Andoni Ortuzar: “Guk ez diogu beldurrik Estatuaren berregituraketari, ezta esparru publikoa berriz pentsatzeari ere"

Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek gaurkoan adierazi duenez EAJ-PNV prest dago inolako beldurrik edo konplexurik gabe, Espainiar Estatuak premia osoz egin behar duen erreformari ekiteko: Estatu eredu berria, Euskadi eta Catalunyaren nortasun desberdinak aitortuko dituena.
Andoni Ortuzar: “Guk ez diogu beldurrik Estatuaren berregituraketari, ezta esparru publikoa berriz pentsatzeari ere IKUSI BIDEOA
18 Azaroa | EBB

Ortuzarrek era berean baieztatu du talde jeltzaleak begi onez ikusten duela esparru publikoa kudeatzeko eztabaidari ekiteko aukera. "Guk ez diogu inolako beldurrik ez Estatuaren berregituraketari ezta esparru publikoa eta kudeaketa publikoa berriz pentsatzeari. Lasai asko gaude gure jarduteko moduarekin. Guk jakin badakigu Herri honentzat zer nahi dugun eta akordioak lortzeko borondate horrekin egingo den prozesu guztietan egongo gara. Lasai joango gara eta arduraz jokatuko dugu gure Herriak aurrera egin nahi duela jakinik, bere etorkizunaren jabe izan nahi duela, erabakitzeko eskubidea baliatu nahi duela eta Europan gaurkoaren besteko estatus juridiko bat izan nahi duela, fidagarriagoa eta Herri honetakoak ez diren  erakundeekiko   menpeko izan gabe. Beraz, guk ez diogu inolako beldurrik etorkizunari. Uste dugu prozesua geldiezina dela eta erreforma instituzionala egin beharko dela, Espainiar Estatu barruan erakunde guztiak krisi larrian daudelako. 1978  urtean konstituzio itunetik kanpo utzi gintuzten, ez ziguten mahai hartan esertzen utzi eta ondorioak oso argiak izan dira: Euskadi izan zen Espainiar Konstituzioak babes txikiena jaso zuen lurraldea, %30k baino ez baitzion "baietza" eman. Nik espero dut oraingoan hori ez gertatzea, beste hutsegitea litzateke. Aldi berria txarto hastea litzateke”.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek ez  du bere kezka ezkutatu, atzokoan Estatuko fiskal nagusiak  azaroaren 9an egin zen hiritarren parte hartzeagatik Artur Mas Catalunyako president-aren kontrako kereila aurkeztuko duela jakin duenean. “Rajoyk galdeketa lege barruan egitea eragotzi du eta ikusi egiten dugu gaia bizirik dagoela fiskalen artean. Ikaragarria da egun bakoitzean gertatzen ari dena. Estatuak Catalunyako gaiaren inguruan hartzen duen erabaki bakoitzarekin, gero eta narriatuago dago Espainiar estatuaren kalitate demokratikoa". "Catalunya eta Eskoziatik ikasi dugu prozesuak egingarriak direla eta ondo egin daitezkeela eta, zoritxarrez, ikusi egin dugu gauzak ez badira demokratikoki egiten, ez direla ondo irteten. Eskozian prozedura ondo egin zen. Eskoziarrek `Ezetza´ bozkatu zuten eta errespetatu behar dugu, oso emaitza argia izan zelako. Baina, catalunyar eredua ere ikusi dugu: catalunyar  erakundeek beren zilegitasun demokratiko guztiarekin saiatu diren arren, Madrilek ez die utzi. Orain gatazka baten aurrean aurkitzen gara. Eskozian ez zen gatazkarik izan; Catalunyan,ordea, bai. Ikasi dugun zerbait izan da. Hori, eta kasu berdinik ez dagoela. Batzuek nahi izan arren, Euskadin gure bide propioa egin behar dugu, beste lekuetan egindakoa ezin dugulako kopiatu".

Ortuzarrek  argi eta garbi adierazi nahi izan du EAJ-PNVk eta Ibon Uribe Galdakaoko alkateak prozesu parte hartzailea lideratzeko duten borondate eta erabakimena, Usansoloko herritarrek izan dezaten Galdakaoren balizko banaketaren inguruan duten iritzia emateko aukera , eta borondate hori entzuna  eta kontuan hartua izan dadila. Izan ere, Ortuzarrek iragarri du kontsulta hori, Galdakaoko alkateak egin duen ibilbide orriaren arabera 2015eko otsailean helduko dena  "hautestontzi gardenekin" egingo dela , " eta ez kartoizko hautestontziekin" . Era berean baieztatu duenez, Usansoloko herritarrek Galdakaotik banatzea erabakitzen badute, talde jeltzaleak Bizkaiko Batzar Nagusietan arauak aldatzeko lana egingo duela, nahi hori gauzatu ahal izateko. Ortuzarrek azaldu du EAJ-PNV ados dagoela udal esparruan ere kontsultak egitearekin, "hori bai, ondo egiten badira" esan du, Igeldoko kasua gogoan, non Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EH Bilduk aukeratutako bidea inposaketa izan baitzen. Zentzu horretan, jeltzaleen buruak gogoratu du Galdakaoko alkateak "parte hartze prozesua abian jartzea" proposatuko duela eta otsailean "kontsulta legalarekin" amaituko dela, hau da, hautestontzi gardenekin, eta ez kartoizkoekin; baliagarritasuna duten hautestontziekin, emaitzak lotesleak izango baitira.Usansoloko gehienek, lege barruan egingo den prozesu horri jarraiki, udalerri independente izan nahi dutela esaten badute, guk horren arabera jardungo dugu Bizkaiko erakundeetan arauak aldatzeko" gaineratu du. Bere esanetan " kontsultak ondo egin behar dira, lege barruan, eta oso ondo araututako parte hartze prozesuen barruan". Zentzu horretan, Ortuzarrek azaldu du "benetan" errespetatzen duela igandean  'Usansolo Herria' plataformak deituta egingo den galdeketara bozkatzera joango den jendea, baina bere sentsazioa da antolatzaileek  "lasterbideak erabili nahi dituztela" eta "hiritarrei iruzurra egin nahi diotela, eta hori ez da bidea". Ortuzarrek esan duenez "bide zuzena da alkateak eta Aldundiak egingo dutena" hau da, parte hartze prozesu "egiazkoa, arautua eta zilegia" egitea "Prozesu honek behar duen gardentasunarekin. Eta gero, horren arabera jarduteko, hau da, herritarrek esango dutenaren arabera".

EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontuetan 550 milioi euro gehitzeko egin duen proposamenaz galdetuta, Ortuzarrek talde horrek erakunde bakoitzean jarduteko erabiltzen dituen neurri ezberdinak salatu ditu. "Guk ere nahiko genuke 550 milioi euro gehiago izan ahal izatea!. Ematen du EH Bildurena , negoziaketa eskaintza baino, Olentzerori zuzendutako gutuna dela. Eskutitza, gainera, zekenen batek idatzia izan da, eskale batek egina". Jeltzaleen buruak EH Bilduri eskatu dio Gasteizen eskatzen duen "eskuzabaltasun" hori berori Gipuzkoako Aldundiaren Aurrekontuetan erakustea. "Gu Gipuzkoako Aldundian negoziatzera goazenean esaten digute aukerarik ez dagoela,  aurrekontuak handitzeko modurik ez dagoelako". "Etxean pertza zuloekin eta auzoan eltze konpontzen, eta hori ezin da horrela izan. Erraza da titular polita ateratzea zure aldekoei atsegin emateko, baina bulegora joatea eta gauzek aurrera egitea lortzea, hori baino konplikatuagoa da" ezarri du.

 

PARTEKATU