Diputatu jeltzaleak gaur kritikatu du Espainiako gobernua egun lantzen ari den Bekadunaren Estatutua, “osagai hezitzailea” aintzat hartzen ez duelako eta “ikasleak prestatzeko osagai bat” “lan esparruko elementu” bihurtzeagatik, aldi berean Euskadiko LH Duala bezain sistema serio bermatzaile eta eraginkorra zigortzen baitu
27May“Bekadunaren estatutu-proiektuak, prestakuntza bidean dauden ikasleak langileak balira bezala hartzeaz gain, eta lanekoak ez diren praktiken iruzurrezko erabileraren aurka borrokatzeko aitzakiapean, esparru zurrun bat inposatzen du Euskadiko errealitatea kontuan hartzen ez duena eta sistema serio, bermatzaile eta eraginkorra eraiki dutenak bereizketarik gabe zigortzen dituena", azaldu du gaur bertan, asteazkenarekin, Joseba Agirretxea Euskal Taldeko diputatuak. "Euskadiko Lanbide Heziketa Duala ez da zuzendu beharreko arazoa: errespetatu beharreko eredua da, araututa dago, gainbegiratuta dago, ikasleak babesten ditu, produkzio-ehuna inplikatzen du eta emaitza egiaztatuak eskaintzen ditu kualifikazioari eta enplegagarritasunari dagokienez. Horregatik, errealitate erabat desberdinei arau-egitura bera aplikatzea ez da zorroztasunez arautzea; erabaki politiko okerra da", defendatu du.
Milagros Tolón Hezkuntza ministro andreari Parlamentuan egin dion galdera batean, diputatu jeltzaleak ziurtatu duenez “nahikoa da ikustea estatutu honen lanketa Lan Ministerioaren esku dagoela”, argi uzten baitu “prestakuntzari eta ikasleei dagokien gai hau laneko gai bihurtzen dela”.
“Nire taldeak ez du proiektua babestuko, ez baititu asetzen ez ikasleak ezta ikastetxeak ere, enpresariei ere kentzen die ikasleak praktiketan hartzeko gogoa, praktika horiek derrigorrezkoak direnean, eta lehenagotik funtzionatzen duten eta Estatuaren tutoretzarik behar ez duten ereduak arautzera sartzen da”, kritikatu du Agirretxeak, eta ildo beretik azaldu duenez “bekadun faltsuak kontrolatzeko eta jazartzeko sistemak egon badaude, ez da behar lege inbaditzailerik, prestakuntza bidean dauden ikasleak ez dira langiletzat hartu behar, ez dago praktikak murriztu eta mugatu beharrik”.
Azken finean, diputatu jeltzaleak defendatu du Bekadunaren Estatutuak, Lan Ministerioak planteatutako terminoetan, euskal hezkuntza esparruaren arbuioa jasotzeaz gain “ez du prestakuntza hobetzen, ez du enpleagarritasuna hobetzen, ez dio Euskadiko errealitateari erantzuten eta, gainera, arriskuan jartzen du dagoeneko ondo funtzionatzen duen LH Duala”. Zergatik horretan tematu?, amaitu du.