Gure buruKIDEAK

2017/07/16

Ipar Buru Batzarreko presidente den Pako Arizmendiri elkarrizketa

Pako Arizmendi: “Apurka-apurka Ipar Euskadiko euskaldunen artean sustrai dezakegu herri bat garela eta etorkizuna partekatzen dugulako ideia”

Ipar Buru Batzarreko presidenteak azken aldian eman diren urratsak ospatu ditu, besteak beste Elkargo Bakarra ezarri izana edo euskarari eman zaion bultzada, baina aitortu du oraindik ibili beharreko bidea geratzen dela herri mailan eta EAJ-PNBren baitan

Pako Arizmendi Ipar Buru Batzarreko presidente izan zen izendatua 2016ko urtarrilean. Orain arte igaro den urte bete eta erdian, hainbat gauza gertatu dira Iparraldean eta Frantziar Estatuan, hauen artean hauteskunde presidentzialak eta legegileak, Emmanuel Macroni botere kuota altuak eman dizkiotenak. Era berean eratu da Elkargo bakarra, Iparraldeko hiru herrialdeak barnean hartzen dituena. Arizmendiren ustetan benetan albiste ona da hori. “Ilusioa dugu azkenean herritargoak ulertuko duelako kultura, hizkuntza eta historia propioak dituen herrialdean bizi dela. Apurka-apurka, Hego Euskal Herrian ondo doazen gauzetan oinarrituta eta inspiratuta, Ipar Euzkadiko herritarrak ere kontzientziarazi ahalko ditugu herri bat garela eta etorkizuna parteka dezakegula” esan du Ipar Euzkadiko jeltzaleen buruak.

EAJ-PNVren web guneari eskainitako elkarrizketan, Arizmendi poztu egin da Ipar Euskal Herrian euskara normalizatzeko eta sustatzeko prozesuan lortu den aurrerakadagatik. Dena dela, azken 18 hilabeteotan dena ez da lorpena izan. Lortu gabe geratu diren erronkak ere badira. Barne esparruan dagoen erronka estrategikorik handiena da EAJ-PNBko alderdikide kopurua igotzea eta oraingo alderdikideak motibatzea. “Presentzia positiboagoak eta dinamikoagoak baino ez gaitu aterako luzaroegi egon garen eta irteten hasiak garen bigarren mailatik” baieztatu du IBBko presidenteak.

rss Ezagutzera eman

Zer nolako balantzea egiten duzu Ipar Buru Batzarreko presidente gisa daramazun urte bete eta erdi honen ondoren?

Hitz gutxitan laburbildu beharko banu, on samarra izan dela esango nuke. Alderdi ona da azken hauteskunde legegileetan aurrera egin dugula 2012ean egin ziren hauteskundeekin alderatuta. Lehen aldia da EAJ-PNBk Ipar Euzkadin hiru hautagai aurkeztu dituela, hauteskunde legegileak guretzat zailenak direla gogoan izanik. Gainera, gaur egun ikusgarriagoak gara alderdi gisa. Hiru hilero `Lema Eguna´ ospatu izanak eta hauteskunde legegileetarako eraman dugun kanpainako edukiak komunikabideetara iristen lagundu digute. Alderantziz, gure arazorik handiena da oso alderdikide gutxi garela. Hamabi hautestsi adoretsu ditugu Iparraldek dituen 300.000 herritarrentzat… horrek behartzen gaitu une honetan erresistentziako jarrera izatera. Presentzia positiboago eta dinamikoak baino ez gaitu aterako luzeegi egon garen bigarren mailatik, baina zorionez egoera horretatik irteten hasiak gara.

Elkargo Bakarra ezarri izanak aldi berria ireki du Ipar Euskal Herrian. EAJ-PNBk zer egiteko izango du aldi honetan?

Hautetsi gehienek egitura honen alde bozkatu dute. Hiritar guztiek oraindik aldaketa hau barneratu ez duten arren, esango nuke elkargo berri hau oso onuragarria dela herriarentzat eta EAJ-PNBrentzat. Ilusioa daukagu eta esperantza ere bai hiritargoak barneratzen has dezala kultura, hizkuntza eta historia propioak dituen herrialde batean bizi dela eta etxetik bertatik erabakitzeko aukera izan dezakeela, hau da, herriaren garapenean parte hartzeko aukera. Apurka-apurka eta Hego Euskal Herrian ondo doan horretan oinarrituta, Ipar Euzkadiko euskaldunak kontzientziarazi ahalko ditugu herri bat garela eta etorkizuna partekatzen dugula. Bizitza publikoan dugun presentzia ezinbestekoa da mezu hau zabaldu nahi badugu.

Zure ustez zer ondorio izango du Ipar Euskal Herrian Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidentziara iritsi izanak?

Zoritxarrez, kanpaina osoan ez diot bere herriko gutxiengoengatik kezka berezirik antzeman. Baina gurekin batera EAD-PDE (Europako Alderdi Demokrata) osatzen duen MODEM alderdiko diputatu talde handi bat (43 eserleku) bere Gobernuan sartu izanak pentsarazten dit iraganean egin ditugun ahaleginak eta etorkizunean Macronen Gobernuan eragiteko egingo ditugunak ez direla alferrikakoak izango. Itxaropentsu egoteko beste arrazoi bat da Kanboko alkate Vicent Bru, gure babesarekin, Asanblada Nazionaleko diputatu izendatua izan dela. Bru bere sasoian izan zen SIDLCBeko presidentea (Euskal hizkuntza eta kulturaren defentsarako sindikatua).

Ipar Euskal Herriak, Nafarroak eta Euskadik beren indarrak batu dituzte euskara normalizatzeko lanari ekiteko, eta hitzarmena izenpetu dute hiru herrialdeetako baliabide eta politika publikoak koordinatzeko bidean aurrera egiteko. Zer deritzozu hitzarmen honi? Agiri honetan ezarritako ildoek bermatzen dute hizkuntzaren erabilera, sustapena, normalizazioa eta etorkizuna?

Euskararen garapenaren alde egingo den ekimen oro goraipatu beharra dago. Hitzarmen honetan ikusten dudana da aurrerako urratsa eman dela, urrats bat norabide onean. Une honetan daukaguna da hiru herrialdeetan euskarak bizi duen egoerari buruzko analisia, eta hiru herrialdeetako irakasleen arteko lankidetzak beste urrats bat ematen lagunduko liguke. Alderdi gisa, Iparraldean oso eragile garrantzitsua daukagu, Beñat Arrabit, Arrosako alkatea, Elkargo berriko presidentea eta hizkuntza politiken arduraduna, bereziki euskarari eta okzitanierari dagokionez. Erantzukizun hori izateaz gain, Arrabitek EAJ-PNBk eginiko agiria dauka “Estatutu bat euskararentzat” izenburukoa. Beñat horretan oinarrituko da Iparraldean euskararen normalizazioan sakontzeko.

Akitaniak eta Euskadik AHTrekin duten konpromisoa berretsi dute Europarekin lotzeko proiektu estrategikoa delako. Zer balorazio ematen diozu herrialde bien arteko mugaz gaindiko lankidetzari?

EAJ-PNBren baitan uste dugu AHT oso proiektu garrantzitsua dela Euskadiren garapenerako eta Europa mailako interesari dagokionez. Macronek eta Nicolas Hulot ministroak balazta jarri diote Bordele-Toulouse eta Bordele-Dax trenbide zatiaren garapenari, Hendaiarainoko tartea barne, jakina. `Gure lehentasunak birbideratu behar ditugu´ esan zuen Frantziako presidenteak, eta horrek esan nahi du momentuz, Sud-Ouest proiektua ikuskizun geratu dela. Pilota Alain Rousset Nouvelle Aquitaineko presidentearen eskuetan dago, eta bere egunean pozik iragarri zuen Bordele Parisetik bi ordu eta lau minutura egongo zela. Bere motibazioa eta ekimena izango dira egitasmo honen etorkizuna erabakiko dutenak. AHT Ipar Euskal Herrira eramateko proiektua hainbat zalantzaren pean dago oraindik. Herrialde bien arteko lankidetza indartu beharko da eta,beharrezko bada, Europaren esku hartzea eskatu beharko dugu. Konfiantza handia daukagu Izaskun Bilbaok Europako erakundeetan egiten duen lanean.

Zein dira EAJ-PNBren hurrengo erronkak? Frantzian egingo diren hurrengo udal hauteskundeetarako prestatzen ari zarete? EAJ-PNBk oraingo ordezkaritzari eutsi nahi dio edo gora egitea espero du?

Udal hauteskundeak izango dira gure garapen estrategiaren ildo nagusia. Gure biltzarrak dinamizatzen lagunduko digute eta,aldi berean, etorkizuneko hautagaiak eta hautetsiak prestatzen joan ahal izango gara. Udal hauteskunde hauek lanketa berezia behar dute, hautagaiek ondo prestatuta eta ondo informatuta egon behar dute. Zerrenda batzuekin gure hautagaiak negoziatu beharko ditugu eta beste zerrendak lideratzeko gai izan behar dugu. Egoera erabakigarria bizi dugu. Alderdia biziberritu behar dugu eta alderdikide kopurua handitu behar dugu. Azken aldi honetan eginiko ahaleginek aurrerapen ikusgarria ekarri behar digute. Herritar informatuek apreziatzen gaituzte eta horrek itxaropena ematen digu eta gehiago nahi izatera bultzatzen gaitu.

Profila

Pako Arizmendi

IBBko presidentea

Pako Arizmendi Donostian jaio zen 1953ko urtarrilaren 21ean baina gazte-gaztetatik Baionan bizi izan zen. Duela hainbat urte Donibane Garazira joan zen eta han bizi da gaur egun. Kattin Gaztanbiderekin ezkonduta dago eta bi alaba dituzte, bata 33 urtekoa eta bestea 23 urtekoa. Arizmendi harro dago bere alabekin. “Nagusia Donostian bizi da eta GKE batean lan egiten du eta gazteena ikasten ari da”.

Arizmendi gaztetik hasi zen lanean, 16 urte zituela. “Tipografiako ikasle gisa hasi nintzen, inprenta batean, eta gaur egun nire inpresio enpresa propioa daukat Donibane Garazin bertan. Hainbat urtetan funtzionario izan nintzen baina utzi nuen lanbide bat nuela sentitzen nuelako: tipografoa naiz eta gogoko dut nire lanbidea” esan du. Gaur egun Kattin emaztea da inprenta lantegiko gidaritzaz arduratzen dena Pakok %100ean ekin diezaion Ipar Buru Batzarreko presidente lanari “baina egia da berak nik baino hobeto egiten duela” aitortu du irribarre batekin.

Ibilbide politikoari dagokionez, Arizmendik azaldu digu 60. hamarkadan Ipar Euskal Herrian, inguruan “Espainiako Guda Zibil garaiko” hainbat lagun izanik, normala zen politikarekin interesatuta eta inplikatuta egotea. “Frankismoaren ondorengo urteetan askoz gehiago interesatu nintzen. Sentimendu abertzalea garai hartan hasi zen Iparraldean loratzen” gogoratu du. 2006an EAJ-PNBko alderdikide egin zen eta harrezkero Baxe Nafarroa-Xiberoa Biltzarreko presidentea izan da, Donibane Garaziko zinegotzia izan da (2008-2014) eta 2016 urtetik aurrera IBBko presidentea da.

Arizmendi errugbi zale amorratua da. “Nire bizitzan errugbia oso presente egon da beti. Frantziako ia dibisio guztietan jokatu dut, behetik hasita eta Lehen Mailara arte. Batzuetan pentsatzen dut beranduago jaio izan banintz jokalari profesionala izatera helduko nintzela, baina garai hartan errugbian ez zegoen jokalari profesionalik” baieztatu du. Errugbi entrenatzailea ere izan da Garazin 10 urtez. “Talde horretako jokalari eta entrenatzaile izan nintzen” gogoratu du. Herriko argazkilari klubeko kidea ere bada. Gainera, lorategi txiki bat dauka eta horretan aritzen da ahal duenean. “Erlaxatu egiten nau”, esan du. Itsasoan ere gozatzen du eta arrantzan joaten da. “Anaiarekin joaten naiz, itsasontzian, urraburuak, hegaluzeak… Kantauri itsasoan dagoena harrapatzera” eta duela gutxi, lagun tenore baten eskutik, operarekin zaletu da. Zaletasun asko dituenez erleen antzekoa dela esaten du “gauza asko ikustea eta entzutea gustatzen zait, era guztietakoak gainera”.

Bere helburu politiko nagusiena da “Alderdia Ipar Euskal Herrian finkatzea”. “Hori da falta duguna. Politika munduan mugitzen den jendeak ezagutzen gaitu, baina herritar xumeak ez gaitu ezagutzen. Nahastu egiten dira batzuetan. Gure txokoa bilatu behar dugu. Alderdiak 120 urteko bizia egin arren Ipar Euskal Herrian oinarri-lana egin behar dugu. Etxea eraiki behar dugu eta une honetan oinarriak jartzen ari gara, zailena. Pertsona gehiago behar ditugu arinagoak eta eraginkorragoak izateko, baina apurka-apurka, eta duela urte batzuk, baten bati molestia egiten hasi gara, eta hori ona da, oso ona” baieztatu du.

  • Pako Arizmendi. Elkargo Bakarra
    2017/07/16

  • Pako Arizmendi:euskara
    2017/07/16

Andoniren Bideobloga

Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA
Elkarrizketak - Gure Burukideak
Jarrai iezaguzu Telegramen

  Agenda

2017/09/25 09:00

Aitor Esteban

   Radio Euskadi 

2017/09/26 09:00

Itxaso Atutxa

   Euskadi Irratia 

Twitter

Facebook

YouTube

Flickr