Gure buruKIDEAK

2017/07/23

Napar Buru Batzarreko presidente den Unai Hualderi elkarrizketa

“EAJ-PNV Nafarroako aldaketan egiten ari denak dimentsio historikoa dauka”

Unai Hualdek, 2016ko urtarriletik hona Napar Buru Batzarreko presidentea denak, uste osoa du EAJ-PNV “dimentsio historikoa duen eginkizuna” betetzen ari dela Uxue Barkos Geroa Bairen eskutik presidentziara iritsi izanak Nafarroarentzat ekarri duen aldaketa prozesuan. “Gainera, EAJ-PNV misio hori betetzen ari da ezberdinen artean ulertzeko eta adosteko duen gaitasunaz baliatuta, hau da, berrogei urteotan Nafarroako erakunde nagusietatik kanpo baztertuta egon ziren sektore politiko eta sozial abertzale eta progresistekin batera”.

EAJ-PNVren web orrialdeari eskainitako elkarrizketan, Hualdek baieztatu du Barkos presidentziara iritsi izanak erabateko aldaketa ekarri duela Foru Erkidegoarentzat Yolanda Barcinaren etapa ezin okerragoaren ostean. “UPN gobernuan zegoenean, sektore abertzale eta progresistak erakunde guztietatik kanpo baztertuak izan ziren. Barkosen oraingo gobernua aniztasunean oinarrituta dago, parlamentuko lau indarren babesa dauka eta gobernu programari buruz indarrean dauden akordioen barruan are akordio zabalagoetara iristeko borondatea dauka. Orain, parlamentuko gehiengo anitzarekin bat egiten duen gobernua dago eta bere kontrolaren pean jartzen da orain arte ez bezala” esan du Nafarroako jeltzaleen buruak.

rss Ezagutzera eman

Bi urte igaro dira Foru legealdia hasi zenetik. Aldi honetan legeak onartu dira, horietako batzuk Geroa Baik bultzatutakoak eta hauen artean Euskararen Legearen aldarazpena. Zer balantze egiten duzu orain arte egindakoaz?

UPN-PP-PSN hirukoaren aldietan oso lege murriztaileak onartu ziren. Lege aldarazpenarekin bilatzen dena da botere publikoen aldetik euskarari orain artekoa baino babes handiagoa emango zaion aldirantz abiatzea, herritarrek komunikatzeko erabiltzen duten tresna izateaz gain, euskara herri honen ondare kulturala delako. Gainera, aldi honen ezaugarria izan da gizarte mailan garrantzi handiko legeak egin eta onartu direla,besteak beste bermatutako errentari buruzko legea, etxebizitza legeari buruzko neurriak edo gizarte politiketan, hezkuntzan, osasunean edo giza eskubide alorrean inbertsio garrantzitsuak aurreikusi diren aurrekontu legeak.

Nafarroako Parlamentuko presidenteorde zaren aldetik, zer ezberdintasun antzematen duzu Uxue Barkosen eta UPNren gobernuen artean?

UPNrekin, abertzaleak eta progresistak erakunde guztietatik kanpo egon dira. Barkosen oraingo Gobernua aniztasunean oinarritzen da, parlamentuko lau talderen babesa dauka eta akordio zabalagoak adosteko bokazioa dauka gobernu programari buruz indarrean dauden akordioen barruan. Aurreko legealdian Parlamentuak legeak ateratzen zituen gutxiengo egoeran eta akordioetara iristeko gai ez zen Barcinaren gobernua zegoen arren. Egoera goitik behera aldatu da: orain parlamentu anitz batekin bat egiten duen gobernua dago eta gobernu horren jardunaren kontrola egiteko modua dago, orain arte ez bezala.

Espainiako gobernuak ohartarazi du Ikurrina jartzea legez kanpokoa dela Sinboloen Legerik ez dagoen arren. Zer iritzi duzu jarrera honetaz?

Tamalgarria da Nafarroan propio sentitzen dugun ikurrina debekatzearekin horren gogor tematzen jarraitzea. 2003ko legea indargabetua izan delarik, Geroa Bairen aldetik sinboloen lege berri eta inklusiboagoa adostea aldeztu dugu zeinetan halako debekuek lekurik izango ez duten. Sinboloen esparruan ere gure herrian bizi dugun aniztasuna eta gure artean ematen diren sentimendu ezberdinak errespetatuko diren egoerara igarotzea aldezten dugu.

Caja Navarrako Ikerketa Batzordeko presidentea zara. Ebatzi da erantzukizun politikoa norena den eta Caja Navarrari dagokion ondareagatik nork erantzun beharko ote duen?

Une honetan Entzutegi Nazionalean zigor prozesu bat dago martxan eta ikusiko dugu prozesu horrek zer dakarren, baina politikoki egin beharreko gauza da aurreko legealdian bete gabe geratu zen kapitulua ixtea, beste ikerketa batzordea “faltsuan” itxi zelako borondate politikorik egon ez delako. Agerraldi fasea udazkenean egingo da, jaso diren agiri guztiak beste taldeek aztertu ondoren. Edozein kasutan, argi dago UPNren Gobernuak ez zuela gainbegiratu Cajaren desagerpena ekarri zuen fusio eta ondorengo absortzio prozesua,gainbegiratze lan hori bere derrigorra zen arren.

Nafarroa, Akitania eta Euskadi elkarrekin ari dira Euro-erregioan. Helburu nagusien artean daude euskararen sustapena, tren bidezko konexioa eta enpleguaren sorrera. Uste al duzu hiru herrialdeen arteko lankidetza-aldia ireki dela?

Nafarroa urte luzetan bizi izan da Akitaniari eta Euskadiri bizkarra emanda, UPNren konplexu ideologikoengatik. Lankidetza beti da ona eta aukera asko zabaltzen ditu esparru hauetan eta beste hainbatetan. Zentzu honetan azpimarratu behar da Nafarroan une honetan Europara zabaltzeko egiten ari den apustua azpimarratu behar dela, besteak beste Euro-erregioa moduko mugaz gaindiko lankidetza organoetan parte hartuz.

Duela gutxi ezagutu ditugu Fiskaltzak Altsasun erasoak guardia zibilen kontrako erasoan inplikatutako gazteentzat eskatu diren 50 urtetik 62 urtera bitarteko espetxe zigorrak. Zer iritzi duzu gertatutakoaz?

Guztiz neurrigabea da, gertakariei izaera terrorista emateko interes ulertezina dagoelako, halakorik izan ez arren. Benetan kezkatzen nau Euskadin eta Nafarroan horrenbesteko sufrimendua pairatu ditugun urteen buruan bizikidetza baketsu eta demokratikoa finkatzeko ahalegin guztiak egiten ari garen aldi honetan, Estatuko instantzien aldetik Altsasukoa moduko gertakari isolatu eta bakana baliatzeak bizikidetza hori tenkatzeko eta gaiztotzeko.

Napar Buru Batzarreko presidente azaren aldetik, nola ikusten duzu Nafarroako EAJ-PNV? Zuzentzen duzun alderdiak zer egiteko izan behar du aldi berri honetan?

Alderdia ondo ikusten dut, pertsona handiek osatua da, kudeatzeko gaitasuna dute eta oso konpromiso sendoa hartu dute Nafarroaren aldaketa politikoarekin eta aldaketa politiko hau finkatzeko lanarekin. Konbentzituta nago une honetan daukagun egitekoak dimentsio historikoa duela. Gainera, EAJ-PNV misio honetan bete betean asmatzen ari da ezberdinen artean elkar ulertzeko eta onartzeko duen gaitasunagatik, kasu honetan, berrogei urtetan Nafarroako erakunde nagusietatik kanpo geratu diren sektore politiko eta sozial abertzale eta progresistekin batera. Esperientzia ikaragarri ona izaten ari da.

Profila

Unai Hualde

NBBko presidentea

Unai Hualde Iglesias (1976-07-25) goitik beherako altsasuarra da. Nafarroan EAJ-PNVko buruzagi gisa dituen ardurek eta Nafarroako Parlamentuan egiten duen bizimodu politiko biziak denbora eskasa uzten diote horren gogoko duen zerbait egiteko, hau da, gehien maite duen Sakanatik motor–ibilbideak egitea. Hantxe, Sakana aldean dagoela, naturarekin harremanetan sentitzen da eta bere arduretatik apur bat aldentzea lortzen du. Harrotasun osoz aitortu du “treneko herrikoa” dela, Altsasu “herri anitz eta aberasgarria” bihurtu dela azpimarratuz. Txoko berezi bat dauka: Altsasuko San Pedro zelaiak, eta ahal duen guztietan joaten da hango erromeria eta ingurune naturala gozatzera.

Bere herriarenganako sentitzen duen grinak eraman zuen 2007-2011 legealdian Nafarroa Bairen izenean Altsasuko alkate izatera. Gaur egun Geroa Bai taldeko legebiltzarkidea eta Foru Parlamentuaren Mahaiko lehen presidenteordea da. 2015eko uztailaren eta 2016ko otsailaren artean NBBko funtzioko presidentea izan zen Manu Ayerdiren ordez. Hualde 1999an alderdikidetu zen, 2004an NBBko burukide egin zen eta duela urte bete eta erditik hona NBBko presidente aukeratu zuten. Zuzenbidean lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta Zuzenbide Publikoaren esparruan aholkulari juridiko lanetan aritu izan da.

Konplikazio handirik gabeko plazerrak gozatzen ditu: paseatzea, lagun artean garagardoren bat hartzea eta eleberri historikoak irakurtzea. “Zenbat eta intriga gehiago, orduan eta hobeto” esan du Hualdek. NBBko burua gazte gaztetatik bidaiatu izan da Herrialde osotik. Nafarroa Iparraldetik Hegoaldera eta Mendebaldetik Ekialdera zeharkatu du, eta askotan Alderdiaren ordezkari gisa. Hori dela eta, Hualde aho batez proposatu zuten NBBko presidenterako Altsasu, Arantza, Auritz-Burguete, Baztan, Lizarra, Etxarri, Iruñea, Lesaka, Tafalla, Tutera, Huarte, Zizur Mayor, Egüés, Viana eta Igantziko Uri Erakundeek. NBBK 1985 urtetik hona (EAren eszizio urtetik aurrera) izan duen seigarren presidentea da. Nafarroako EAJ-PNVko presidenteak ordutik aurrera izan dira Carlos Clavería, Vicente Arocena, José Antonio Urbiola, José Ángel Agirrebengoa eta Manu Ayerdi.

Hualdek obsesio bat dauka: Lauko gobernuak hitzartutako gobernu akordioa betetzea “Nafarroako oraingo Gobernuaren benetako bizkar hezurra”. Gobernu “historiko” honekin oso “harro” dagoela aitortu du Hualdek, EAJ-PNVko sailburu bi dituela gogora ekarriz, Manu Ayerdi eta María Solana, alegia. Halaber, Nafarroako jeltzaleen buruak “baikor” begiratzen dio Nafarroako etorkizun politikoari. Nabaritzen hasiak diren aldaketa sozialez hitz egitea gustatzen zaio, besteak beste Errenta Bermatua, etxebizitza babestuen alokairua, LBTBI kolektiboa babesteko legea, frankismo garaian lapurtutako seinen egoera arautzekoa eta Euskararen legearen gaur egungo aldarazpena, gunez aldatu nahi duten udalei hala egiteko aukera ematen diena.

  • Unai Hualde. EAJ-PNV
    2017/07/21

  • Unai Hualde. Uxue Barkos
    2017/07/21

Andoniren Bideobloga

Alderdi Eguna 2017
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA
Elkarrizketak - Gure Burukideak
Jarrai iezaguzu Telegramen

  Agenda

2017/10/23 21:00

Aitor Esteban

   Cadena Ser 

Twitter

Facebook

YouTube

Flickr