Bozeramaile jeltzaleak Espainiako presidenteari mahaigaineratu dizkio hemendik eta legegintzaldia bukatu arte izan beharko lituzkeen lehentasunak, eta betetzeke geratzen diren erronkei heltzeko orduan formak edukia bezain garrantzitsuak direla ohartarazi dio
29AprilEuskal Taldeko bozeramaileak, Maribel Vaquerok, gaurko osokoan Pedro Sánchez presidenteari azaleratu dizkio Euskal Taldearen ustetan Espainiako gobernuak landu beharko lituzkeen lehentasunak, eta gogora ekarri dionez “parlamentuko aritmetika krudela da; asteartean alokairuak luzatzeko dekretuaren bozketan agerian geratu zenez, Gobernuak ez dauka behar duen gehiengorik. “Gai batzuk daude are adostasun zabalagoa behar dutenak” eta ohartarazi du pendiente geratzen diren gaietarako Gobernuak babesa nahiko balu, erabaki beharko duela babes horiei nola eutsi nahi dien.
Hala, Vaquerok Sánchezi exijitu dio behingoz konpon ditzala “medikuen greba eragin duten arrazoiak”, 300.000 herritarrentzako arreta alteratu eta 8000 ebakuntza atzeratu ditu, itxaron zerrendak murrizten ari ginen momentuan”. Hauxe da “estatu mailako gatazka, lidergoa eskatzen duena”, deitoratu dio. Konponbideak ere eskatu dizkio etxebizitza gaietarako, autonomoentzat eta gizatalde oso zehatzetarako, hala nola amiantoak eragindako pertsonentzat, cume prestazioaren hartzaileentzat, mendekotasun handia duten zaintzaileentzat eta 40 urte baino gehiago kotizatu dutenentzat. “Berdin jarraitu ahal izango nuke eta, ikusten duzunez, ez dut hitz egin inbestidurako akordioan bete gabe jarraitzen duten gaiez. Ezta lege proiektuez ere, sekretu ofizialena bezalakoa. Bete gabeko konpromisoak dira horiek”, gaineratu du.
EAJ-PNVk lehentasun gisa planteatzen dituen kontu zehatzetarako, bozeramaile jeltzaleak hala galdetu dio Sánchezi: “Behar bada, legegintzaldia amaitu arte geratzen zaizun denboran daukazun lehentasun bakarra faszismotik eta trumpimotik babesteko harresia eraikitzea baino ez da, eta hori ere zilegi eta beharrezkoa da. Hor ere aurkituko gaituzu, inoiz ez garelako aldendu balore demokratikoen defentsatik, hori ere gure helburua delako” eta amaitu aurretik ohartarazi dionez “ ez dugu lortuko, edukiaz gain formak ere zaintzen ez baditugu eta gure artean elkar errespetatzen ez badugu”. “ Zeuk jakingo duzu hemendik eta hauteskundeetara nola iritsi nahi duzun, konpainiarik nahi duzun ala ez”, laburbildu du.