Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak araudia kritikatu du, ez duelako bermatzen oinarrizko eskubideei zor zaien errespetua, eta atea irekitzen diolako hirugarren herrialdeetan atxiloketa-zentroak sortzeari, EBk gainbegiratu gabe. "Itzulera-politika eraginkorragoa nahi dugu. Europar Batasunak irmo erantzun behar du, baina baita gizatasunez ere"
17JuneOihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatuak gaur bertan, asteazkenarekin, deitoratu egin du Europako Parlamentuak onartu izana migratzaileak euren herrialdeetara itzultzeko araudia, Europar Batasunean legez kanpo jarraitzen duten hirugarren herrialdeetako herritarrak itzultzeko prozedurak ezartzen dituena, oinarrizko eskubideen errespetua bermatzeko babes nahikorik eskaintzen ez duela iritzita.
"Migrazio ordenatua, erregularra eta segurua behar dugu, laneratzearekin lotuagoa bai eta eskubide eta betebeharrekin ere, baina duina eta gizatiarra. Eta Kontseiluak eta Europako Parlamentuak gaur bozkatu duten akordioa ez da duina. Ados gaude itzulera-politika eraginkorra behar dugula esatean, baina testu honek marra gorri batzuk gurutzatzen ditu, eta horiekin ez gaude bat ere ados, eta horregatik bozkatu dugu akordioaren testuaren negoziazioa berriro irekitzearen aurka", adierazi du jeltzaleak.
Arauketan jasotzen den elementu eztabaidagarrienen artean, nabarmentzekoa da Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan atxiloketa-zentroak sortzeko legezko aukera, EBren kontrolik eta ikuskapenik gabe, eta horietara itzultzeko ordena irmoa duten pertsonak bidaltzeko. Inoren kargura ez dauden adingabeak kanpoan geratzen dira, baina ez adingabeak beren kargura dituzten familiak. Horiek ere bidali ahal izango dira aipatutako zentroetara.
Agirregoitiaren iritziz, ezin dira Europako balioak defendatu eta, aldi berean, adingabeak inolako harremanik ez duten eta haien eskubideak nola errespetatzen diren ez dakiten hirugarren herrialdeetako zentroetara kanporatzea onartu. "Begiratzen denetik begiratuta, akordio txarra da. Ezin gara eskuin muturraren jarreren atzetik ibili, duela egun batzuk indarrean sartu berri den Asilo eta Immigrazio Ituna eta oinarrizko eskubideen babesa ahultzen ari baitira. Itzulera-politika eraginkorragoa nahi dugu, baina babes-bermerik gabeko pertsonak ezin dira kanporatu. Europar Batasunak irmo erantzun behar du, baina baita gizatasunez ere", azpimarratu du.
Erregelamenduaren arabera, egoera irregularrean dauden hirugarren herrialdeetako pertsonak agintariekin lankidetzan aritzera behartuta egongo dira, hau da, eskatzen zaienean informazioa eta dokumentazioa ematera eta estatu kideko lurraldean egotera. Kolaboratzen ez badute, haiek ihes egiteko arriskua badago edo segurtasunerako arriskua badakarte, atxilotu egin ahal izango dituzte. Atxiloaldia 24 hilabetekoa izan daiteke, 30 hilabetera luzatzeko posibilitatearekin, eta neurria aplikatu ahal izango zaie inoren kargura ez dauden adingabeei eta adingabeak ardurapean dituzten familiei ere.