Eneko Goia: “Ohore eta ardurarekin hartzen dut donostiar guztien alkate izateko konpromisoa”

Donostiako alkate berriaren erronka nagusiak izango dira 2016 Hiriburutza sendotzea, bazterketarik gabeko hiria eraikitzea eta bake eta bizikidetza finkatzea

Eneko Goia: “Ohore eta ardurarekin hartzen dut donostiar guztien alkate izateko konpromisoa” 13Ekainak
2015
2015 EkainaK 13 |
DONOSTIA

PARTEKATU

Donostiako alkate berriak, Eneko Goia jeltzaleak, “ohore handiz eta arduraz” hartu du kargua, Udalean egin den ekitaldi jendetsu eta hunkigarrian. Berretsi du “donostiar guztien alkate” izango dela, eta aurreratu du 2016 Hiriburutza sendotzea, bazterketarik gabeko hiria eraikitzea eta bake eta bizikidetza finkatzea izango direla datozen lau urteetako erronka nagusienak. “Gogor eta zintzo lan egingo dut donostiarrek eskaini didaten konfiantzari eta aldaketaren alde egin duten apustuari erantzuteko”, adierazi du karguari zin egin ondoren eskaini dituen lehen hitzetan.

Donostian Udaletxe demokratikoa eratu zenetik alkate izan ziren Jesus Mari Alkain, Ramon Labaien, Xabier Albistur, Odón Elorza eta Juan Carlos Izagirre izan ditu gogoan Goiak, eta berak gaur hasi duena “ibilbide luze baten jarraipena” dela nabarmendu du. “Horien guztien testigua hartzen dut eta haiek egindako lanari jarraipena emango diot. Katea ez da eten. Desberdintasunak alde batera utzi eta Donostiarekiko daukagun konpromisoak batzen gaitu”, ziurtatu du. Ildo horretan, ziurtatu du “gogor” lan egingo duela Donostia eta donostiarren alde, eta hiritar guztien alkate izateko konpromisoa berretsi du.

Etorkizunera begira, hiru erronka nagusi aipatu ditu alkateak. Lehenengoa, 2016 Hiriburutza sendotzea. Izan ere, “asko daukagu jokoan, munduari zer garen eta nor garen erakusteko aukera paregabea, alegia”. Goiak jakinarazi du helburu hori lortzeko, donostiar guztiak direla beharrezko, eta itxaropentsu azaldu da, argi daukalako “donostiar guztien artean batzen gaituen proiektu plural eta ireki hau aurrera ateratzeko gai izango garela”.

Bigarren erronka donostiar guztiei, bazterketarik gabe, duintasunez bizitzeko aukera emango dien hiria eraikitzea da. Hau da, azken urteotako krisi latzak utzitako ondorioak gainditu eta etorkizuna duen hiria eraiki, aberastasun ekonomiko eta soziala lortuz.

Azkenik, bake eta bizikidetza finkatzearen helburua aipatu du Goiak. “Garai berri bati ekin behar diogu errespetutik abiatuta, giza eskubide guztien errekonozimendua goiburu dugula eta elkarrizketa tresnatzat hartuta. Gu guztiok izan behar gara horren adibide; elkar ulertu beharra daukagu, gizarteak hala eskatzen digulako eta gertatutako berriro ere errepika ez dadin”, erantsi du.

“Erronka handiak ditugu aurrean, eta horiei aurre egiteko guzti-guztiak gara beharrezkoak. Nire nahia eta konpromisoa da guztiekin lan egitea guztiek osatzen baitugu Donostia”, amaitu du hemendik aurrera Donostiarren zerbitzura izango dela berresteko.

Eusko Legebiltzarreko presidentea, Bakartxo Tejería; Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Eider Mendoza; Ekonomia eta Garapen sailburua, Arantxa Tapia, eta beste zenbait agintari, senitarteko eta alderdikide izan dira ekitaldian, Goia eta bere lantaldeari babesa adierazteko.

Interesatu Zaitez