Madrilen talde sendo bat eratzea eskatzen du EAJk, etorkizun anitz eta segurua eraikitzera begira: "Euskadi Herri proiektu bat da, eta ez trintxera bat"

Talde jeltzaleak gaur eman ditu ezagutzera Kongresu eta Senaturako, Bizkaitik aurkeztuko dituen emakume eta gizonek osatzen duten lantaldea. Aurkezpen ekitaldian defendatu dute bandoetatik harago joatea eta ongizatea sortuko duten eta elkarbizitzari mesede egingo dioten politikak defendatzea

Madrilen talde sendo bat eratzea eskatzen du EAJk, etorkizun anitz eta segurua eraikitzera begira: 04November
04 November |
Kongresua

COMPARTE

EAJ-PNVk gaur bertan egin duen ekitaldian eman ditu ezagutzera azaroaren 29ko Hauteskunde Orokorretan Kongresu eta Senaturako aurkeztuko dituen zerrendetako pertsonak. Bilboko Botika Zaharretik, Idoia Sagaszabal Kongresurako zerrendaburuak etorkizunari begira jartzeko hautua adierazi du “Euskadik jarrai dezan izaten bizitzeko leku on bat”, eta ziurtatu du helburu hori lortzeko, beharrezkoa izango dela EAJ-PNVk Madrilen defendatzea “errealitatea eta Euskadin gauzak egiteko dugun era”, “zuzenean eragiten digun guztiaz erabaki ahal izateko”.

Hala egiteko, bando-politika baztertu du, eta Vox-en inguruan hitz eginez konbentzituta esan duenez “ez da nahikoa jendeari guk zer geldiarazi nahi dugun esatearekin”. Zentzu horretan gogora ekarri du EAJ-PNVk aurreko batean ere geldiarazi zuela eta berriz egiteko prest dagoela. “Euskadi defendatzea ez da soilik garena babestea. Hemen bizi direnak ere zaintzea bada, bai eta ondoren etorriko direnak ere. Etorkizuna eraiki nahi dugu, hurrengo belaunaldiak aukerekin bizi ahal izan daitezela, indarkeria erabili beharrik sentitu gabe, ez beharrizanak bultzatuta ezta dibertitzeko ere. Ez genuke nahi gorrotoaren kontra egiten dutela esaten duten horiek gorroto hori berori elikatzea. Euskadi Herri proiektu bat da, eta ez trintxera bat”, ziurtatu du.

Hala, EAJ-PNVren “bide propioa” defendatu du: “Batzuk Madrilen gobernatuko duenaren inguruko eztabaidetan nahasten diren bitartean eta besteen diskurtsoa ultraeskuinaren etorrerarekin beldurraraztera eta geldiarazteko beharra nabarmentzera mugatuta dagoen bitartean, pertsona batzuk arduratuta daude hile amaierara iristearekin. Gazteak daude lanean, baina ezin dira independizatu ordaindu ahal izango duten etxebizitza topatu ezinik dabiltzalako; familiak daude, beren nagusiak zaindu behar dituztenak, langileak daude beren enpleguak zer etorkizun izango duen galdetzen dutenak”, eta horiekin batera “enpresak daude, hazteko beharra dutenak, eta industriak, aldaketa handiei aurre egin behar dietenak”, azaldu du. Eta horretarako dago “autogobernua, defendatu eta handitu behar dugun tresna, pertsonen bizimodua hobetzeko”.

Datozen hauteskundeetan, berretsi du Sagastizabalek, Euskadin “ Kongresuan Bizkaia eta Euskadi ordezkatuko dituzten pertsonak” aukeratuko ditugu. Euren ardura izango da euskal herritarron interesak defendatzea eta beren bizimoduan zuzen-zuzenean eragiten duten erabakiak hartzea. “Hor egongo da EAJ-PNV: etorkizuna askatasunez, aniztasunez, segurtasunez eta elkarbizitzan eraikitzeko lanean”.

Senaturako hautagai Nerea Ahedok bere aldetik ohartarazi du aliantzen bidez, dela PP eta Vox-en aldetik dela PSOE eta Fronte Zabalaren aldetik, Senatua kontrolatzeko egin diren trikimailuez, eta azpimarratu duenez “konbentzitu egin nahi gaituzte aukera bi besterik ez daudela, baina kontua da datozen lau urteotan gure interesak defendatuko dituztenak aukeratzea. Eta hor egongo da EAJ-PNV, gu gurera: zentratuta eta Euskadiren eta bere hiritargoaren beharrak zaintzen”.

Ahedok gogoratu du talde jeltzalea dela “gure autogobernua ahultzeko asmoz isil-isilik egiten ari diren ahaleginei” planto egiten dien bakarra, beste batzuk “kortesanoen antzera, Madrilera iritsi bezain laster, autogobernua, eskuduntzak eta Ekonomia Ituna erabat ahazten dituzten bitartean, kritikarik egin gabe eta estatuko alderdiei men eginez”. Horregatik, hain zuzen, Ahedok EAJ-PNVren agenda aldarrikatu du: “programa propioa, Euskadin eta Euskadiren mesedetan pentsatua eta egina; proposamen zehatzekin, eta faszismoaren edo populismoaren kontra borrokatuko direla esanez erreferentzia orokorretan geratu gabe. Guk proposamen zehatzak dakartzagu etxebizitzarako, ingurumenerako, energia eta industriarako… Aberastasuna sortuz, denon artean banatzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko”.

Gorte Orokorretarako zerrendaburu biek eginiko baieztapen eta konpromisoak Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarrak esan dituen hitzetan ere adierazi dira, berak esan ditu ekitaldiari hasiera emateko berbak, Bizkaiko zerrendak osatzen duten lantalde osoa aurkeztuz. “Hauteskunde hauetan gure etorkizuna aukeratuko dugu. Erabaki egingo dugu zer nolako Herria eraiki nahi dugun eta gure interesak nork defendatuko dituen”, esan du, eta konbentzituta aldarrikatu du EAJ-PNV dela helburu hori betetzeko bermerik onena: “Inor ez du gure ordez egingo, guk geuk egin behar dugu”.

Ansolak hala nabarmendu du talde jeltzalearen egiteko modua: “Euskal talde bat Madrilen, euskal erakundeekin eskuz-eskuz lan egiten duena oparotasun handiagoa lortzeko, aukera gehiago eta ongizate handiagoa Euskadirentzat. Euskal Etxea eraikitzen jarrai dezagun”. Hauteskunde Orokorretarako helburu nagusia, hautagaiek eurek adierazi dituzten ildo nagusiekin bat eginik, esaldi sinple eta sendo batekin ezarri du “misio bikoitza dugu: Euskadi defendatzea eta Euskal Etxea eraikitzea”.

Óscar Puenteren dimisioa

Beste alde batetik, Sagastizabalek erreferentzia egin dio Óscar Puente ministroaren dimisioari, duela egun batzuk talde jeltzaleak berak alde batera egiteko eskatu ziola gogoratuz. Hala azaldu duen atzo bertan Kongresuko Diputazio Iraunkorrean, urte betean hildakoak utzi dituen bigarren tren-istripu bat gertatu izanak herritarren artean sortu duen mesfidantzagatik ministroari erantzukizun politikoa dagokiola azalduz.

Hautagai jeltzaleak ziurtatu du EAJ-PNVk Madrilen ez diola inori “alfonbra gorririk jartzen”, “elkarrizketarako joera handia duen taldea izan arren, zorrotza eta sendoa ere badelako egoerak eskatzen duenean”, une honetan tren-istripuarekin egin bezala. “Maila goreneko erantzukizun politikoak eskatu ditugu, egoerak halaxe egitea eskatzen zuelako, handikeriarik gabe edo inori men egin gabe. Zorroztasuna. Alderdi bakar bat geratu zen atzo Kongresuko diputazio egonkorrean egoerak eskatzen duen neurria eman gabe. Bilduk itsu-itsuan jarraitzea erabaki zuen eta bere interes partikularrak jarri zituen halako kasu batean behar den erantzukizun politikoen gainean. Berriz esango dut, EAJtik Madrilen irmotasunez jardutea eskaintzen dugu”.

 

Te puede interesar