Agirre Lehendakariaren legatua aldarrikatu du Vaquerok “EAJ-PNV, orain eta beti, faszismoaren kontra, indarkeriaren kontra eta demokraziaren defentsan”

Agirre Lehendakariari Bilbon egiten zaion urteroko lore eskaintzan, Maribel Vaquerok, Gipuzkoatik EAJ-PNVk Kongresurako aurkeztuko duen hautagaiak, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena betetzen den urte honetan Euskadiko lehen Gobernu hark “erreferente” izaten jarraitzen duela “haren balioek indarrean jarraitzen dutelako”. Hala gaitzetsi ditu atzo bertan Bilbon eragin ziren indarrezko gertakariak: “faszismoa ezin da faszismoarekin borrokatu”

Agirre Lehendakariaren legatua aldarrikatu du Vaquerok “EAJ-PNV, orain eta beti, faszismoaren kontra, indarkeriaren kontra eta demokraziaren defentsan” 27October
27 October |
EBB
VER VÍDEO

COMPARTE

EAJ-PNVk Kongresurako Gipuzkoatik proposatuko duen zerrendaburu Maribel Vaquerok gaurko omenaldian aldarrikatu du Agirre Lehendakariaren legatua, “demokrazia, erresistentzia eta bakearen erreferentea” dela esanez, Bilbon, haren omenez eginiko lore eskaintzaren ondoren egin den omenaldian.

Aurtengo edizioak izaera berezia du, 90 urte bete direlako Agirre Lehendakaria buru izan zuen lehen Eusko Jaurlaritzaren sorreratik. Vaquerok azpimarratu duenez Gobernu hura “erreferente” da, defendatu zituzten balioek indarrean jarraitzen dutelako. Vaqueroren esanetan Agirre, “errespetu eta elkartasunaren” sinboloa da euskal gizartearentzat eta oso bereziki EAJ-PNVrentzat.

“Agirre Lehendakariaz hitz egitea demokraziaz, erresistentziaz eta bakeaz hitz egitea da. Bere legatuak gaur ere gidatu behar gaitu, oraindik jarraitzen baitugu gerrez, inposaketez eta indarkeriaren erabileraz hitz egiten”, esan du hautagai jeltzaleak, eta gogora ekarri du faszismoari aurre eginez Hiribildua  defendatu zuten euskal herritarren ahalegina.

Egungo testuinguru politikoan, jeltzaleen hautagaiak ohartarazi du printzipio horiek “inoiz baino gehiago” aldarrikatu behar direla gaurko egunean, eta jeltzaleen egitekoa defendatu du faszismoari planto egiteko orduan. Hala aipatu ditu atzo, astelehena, Bilbon Vito Quiles ultra eta istillu-sortzaileak Deustuko Unibertsitatean deitu zuen manifestazioa bertan behera geratu zen arren eragin zen indarrezko gertakariak.

“Gaur Agirre Lehendakaria gogoratzea da erantzukizun bat gure gainean hartzea: bere printzipioak defendatu behar ditugula indarkeriaren edo intolerantziaren bidez gizartearen ikuskera zehatz bat inposatzeko edozein ahaleginen aurrean. Horregatik, argi eta irmo gaitzesten ditugu atzoko indarrezko gertakariak, probokazioari ez zaiolako indarkeriarekin erantzun. Indarrezko gertakariak ezin ditugu inola ere normalizatu. Ez dute justifikaziorik. Demokrazia errespetua da. Ezin da inposaketa izan, indarkeria erabiliz”, ziurtatu du Vaquerok. Eta atzoko gertakariak salatu ditu:” Faszismoa ezin da faszismoarekin borrokatu”.

Bestetik, PPk  eta Vox-ek Senaturako Gipuzkoan adostu duten akordioa kritikatu du, agerian geratu baita PPk ultraeskuinari bidea libre uzteaz gain  Euskadin haientzako botoa eskatzeko prest  agertu delako: “Argi eta garbi geratu da PP erabat galduta dagoela eta Euskadi ez diola bat ere axola”.

Gertakari bien aurrean, Vaquerok EAJ-PNVren ibilbidea aldarrikatu du: "Beren ideiak indarraren eta probokazioaren bidez inposatu nahi dituztenen aurrean, politika, aniztasuna eta giza eskubideak aldarrikatzen ditugu”. “Orain eta beti, EAJ-PNV faszismoaren aurka eta demokraziaren eta giza eskubideen defentsan” amaitu du Vaquerok.

Te puede interesar