EBB-ren adierazpena Europar Batasunaren baitan errefuxiatuen egoeraren ondorioz sortu den krisiaren aurrean

EBB-ren adierazpena Europar Batasunaren baitan errefuxiatuen egoeraren ondorioz sortu den krisiaren aurrean
08
Iraila
2015
EBB
PARTEKATU
08 Iraila 2015 | EBB

Europar Batasunak erronka erraldoiei egin behar die aurre egunotan. Besteak beste, errefuxiatuen ihesak eragin duen tragedia humanitarioa. Milaka pertsona dira, etsipenak bultzatuta, Siria, Irak, Afganistan eta Afrikako hainbat herrialdetan bizi diren gatazka armatuen eragin beldurgarrietatik ihesi doazenak. Drama honek, II. Mundu Gerraz geroztik gure kontinentean ezagutu ez diren proportzioak hartu ditu egunotan.

Europar Batasunerantz abiatzen den errefuxiatu kopuruaren igoera esponentzial hau izaera konplexu eta askotarikoa duen arazo orokorra da. Arazo honen erdian arriskuan jartzen da mundu honetan baliorik handiena duena, gizabanakoen bizitza, alegia. Eta, horrela izanda ere, talde populista eta xenofoboen nolabaiteko pizkundea eragiten da eta arriskuak planteatzen dira Batasunaren eta Schengen esparruarentzat. Arazo hau, ondorioz, Europar Batasunari egitasmo batu bihurtzeko orduan planteatzen zaion erronkarik handienetakoa da.

Errefuxiatuak horren kopuru handitan eta masiboki iristeak europar Herrialde guztiei eragiten die, baina arazo horiek konpontzeko erantzunak Estatuek ezin dituzte beren kabuz eta era isolatuan eman. Aldi berean, erabat okerrak eta emaitzarik gabeak izan dira Europar Batasunak orain arte aldirik aldi gure kontinenterantz abiatu diren eta une honetan iraunkor bilakatu diren migrazio olatuen aurrean hartutako neurriak. Bat bateko erantzunak, epe laburrerako baino balio ez dutenak, Mediterraneoko europar kostaldeetan ekarri duten ondorio tragikoen aurrean; anbizio estrategikorik eza, Europar Batasunaren Mendebaldean subiranotasun zaharkituak aldarrikatuaz erakutsi dena; eta europar hiritargoaren zati batek hartu duen jarrera, errefuxiatuak hartzeak beren ongizate egoeran eta beren eskubide sozialetan balizko eragin kaltegarria ekar ditzakeelako aitzakia argudiatuta dira, besteak beste, Batasunaren babes eta inmigrazio politika diseinatzea eta aplikatzea zailagotzen duten arrazoiak.

Arazo larri honek ezinbestean behar du premiazko neurriak hartzea baina,aldi berean, Europa mailako neurriak hartu beharko dira gertakizun dramatiko honi aurre egiteko, agerian geratu baita fenomenoa luzaro geratzeko etorri dela.

Argia eta agerikoa da, beraz, Europar Batasunak agenda politiko batua eraiki behar duela, arazo handi honi arreta zentzuzko eta logikoa emateko. Agenda politiko hau europar arima piztu eta elikatu duten baloreetan oinarritu beharko da: gizatasuna, solidariotasuna eta erantzukizuna. Gizatasuna, edozein arazo eta gertakizunen aurrean, gizakiaren duintasunaren balioa ororen gainetik jartzeko eta izate bakar eta ordezkaezina dela aldarrikatzeko. Solidariotasuna herrialde bakoitzari, aldagarri ezberdinen, hau da, bakoitzaren biztanleria kopuruaren eta indar ekonomikoaren arabera dagokion errefuxiatu kuotak bidezkotasun osoz onartzeko. Erantzukizuna errefuxiatu hauek hartzeko prozesu mailakatu eta orekatua egiteko; haustura gerta ez dadin herri nortasuna galtzeko beldurra izan dezaketen eta Gizarte Ongizate Estatuari murrizketak egin zaizkion egoeran herrialdetik kanpoko pertsona batzuen alde sakrifizio gehiago onartzeko prest ez dauden gizarteetan. Planteatzen zaigun gai hau oso serioa da eta demagogiari ezin zaio tarterik txikiena ere eskaini, are gutxiago herritarren beldur eta ziurgabetasunen aurrean talde populista eta xenofoboak era harrigarrian indartzen hasiak diren garai honetan.

Gizatasuna, solidariotasuna eta erantzukizuna. Balore horiek europar esparrua erakargarri egin dute gure inguruan gatazka armatuen eta guden ondorioz sortzen diren izu ikarak sufritzen dituzten pertsonentzat. Balore horiek adierazten dira, besteak beste, Europar Batasunaren Tratatuan babes eskubideari buruz aurreikusten diren xedapenetan (3.2. artikulua) eta Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Kartan (18. eta ondorengo artikuluak). Europar Batasunak printzipio horiek behar bezala betetzeko neurriak hartu behar ditu. Babesari eta inmigrazioari buruzko europar politika batua da, beraz, kontinentean hartzen dugun esparru honetan gatazka humanitario ikaragarri honetan eman daitekeen erantzun zuzen bakarra.

Inmigrazioa da, laburbilduz, Europak gaur egun duen erronkarik handienetakoa. Europar egitasmo politikoa zilegitu eta indartu egingo litzateke, jarrera batu eta adostuan oinarrituta, migrazioaren erronka honi behar bezalako eraginkortasunez aurre egiteko gai balitz. Alderantziz, premiazko konponbide eraginkor eta iraunkorrak ematen ez badira, gizartean estutasuna areagotuko da eta populismoaren eta xenofobiaren arriskuak europar ametsa,azken hamarkada hauetan horren ahalegin handiarekin eraiki dena, mehatxatuko du.

Egoera honen aurrean, EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak zera aldarrikatzen du:

Lehena.- Europar Batasunak babes eta inmigrazio politikak batzeko printzipioa betetzeari ekin behar dio, Europar agenda osatuz, besteak beste, honako hauek aurreikusiko dituena: babesa emateko europar sistema bideratzea, Europari babesa eskatzen dioten pertsonei sarbide segurua emateko bisatu humanitarioak, gatazka egoeran dauden herrialdeen mugakide diren esparruetan europar babesa eskatzeko eskariak kudeatzeko harrera zentroak irekitzea, europar herrialde ezberdinetan errefuxiatu kuotak banatzeko irizpidea eta sistema definitzea eta Babesa emateko Europar Agentziari (EASO) ematen zaizkion baliabide finantzarioak handitzea -Mediterraneo aldeko herrialdeetan eta bereziki Grezia eta Italian- eta etorkinak babesteko eta erreskatatzeko Frontex sistemarako (Triton eta Poseidon eragiketak) baliabideak handitzea. Bisatu eta babesa emateko politika bateratua izateko eskatzen dugun Babes eta inmigrazio politiken baterakuntza exijitzea formula egokia da herrialde guztiei ukitzen dien eta politika bateratu global eta integrala behar duen gertakizun honetan ordena, armonía eta arrazionaltasuna jartzeko.

Bigarrena.- Jazarpenetik edo bortxakeriatik ihesi, beren herrialdetik alde egin duten errefuxiatuei beren herrialdea arrazoi ekonomiko hutsengatik uzten duten etorkinak baino lehen hartzeko eta arreta emateko lehentasuna, errefuxiatuak Nazio Batuen 1951eko Konbentzioaren bidez nazioarteko zuzenbideak babesten eta itun hori izenpetu zuten herrialdeak lotzen dituelako. Ezinbestekoa da gatazka eta ezegonkortasun egoeran dauden herrialdeen -errefuxiatu egoera abalatzen dute- eta herrialde seguruen artean ezberdintzea, babes eskarien artean ezberdindu ahal izateko. Aldi berean ulertzen dugu Dublingo III. Arauketa, Europar Batasuneko estatu kideei errefuxiatuak hartzeko erantzukizun indibiduala ematen diona, azken aldiko gertakariek gainditu dutela, eta berriz ere eskatzen dugu Europar Batasunera sartzeko eskabideak talde erantzukizuneko mekanismotik kudeatzea eta mekanismo horrek gaur egun indarrean dagoena ordezkatzea.

Hirugarrena.- Premia osoz, gaur egun gatazka herrialdeekin mugakide diren eta errefuxiatu zelaiak dauden esparruetan harrera zentroak ireki behar dira, Europarako babes eta erregistro eskariak kudeatzeko. Siriako gerraren kasuan, puntu honetan aipatu nahi dugu Turkia, Libano eta Jordaniak milioika desplazatu hartzeko egin duten ahalegina, eta Europaren laguntasun eta babesa behar dute beren zelaietara iritsi den errefuxiatu andanari arreta emateko.

Laugarrena.- Premia osoz jazarri eta justiziaren ardurapean jarri behar dira gizakiekin trafikatzen duten eta ahulenen bizitza, besteak beste emakume eta umeena, arriskutan jartzen duten mafia kriminaletako kideak.

Bosgarrena.- Europar Batasunak Kanpo eta Defentsa Politika bateratua eraiki behar du, operatibotasun osoa izango duen ejertzitoarekin, protagonismo eta eraginkortasun osoz jarduteko, gatazka egoerak ematen diren lekuetan (Siria, Libia, Irak) gudak gelditzea eta bakea eta egonkortasuna lortzeko bitartekaritza lana egiteko.

Seigarrena.- Europar Batasunak garapenerako lankidetza indartsua eraiki behar du, Herrialde ezberdinen artean koordinatua, beharrizanik premiazkoenak identifikatzeko eta ongintzazko laguntasunak emateko orduan eragin sinergikoak eragiteko.

Zazpigarrena.- Irailaren 14an Europar Batasunean egingo den gailurrean -Estatuetako agintari gorenekin egin beharko litzatekeena- Espainiar Gobernuak planteatu behar du inmigrazio eta babesari buruzko europar politika bateratua martxan jartzea eta, aldi berean, hitza eman behar du Batasunak errefuxiatuak hartzeko ezarriko duen derrigorrezko kuota onartuko duela. 

Zortzigarrena.- Euskadi bere historia osoan izan da nazio solidario eta humanista. Zentzu horretan, gure Alderdiak eta erakundeetan duen ordezkaritzak hitza ematen dute Eusko Jaurlaritzaren zuzendaritzapean eta foru eta udal administrazioekin koordinatuta, erakunde sozialekin lankidetzan eta Europar Batasunaren zuzentarauen arabera, Euskadin errefuxiatuak hartzeko eta dagozkion laguntasun ekonomikoak bideratu ahal izateko jarduera plana egingo dutela. Europar Batasuneko eta Espainiar Estatuko arduradunei eskatzen dien indar eta ekimen berberarekin, EBB honek Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko erakunde, agintari eta erantzukizuna duten pertsonak animatzen ditu bere ahalmen eta gizatasun osoa, beren solidariotasun eta ardura guztia une honetan arduratzen eta kezkatzen gaituen arazo honen zerbitzura jar dezatela. Eta hori dena egiten du euskal emakume eta gizonok gure historiaren une esanguratsu honetan egoerak eskatzen digun mailan egoten jakingo dugula konbentzituta.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ