Ortuzar: "Eskubide Historikoetan altxor bat daukagu, zeinetan Euskal Herriaren estatus juridiko politikoa sustraituko dugun"

EBBren presidentea, Urkullu Lehendakaria, Itxaso Atutxa eta Joseba Aurrekoetxea Forondako zelaietan izan dira gaur goizean,bihar ospatuko den Alderdi Egunerako antolakuntza lanak hamarnaka boluntariori esker prest daudela egiaztatzeko.

Ortuzar: 26Iraila 26 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

EAJ-PNVren EBBren presidente Antoni Ortuzar eta Iñigo Urkullu Lehendakaria Forondara joan dira gaur goizean Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentearekin eta Antolakuntza arloko arduradun Joseba Aurrekoetxearekin, hamarnaka boluntarioren lanari esker, Alderdi Egunerako azpiegiturak muntatzeko lanak ondo doazela egiaztatzera ,eta jeltzaleek Arabako zelaietan urtero ospatu ohi duten jai nagusirako dena prest dagoela ikustera. Aurtengo Alderdi Eguna `Zu zara gure indarra´ goiburupean egingo da.

Ortuzarrek hedabideei eginiko galderak erantzun ditu, besteak beste Alderdi Eguna eta Catalunyako hauteskundeak egun berean ospatzearekin zerikusia izan dutenak. “Catalunyak eta Euskadik bakoitzak bere bidea egin behar du, bide ezberdinak dira baina amaiera berberarekin. Bihar Catalunyan gertatuko denarekin, euskaldunok eta catalunyarrok gure etorkizuna askatasunez erabakitzeko dugun eskubidearen aldeko aldarriak batzen gaitu, eta bihar catalunyarrek hartuko duten erabaki hori inolako eragozpenik gabe gauzatu ahal izan dadin. Bihar ez gara egongo batzuk bestearen menpe, bihar Catalunyako zeruan eguzkia ateratzea espero du, eta Euskadin, Forondan ere, eguzkia lainorik gabe irtetea espero dugu”esan du EBBren presidenteak.

Ortuzarrek aurreratu ditu bihar EAJ-PNVren alderdikideei helaraziko dien mezuaren ildo nagusiak. Une politiko garrantzitsuan aurkitzen gara, erabakigarria: Catalunyako hauteskundeak, Europa mailan ematen ari diren prozesuak... Une politiko berezia da, eta prest egon behar dugu, adi egon behar dugu aukera aprobetxatzeko, aukera hori aurrez aurre aurkezten bazaigu. Adi eta prest egon behar dugu , antzematen ditugun aldaketa horien barruan, Estatu ereduaren aldaketa eman dadin, euskal herritarrok estatus juridiko politiko berria izan dezagun, zeinetan erabakitzeko eskubidea aitortuko zaigun, zeinetan nazio eta subjektu politiko gisa aitortuko gaituzten eta zeinetan Euskadi eta Estatuaren arteko harremanak aldebikoak izango diren eta ez menpekoak orain arte bezala, gatazka egon den guztietan Estatua izan baita berea lortu duena”.

Amaitzeko, Ortuzarrek abalatu egin du Urkullu Lehendakariak iragan ostegunean Eusko Legebiltzarrean aldeztu zuen “Foru Naziotasuna”, eta seriotasun eta zorroztasun handiagoa exijitu die oposizioko indar politikoei. “Begirunez jokatu nahi dugu Autogobernu Ponentziarekin, eta Lehendakariak egin zuen proposamen honi buruz esan beharko duguna Autogobernu Ponentzian bertan planteatuko dugu, gardentasun osoz egingo dugu gainerako taldeekin , eta alderdi horiei eskatu nahi diegu seriotasun pixka batekin jokatzeko. Batzuek proposamen hau hartzean errespetu falta erakutsi dute, eta beste batzuek ezjakintasuna erakutsi dute. Pazientzia, seriotasuna eta hausnarketa eskatzen diegu Foru Nazioa bide ona delako, adostasunean oinarrituta, euskal autogobernuan jauzi garrantzitsua emateko. Guk Espainiar Konstituzioa bozkatu ez genuen arren, Eskubide Historikoak Konstituzioak aitortzen ditu. Euskal herritarrok dugun berezitasunik handiena da. Konstituzioan ez da beste herri aipatzen Euskal Herrialdeetako Eskubide Historikoez egiten den aipamenean bezala. Altxor bat daukagu etorkizunera begira aprobetxatu beharko duguna. Oinarri ona da estatus juridiko-politiko berria sustraitzeko, eta guk uste dugu egin daitekeela”.

Andoni Ortuzar

Interesatu Zaitez