PNVk Matxete plazan gaur goizean egin duen ekitaldi politikoan. Urkulluk ziurtatu du datorren igandean amaituko direla “lau urte ezin okerragoak, zeinetan PPk bere gehiengo absolutua baliatu den krisi ekonomikoa eta herrialde krisia aldebakartasun osoz kudeatzeko. Inposizioaren legealdia izan da eta orain ematen du beste kide bat agertzen zaiela, Ciudadanos. Eta, kontuz! Hauek Ekonomia Ituna auzitan jartzen dutelako, Foru Herrialdeen eskubide historikoak ukatzen dituztelako, Aldundiak itxi egingo dituztela esaten dutelako, Estatuaren nazio aniztasuna ukatzen dutelako eta Euskadi nazio gisa aitortzen ez dutelako. Hobetzen ez dena okertu egiten da: PPrekin txarto, PP eta Ciudadanosekin, okerrago”.

Mehatxua suposatzen duen aliantza honen aurrean, EAJ-PNVk egitasmo positiboa eskaintzen die arabar eta euskal gizarte osoari. “ Propio duguna aldezten dugu, gu ez goaz inoren kontra. Lideratu dugun autogobernua eta kudeaketa instituzionalak Euskadi instituzionalizatzen eta funtzionatzen duen eredua eraikitzen lagundu du, lankidetza eta akordioa oinarri. Herri eredu bat partekatzen dugu, zorroztasunez eta seriotasunez kudeatzen duguna, pertsonei arreta emateko eta elkartasun baloreekin. Hori dugu interes bakarra: etorkizun ekonomikoa, etorkizun soziala, etorkizun politikoa Herri honentzat. Euzko Alderdi Jeltzalea, Euskadirentzako etorkizun hobearen defentsa da. Ongizatearen eta bizitza kalitatearen hobekuntzaren bermea. Modernizazio eta garapen ekonomikoaren bermea. Gizarte kohesio eta solidariotasun bermea. Hori da, Madrilen ere, Euzko Alderdi Jeltzalea: Araba eta Euskadirentzako etorkizun hobea”.

Andoni Ortuzarrek Alderdi Popularraren zinismoa salatu du, Madrilen, Euskadin edo Vitoria-Gasteizen. Madrilen, PPk herritarrak “galtzaileen arteko itunarekin” beldurrarazten ditu “benetako arriskua koalizioa PP eta Ciudadanosen artekoa denean, eskuindarreko zaharraren eta eskuindarreko berriaren artean, bata bestea baino espainiarragoa. Zergatik ez diegu Alonsori edo Marotori entzun, gehiengo absoluturik ez dutenean norekin eta nola gobernatuko duten? Ciudadanosekin egingo dutelako, Ekonomia Ituna deuseztatu nahi dutenekin, Foru Ogasuna kendu nahi digutenekin, euskararen kontra doazenekin”. Ortuzarrek era berean ekarri du gogora euskal ‘popularrek’ orain zerrenda bozkatuenarentzat eskatzen duten errespetua. “Gogoan dituzue 2009ko hauteskunde autonomikoak? Gogoan duzue nork eta zelan irabazi zuen? EAJk irabazi zuen, Ibarretxe lehendakariak. Eta, gogoan duzue zer gertatu zen? Ba, PPk bere botoak Patxi Lopezi eman zizkiola eta Ajuria Eneara eraman zuela. Non geratu zen, orduan, zerrenda bozkatuena errespetatu beharra? Zer gertatzen da, ba? PPk egiten badu, ondo dagoela; baina berari egiten badiote txarto dagoela? Koherentzia da politikari bati eskatu ahal zaion gutxienekoa. Ikusi duzue zein den PPko hauen koherentzia”, salatu du.

EBBren presidenteak euskal PPren presidentearen aldetik heldu zaizkion mezuei erantzun die. “Lehengo egunean, antzezpen tonuarekin, zera galdetu zidan Alonsok: ‘Ortuzar, ez dugu Gasteizekoa ahaztuko’. Gu gara Vitoria-Gasteizekoa ahaztuko ez dugunak, EAJkoak, hemen gaudenak, lehen aukeran Madrilera joaten ez garenak,haiek egiten duten modura. ‘Gasteizekoa’ ahaztuko ez dugunak gu gara, eta bereziki Gorka Urtaran eta bere zinegotzi taldea. Bai herentzia eskasa utzi digutela Marotok eta PPk! Ia sei hilabete daramatzagu utzi dituzten zuloak eta apurtuak konpontzen”, esan du Ortuzarrek. “Ez dugu Gasteiz ahazten, ez, aurreko kanpainan erabili zituzten amarruak eta joko zikina ahaztuko ez ditugun modu berean. Gogoratzen duzue Marotok bere irudia ez zuela PPrekin lotzen? Banderaren azpitik kaioa estaltzen zuela? Mariano Rajoyrekin identifikatzetik ihes egiten zebilela ematen zuela? Hor daukagu orain. Rajoyrekin etengabeko prozesioan. Madrilen instalatu denetik, gauza berbera dira: Mariano, Maroto, Alonso, Aznar, Bárcenas, Rato, Wert… orain ‘España en serio’ lelopean agertzen zaizkigu. Seriotan? Benetan? Serioa ote da Gobernuak Ministroen Kontseilua uztea María Teresa Camposen telebista saiora joateko?”, galdetu du jeltzaleen buruak.

Mikel Legardak, Diputatuen Kongresurako Arabako zerrendaburu jeltzaleak, arabar emakume eta gizonen babesa eskatu du Madrilen Araba eta Euskadiren interesak defendatzeko legebiltzar talde indartsua osatzeko, Alderdi Popularraren gobernuaren lau urte ezin okerragoen buruan. “Ahazteko moduko lau urteak izan dira. Igandea, gogoratzeko eguna izango dugu. Igandea da Araba eta Euskadiren mementoa. Igandea izango da Euzko Alderdi Jeltzalearen eguna. Euzko Alderdi Jeltzalearen alde bozkatzea da Madrilen Araba eta Euskadiren interesak defendatzea. Ekonomia Itunaren defentsa, arabar industria, kalitatezko zerbitzu publikoak, aurrerapen eta ongizate eredua. Euzko Alderdi Jeltzalea da suspertze ekonomiko eta kohesio sozialerako eredua; gardentasuna eta autogobernuaren aurrerapena; Araba gehiago eta Euskadi gehiago. Bide ziurretik aurrera egiteko garaia dugu, etorkizun berria zabaltzeko denbora dugu, Euzko Alderdi Jeltzalearen denbora da”, ezarri du Legardak.

Interesatu Zaitez