EUSKO LEGEBILTZARRAKO HAUTAGAIA BIZKAITIK

Ander Arakistain

Ander Arakistain Etxabe deitzen naiz eta Etxebarrian jaio nintzen 1993an. Orain Bilbon bizi naiz baina Lea Artibaiko udalerri txiki honetan dago nire jaiotetxea; bertan hazi nintzen eta bertan daude nire oroimenak. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan graduatua naiz (EHU-UPV) eta gaur egun Ingurumen, Jasangarritasun eta Garapen Jasangarrirako Helburuen masterra egiten ari naiz (EHU-UPV).

Ander Arakistain

Euskara, gure kultura, gure historia, gure lurraldea eta gure jendea maite ditut. Txiki-txikitatik ohartu nintzen gure sustraiak eta herri gisa ditugun ezaugarri bereziak babestu beharraz eta argi eta garbi ikusi nuen EAJ-PNVrena dela biderik zuzenena. 2016an, nire familiaren babesarekin, EGI-Euzko Gaztedi Indarra taldean sartu nintzen eta alderdikide egin nintzen.

2015ean graduatu nintzenetik, sektore pribatuan aritu izan naiz. Fakturazio departamentuko arduraduna izan naiz automozio sektoreko multinazional baten Erosketa departamentuan. Iaz, Lisboara joan nintzen Eusko Jaurlaritzaren Global Training Bekarekin, eta orain arte bizi izan dudan esperientziarik aberasgarriena izan da. Bertan, Nazioarteko Negozioetarako Kontsultore lana egin nuen mundu osoko pertsonek osatutako lantaldean. Esperientzia honek, atzerrian bizitzeak eta beste errealitateak ezagutzeak eraman ninduen nire jaioterriaz are harroago egotera.

Eusko Legebiltzarrerako hautagaitza erronka bat izan da niretzat, eta esan behar dut urduri nagoela karguak dakarren erantzukizunarekin. Aldi berean, ilusioz beteta eta emozionatuta nago Euskadiren alde lan egiteko aukera honekin. EAJ-PNVk Bizkaian aurkeztu duen lantaldearekin soinez soin lan egiteko gogotsu nago eta beraiei eskaintzen dizkiet solaskidetzarako eta lantaldean aritzeko ditudan gaitasunak. Gainera, Iñigo Urkulluren gidaritzapean egin ahal izatea ohore handia da, lana eta zorroztasuna proposatzen dituelako Euskadiren etorkizuna bermatzeko, munduko beste hainbat erregiorentzat erreferente eta eredugarri garen bitartean.

Pertsona irekia naiz eta gogoko dut esperientzia berriak bizitzea. Oso gustuko ditut historia, artea eta antzerkia, baita bidaiatzea, beste kulturak ezagutzea, eskia praktikatzea, irakurtzea eta musika ere eta nire denbora lagun artean eta senideekin eta animaliekin partekatzea… Basoko soinuek baretzen laguntzen didate.

Etorkizunak ekarriko dituen erronkei begira Euskadiren alde lan eginaz aurrera egiteko helburua da Iñigo Urkullurekin eta EAJ-PNVrekin partekatzen dudana