Itxaso Atutxak EH Bilduri gogoratu dio euskal hiritargoaren lehentasuna presoak baino, “enplegua eta ekonomia” dela, eta sozialistei egotzi die Madrilgoen “leihatila” direla

Bizkai Buru Batzarreko presidenteak Basauri eta Euskadirako aukerak sortzen jarraitzeko konpromisoa adierazi du, eta babes mezua helarazi nahi izan die enpresariei enpresa txiki eta ertainei,eta merkatariei.

Itxaso Atutxak EH Bilduri gogoratu dio euskal hiritargoaren lehentasuna presoak baino, “enplegua eta ekonomia” dela, eta sozialistei egotzi die Madrilgoen “leihatila” direla 16Martxoak
2014
2014 MartxoaK 16 |
Berria
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak belarrietatik tira egin die gaur EH Bildu eta PSEri, euskal hiritargoaren beharrizanik nagusienei bizkarra eman dietelako. Bizkaiko jeltzaleen agintari gorena gaur goizean izan da Basauriko San Migueleko Batzokia berrinauguratzeko ekitaldian, Izaskun Bilbao europar hauteskundeetarako hautagai jeltzalearekin eta Andoni Busquet Basauriko alkatearekin. Euskal enpresariei zuzendutako babes mezua adierazi zaie eta sindikatu batzuek erakutsi duten jarrera deitoratu da, “ kideak lortzearren beldurra ereitea” eta Euskadiko etorkizuna arriskuan jartzea leporatu baitie.

Atutxak EH Bilduri egotzi dio presoei buruzko diskurtsoa euskal hiritarrek gaur egun dituzten kezka larrien gainetik jarri duela: “Zertaz ari da EH BIldu? Presoez baino ez dira mintzatzen. Eta, langabeziaz, zer? Eta, ekonomiaz? Eta, gure enpresez? Eta, gizarte laguntasunekin, zer gertatzen da? Bilduko jaun andreok, herri honetan zuen presoak baino gauza garrantzitsuagoak badaude. Hor daude, besteak beste enplegua eta suspertze ekonomikoa. Eta, hori esaten dizue guzti-guztion eskubideen alde egin duen alderdi batek. Presoen alde ere lan egin dugulako. Eta, jakina, lan horretan jarraituko dugu. Gure filosofian dagoelako, arduraz jokatu nahi dugulako eta gure konpromisoa delako. Euskal hiritarren lehentasuna ez dira presoak; langabezia da, ekonomia da. Hori da benetan garrantzitsua dena”. Atutxak EAJ-PNVren eskua luzatu du elkarrekin ekonomiaren suspertzearen alde lan egiteko eta elkarrekin ere espetxe legeria betetzeko.

Sozialistei buruz, Bizkaiko jeltzaleen buruak Nafarroako Gobernu Krisiaren inguruan gertatutakoaz baieztatu du Madrilgoen leihatila direla: “Alderdi batzuk daude alderdi politikoak baino, sukurtsalak direnak. Okerrago oraindik: leihatilak baino ez. Sozialistak bezala. Berriro ere, argi eta garbi geratu da ez dutela ezer agintzen. Ez hemen, ez Nafarroan ere ez. Madrilek esan eta Madrilek agindu. Hemen, goitik esaten zaiena betetzea baino ez zaie geratzen. Berdin zaie euskal herritarrek esaten edo pentsatzen dutena. PSE bozkatzea da Madrilen esaten dutena eta Madrilen interesak bozkatzea PSEk soberan du Euskadiren E hori. Hobe lukete M hizkia jartzea: Madrilgo Alderdi Sozialista”.

Bizkaiko jeltzaleen buruak enpresariei, enpresa txiki eta ertainei eta merkataritzako eragileei babes mezua bidali nahi izan die. “Enpresariei laguntzen jarraituko dugu, haiek dira enpleguak sortzen dituztenak. Egunero, goizetik gauera, aurrera egiteko eginahalak egiten dituzten emakume eta gizonei lagunduko diegu. Zaindu eta babestu behar ditugu. Ez zaitzatela argazki trukatuekin nahastu. Gure enpresa gizon eta emakumeak ez dira arduragabeak, ez dira pelotazoaren erantzuleak, ez dira dirua hartu eta korrika joaten direnak. Gure enpresariak ez dira horrelakoak. Krisiaren zartako gogorra sufritzen ari dira, une latzak bizi dituzte eta beste pertsonei enplegua ematen diete. Atutxak ordainketa legea bultzatzeko konpromisoa hartu du, ordaindu gabeek sektorean eragin dituzten arazo larriak konpontzeko .

Sindikatuei ere argi eta gogor hitz egin die, arduraz jokatzea eskatu baitie: “Ez dugu demagogia merkea egingo, kide berriak lortzearren beldurra ereiten ari diren sindikatuek egiten duten moduan. Enpresak mugara eramaten dituzte, lagundu baino kide berriak lortu nahi dituztelako. Engainatzeaz gain, min ere egiten dizuete. Zuei eta guri. Guztioi. Euskadiri eta bere etorkizunari. Horiei ere ardura eskatzen diet, eta lana denon artean egitea eskaini nahi diet”.

Atutxak bere solidariotasuna eskaini die krisiaren eraginez Basauriko inguruan hain egoera latza bizi duten familia guztiei, eta lana eginez etorkizunerako aukera berriak irtengo direla esan nahi die, mundu osoko teleskopiorik handienaren zati bat Basauriko San Miguel auzoan egin den modu berean. “Egoera konplikatua da oraindik. Sufritzea tokatzen zaigu. Min ematen dit esateak baina, hala da. Suspertzeak bide luzea du oraindik guregana heltzeko, gure auzoetara iristeko, merkatari txikiarengana heltzeko. Gu ez gara geldirik geratuko, ez gara zain egongo. Baldintza berriak sortuko ditugu Euskadi inbertsiorako lur ona izan dadin, ekintzaileei bidea errazteko. Aukera berriak bilatzen jarraituko dugu. Mundu osoko teleskopio handienaren zati bat, San Migueleko enpresa batean egin izana eredugarria da gu guztiontzat”.

Izaskun Bilbao: “Euskadi solaskide baliagarria da”

Izaskun Bilbao, maiatzaren 25eko europar legebiltzarrerako hauteskundeetarako hautagaiak aditzera eman duenez Europan beste nazioen pare egoteko euskal bidea duela 30 urte jarri zen martxan: “ Autogobernua berreskuratu genuenetik. Euskal gizon eta emakumeen lanari esker, abertzaletasun demokratikoaren lidergo argiari esker, Kontzertua bezalako instituzioei esker eta ekonomia erreala bultzatzeko egin diren politika publikoei esker, gaur euskal gizon eta emakumeek gure nortasuna dugu Europan. Gure bandera ez dago Berlaymonteko mastetan, baina gure herria ezaguna da, aitortua da eta solaskide da Europako Batzordeko bulegoetan. Euskadi han dago, Europan, bere praktika onekin eta Europan hartzen dituen jarrerekin. Hori bai dela Herri bat izateko beharrezko baldintza: pertsonentzat etorkizuna eskaintzen duen tokia izatea”.

Eurodiputatu jeltzaleak era berean azpimarratu duenez “ Oinarri horiek izanda, etorkizuna gure eskuetan dago, etorkizuna guk geuk eraiki dugulako. Herri bat dugu pertsonen neurrira egina, Europan defendatu nahi dugun garapen soziala eta garapen ekonomikoa uztartzen dituen eredua.Gizarte bidezkoago batetaz ari gara, Demokraziaz eta oinarrizko eskubideez ari gara” .

Amaitzeko, Andoni Busquet Basauriko alkateak EAJ-PNVren hurbiltasunaren eta hiritargoaren onerako akordioak lortzeko duen gaitasunaren balorea defendatu du: “Gure herrikideek nahi dutena da beren arazoak konpontzea, ez dute arazo gehiago sortzerik nahi. Batzuentzat politikagintza da etengabeko soka-tiran aritzea, beti beren aldera tiratzen, beti irabazi nahian, ustezko garaipen horrek beraientzat baino ez den arren, herriari on egiten ez dion arren. Guk nahiago dugu soka askatu eta erdiko lerrora hurbildu, hitz egiteko eta arazoak konpontzeko, eta irabazle bakarrak Basauriko gizon eta emakumeak izan daitezela, nahi duten bakarra baita gu elkar ulertzea. Alderdi guztiok amore ematen jakin beharko dugu Basauriren onerako bada”.

Interesatu Zaitez