Markel Olano: “Gipuzkoaren etorkizuna proposamenekin eraikitzen da, ez arerio politikoa baliogabetzen”

GBBko presidenteak, Joseba Egibarrek, ziurtatu du bere alderdiak “asmatu egin duela” Herri honetako erabaki estrategikoak hartzeko garaian.
Markel Olano: “Gipuzkoaren etorkizuna proposamenekin eraikitzen da, ez arerio politikoa baliogabetzen”
29
Martxoa
2015
Berria
PARTEKATU
29 Martxoa 2015 | Berria

EAJ-PNVren Gipuzkoako ordezkariak Zumaian izan dira Udal eta Foru hauteskundeetako Uroka Kostako hautagaiak aurkezten. Ekitaldian, Gipuzkoako Aldundirako EAJ-PNVren hautagaiak, Markel Olanok, ziurtatu du bere alderdia Gipuzkoa eta gipuzkoarren aldeko proposamen zehatzak egiten ari dela, hori delako lurraldearen etorkizuna bermatzeko modu bakarra. “Gipuzkoaren etorkizuna proposamenen bidetik etorriko da, inoiz ez arerio politikoa suntsitzen”, argudiatu du, ezker abertzaleak EAJ-PNVrekiko daukan jarrera salatzeko.

Liskar politikoa alde batera utzi eta arreta proposamenetan jarriko dutela jakinarazi du Olanok. “Herritarrek ez dute nahi politikariak mokoka aritzea,baizik eta dauzkaten arazoei irtenbidea ematea. Horregatik da hain garrantzitsua, proposamen zehatzak mahaigaineratzea, EAJ-PNV egiten ari den bezala”, nabarmendu du.

Aurreratu du ekonomiaren sustapenak eta gizarte politikek berebiziko garrantzia izaten jarraituko dutela bere alderdiarentzat, bi ardatz horiek baitira Gipuzkoa eta Euskadiko “altxor” nagusienetarikoak. Ekonomiari dagokionez, gogor salatu du ezker abertzaleak azken lau urteetan erakutsi duen jarrera, enpresak erabat abandonatu dituelako eta oztopo bilakatu delako ekonomia suspertzeko. “Enpresek Administrazioaren babesa behar dute, baina Gipuzkoa Aldundiak ez du hori zaindu”, kritikatu du. Zentzu horretan, jakinarazi du sustapen ekonomikora zuzendutako aurrekontua %4etik 1,6%era jaitsi dela Bildu Aldundira iritsi denetik, eta ohartarazi du jarrera aldaketa “behar-beharrezkoa dela”.

Gizarte politikei buruz ere mintzatu da, eta adierazi du EAJ-PNVk bere egiten duela Gurutze Gorriak abiatutako “Ezkaratz Solidarioa” kanpaina, “hori baita jeltzaleek gizarte politiken inguruan daukagun filosofia”. Kanpaina honen helburua honakoa da: boluntario sare bat eratzea ezkaratz bakoitzeko errealitatea ahalik eta hobekien ezagutu eta bizilagunen arazoei irtenbidea emateko. “Hori da gure apustua: gure herrian gertatzen denaren informazioa jaso eta arazoei proposamen partekatuen bidez erantzun”, jakinarazi du.

Gaineratu du “gizarte bizia” daukagula Gipuzkoan, eta jendeak inplikatzeko gogoa eta ahalmena daukala, horregatik dela, hain zuzen ere, hain garrantzitsua gizarte politikak, ekonomia, kultura eta gainerako arlo guztietan herritarrak aktibatu eta lankidetza martxan jartzea. “Guk gizartea errespetatzen dugu, eta lankidetzarako eskua luzatzen diogu”, erantsi du.

Ezker abertzaleak “kontrakoa egiten duela” salatu du: “Ez dute konfiantzarik herritarrengan, eta horregatik jotzen dute inposiziora eta kontrolera”. Hondakinen afera jarri du adibide, bai eta gizarte politikak kontrolatzeko Aldundiak abiatutako Kabia proiektua. “Nirekin zaude, edo nire aurka zaude. Hori da ezker abertzalearen planteamendua. Eta jarrera horrek enfrentamendu politiko eta sozial ikaragarria eragiten du”, ohartarazi du.

Jarraian, GBBko presidenteak, Joseba Egibarrek hartu du hitza. Azken hamarkadei erreparatu die EAJ-PNVk erabaki estrategikoak hartzeko orduan “asmatu” egin duela ondorioztatzeko, eta azaldu du Herri honek horri esker egin duela aurrera, hein handi batean. “Geure buruari galdetzen badiogu Herri honek noiz egin duen aurrera, ikusiko dugu gidaritza eta ardura publikoak EAJ-PNVren esku egon direnean izan dela. Eta ez “Herri honengan sinesten ez zuen” Patxi Lopezen garaian, ez eta  “proiektu politikorik ez daukan ezker abertzalearen eskutik”.

Egibarrek nabarmendu du EAJ-PNVren proiektu  politikoak “helduleku politiko, demokratiko eta etikoa” izan duela beti, eta Euskal Herriarekiko eta euskal herritarrekiko errespetutik eta giza eskubide guztien defentsatik abiatu duela euskal nazioaren eraikuntza.  “Guztiek ezin dute hori bera esan. Baina guk ADNan daramagu”, azpimarratu du.

Beste behin ere, esan du “ez dela berdin politika egitea Herri honengan eta herritarrengan errespetua duzulako, eta horiekiko konpromiso etikoa duzulako, edota bide politiko eta demokratikoen alde egitea beste bide batzuk baztertu dituzulako, politikoki eraginkorrak ez ziren estrategiak alboratu dituzulako”. ETAk indarkeria utzi eta hiru urte eta erdi igaro diren honetan, uste du ezker abertzaleak politikarekin bat egin nahi badu, modu “serio eta erabatekoan” egin behar duela. Hau da, irakurketa kritikoa egin behar duela gertatutakoari buruz. “Inork ez al du esango hainbeste sufrimendu eragin duen estrategia anker eta okerrak porrot egin duela?”, galdetu du.

Gure herria eraikitzeko orduan, Euzko Alderdi Jeltzaleak industriaren alde egindako apustua ere nabarmendu nahi izan du Egibarrek. Izan ere, lehen Eusko Jaurlaritza eratu zuten gizon-emakumeek argi izan zuten hori izan behar zela Euskadiren zutabeetako bat, eta, eskumen guztiak izan ez arren, inbertsioa bultzatu zuten Udaletatik, Aldundietatik eta Jaurlaritzatik. “Hori egin izan ez balute, zein izango litzateke egungo panorama?”; galdetu du, gizarte politikak eta hazkunde ekonomikoa uztartzen dituen gizarte orekatua lortzeko erronka horretan ere, EAJ-PNVk asmatu egin zuela ondorioztatzeko. “Txanpon beraren bi aurpegiak dira industria eta gizarte politikak”, erantsi du.

Etorkizunera begira, bide horretatik jarraitzek konpromisoa azaldu du GBBko presidenteak: “Herri hau maitatzen dugu, eta bere alde lan egiten jarraituko dugu elkarrizketa eta elkarlanaren bidetik”.

Ekitaldian izan dira EAJ-PNVren Urola Kostako hautagaiak: Joxe Angel Zaldua (Orio), Xabier Txurruka (Zarautz) Uxue Larrañaga (Getaria), Nekane Arrizabalaga (Aia) eta Oier Korta (Zumaia). 

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ