EUSKO LEGEBILTZARRAKO HAUTAGAIA BIZKAITIK

Alaitz Zabala

Alaitz Zabala Zarate deitzen naiz eta 39 urte ditut. Derion jaio nintzen baina Sondikan egin dut bizimodua; 11 urte daramatzat Sondikan, bertan sortu dut nire familia (bi mutikoren ama naiz, 8 urtekoa bata eta 6 urtekoa bestea). Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatu nintzen eta Euzkadi Buru Batzarraren Ogasun Sailean aritu naiz kontulari gisa.

Alaitz Zabala

Ume-umetatik jabetu nintzen euskalduna eta abertzalea naizela. Abertzaleak dira aitaren familiakoak eta amarenak. Aitite biak gudariak eta erbesteratuak; amama bat gazte-gaztetatik alargun geratu zen eta bizitzari aurre egin behar izan zion hiru ume txikirekin eta esnea saltzen. Aitak eta amak argi baino argiago izan dute beti Euzkadi gure aberria dela eta hala aitortua izatea merezi duela. Euskal kulturan murgilduta hazi nintzen eta berdin jarraitu nahi dut. Baina ez bakarrik euskara nire ama hizkuntza delako,baizik eta herri hau maite dudalako, bere hizkuntza eta bere kultura nireak direlako, nire aurrekoek egin zuten lanean sinesten dudalako eta beren urratsei jarraipena eman nahi diedalako. Eta hala erakutsi nahi diet nire semeei.

2019a oso urte berezia izan zen niretzat esparru politikoan.Eusko Legebiltzarkide izendatu ninduten Josune Gorospe Kongresuko diputatu irten zenean eta, ondoren, maiatzean egin ziren udal hauteskundeez geroztik, Sondikako Udaleko zinegotzi izendatu ninduten. Orain, Eusko Legebiltzarrerako aurkeztuko naiz berriz: ohore bat, ilusio handi bat eta erantzukizun erraldoi bat. Horrela, Eusko Legebiltzarrerako EAJ-PNVren lantaldeko kide izateko aukera berri honen aurrean, nire esperientzia profesionala (batez ere ekonomia- eta finantza-gaietan) eta berdintasuna eta lana eta familia bateragarri egitea sinesten eta gauzatzen dituen emakume langile baten ikuspuntua eskainiko ditut.

Alderdiak 125 urte bete ditu eta 40 urtetik gora eman ditu erakundeetan. Aldi honetan EAJ-PNVk egin duen lanari esker Euskadik etengabe egin du aurrera toki mailan eta mundu mailan. Hain zuzen ere, bide hori egiten eta ibiltzen jarraitzeko, Iñigo Urkulluren taldeko kide izaten jarraitu nahi dut. Herri honetan bere uste osoa jarri duen gizona, dagoen tokian dagoela Euskadiren interesak defendatzen eta aldarrikatzen dituen politikaria, eta erantzukizun osoz egiten du, sen onez eta lan handia eginez.

Asko gozatzen dut mendian edo hondartzan, familiarekin edo lagun artean, eta oso bereziki kirolak praktikatzean edo dantzan. Nire udalerriko hainbat elkartetan laguntzen dut. Oso pertsona aktiboa naiz eta maite ditut erronkak. Horregatik, ilusio handiarekin eta gogotsu ekin nahi diot nire bizitzako etapa berri honi.

Euskadi anitza, oparoa,iraunkorra eta berdintzailea; horixe da guk eraikiko dugun Herria