EUSKO LEGEBILTZARRAKO HAUTAGAIA GIPUZKOATIK

Bakartxo Tejeria

Larraulgoa naiz eta Villabonan bizi izan nintzen haurtzaroan eta gaztaroan. Egun Donostian bizi naiz. Ezkondua eta bi alaba eta bi semeren ama naiz.

Bakartxo Tejeria BAKARTXO 59" TAN

Zuzenbidean lizentziaduna naiz EHUn, eta maitasunez eta goxotasunez gogoratzen dut Unibertsitateko garai hura, bertan ezagutu nuen senarra eta lagun asko egin eta lagunak ditut egun, Eneko Goia esate baterako. Zuzenbide ikasketak euskaraz egin genituen lehenengotariko belaunaldia izan ginen.

Abokatu lanetan aritu eta Villabonako bake epailea izan nintzen, ondoren Villabonako alkate aukeratu ninduten.

Abertzale familia batean sortua naiz eta txiki txikitatik bizi izan dut politikarako zaletasuna eta gure Herriarekiko maitasuna. Politika zerbitzu publiko eta gure herriarekiko konpromiso gisa ulertzen dut. Eta horrexegatik erabaki nuen Eusko Alderdi Jeltzalearen kide egitea. Abertzalea naiz, politikan sinesten dut, eta politikaren bidez Herri honen eraikuntza politiko, ekonomiko eta sozialean aurrera eragiteko aukera eta egin beharra dugula uste dut. Besteak beste, arrazoi horiengatik onartu nuen Eusko Alderdi Jeltzalearen Eusko Legebiltzarreko presidente izateko hautagaitza.

Arestian aipatu moduan, Villabonako zinegotzi gisa hasi nintzen politikan eta ondoren alkate aukeratu ninduten. 2001az geroztik legebiltzarkide naiz eta, azken bi legegintzaldietan, Eusko Legebiltzarreko presidentea izan naiz, amets gozoenean ere inoiz amestuko ez nukeen zerbait.

Kooperanteak miresten ditut, beren bizitzak behartsuenei laguntzen ematen dituzten pertsona horiek guztiak. Etorkizunean, hori egitea gustatuko litzaidake.

Asko gustatzen zait familiarekin eta lagunekin egotea. Nahi ditudan pertsonekin bazkalostea eta solasaldia etxean egitea da nire planik kutunena.

Nire zaletasunen artean irakurtzea eta kirola egitea daude. Korrika egitera irtetea maite dut, benetan.

Herri honengan, bere gizon eta emakumeengan sinesten dut; indarra, gaitasuna, ilusioa eta iraunkortasuna ditugu krisi honetatik indarberrituta irteteko. Iraganean egin dugu eta berriro egingo dugu.