Next Euskadi

Gure buruKIDEAK

2017/05/27

Mireia Zarateri elkarrizketa

“Nire lehentasunik nagusienetakoa da euskal gazteak izan gaitezela gure etorkizuna diseinatuko dugunak”

2016ko otsailean, Mireia Zarate EAJ-PNVren historia modernoan izan den burukiderik gazteena bihurtu zen. Erantzukizun goreneko postuan sartu zen, Euzkadi Buru Batzarreko idazkaritzan. 29 urte zituen eta gaur 30 ditu. Ez da harritzekoa, beraz, Zaratek berak gazteentzat aldarrikatzea etorkizunerako politikak diseinatzeko erantzukizuna. Horretarako, ezinbesteko jotzen du gazteekin komunikazio zuzena ezartzeko ildo berriak irekitzea. Horixe da, hain zuzen, EBBko idazkaria izan den urte bete eta erdian jorratu duen gai nagusienetako bat. “Dudan lehentasunik handienetakoa da gazteok esan behar duguna entzuna izan dadila eta gu geu izan gaitezela gure beharrak adieraziko ditugunak eta, ondorioz,eskari eta beharrizan horiei erantzun egokia emateko politikak diseinatu daitezela”.

EAJ-PNVren web orrialdeari eskaini dion elkarrizketan, burukide jeltzaleak irmotasun osoz adierazi du genero berdintasunaren alde lan egiteko helburua duela. Gero eta emakume gehiago erantzukizun tokietan egotearen aldeko agertu da berdintasun horretan “urrats arinagoak emateko”, eta zentzun horretan eredugarri izateko asmoa erakutsi du. “Gure eguneroko jardunean, lan bilerak antolatzeko orduan eta erabakiak hartzeko orduan, ez dugu sekula ahaztuko emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde egin beharreko lana” esan du.

rss Ezagutzera eman

30 urte dituzu. EAJ-PNVren histori modernoan izan den burukiderik gazteena zara.

Ez dut ukatuko, harro egoteko moduko gauza da, baina ez nigatik, baizik eta alderdiagatik beragatik. Nagusiki, ni ez naizelako erantzukizuna duen gazte bakarra,ezta gutxiago ere. Gero eta gehiago gara EAJ-PNVren barne egituretan gauden EGikideak. EBBko kide izatea proposatu zidatenean ez nuen espero. Ezusteko handia izan zen. Harro egoteko gauza da zure alderdiaren exekutiban izatea,baina erantzukizun handia ere bada. Suposatzen dut, bizitzan etapa berria hasten duten pertsona guztientzat bezala, moldatzeko aldi bat behar izaten dela, baina nik ardura hori ilusio handiz hartu neureganatu nuen. 15 hilabete igaro dira eta egunero, gugan eragina duten gai askoren inguruan ikasteko eta entzuteko aukera izan dut. Elkarte, talde eta pertsona ezberdinekin izan naiz, beren arazoak,kezkak,ametsak eta erronkak entzuten ; hauen artean, gazte erakundeekin izan naiz, hori delako niri zuzenean dagokidan esparru bat. Gainera, aldi honetan guztian bi hauteskunde prozesuri egin behar izan diogu aurre,hau da, ekaineko hauteskunde orokorrak eta irailean Eusko Legebiltzarrerako egin ziren hauteskundeak. Ez da izan hauteskunde kanpaina batean parte hartu dudan lehen aldia,lehenago ere udal eta herrialde mailan egin izan dudalako, baina beste era batetara bizi izan ditut, beste erantzukizun batzuekin.

Etorkizunerako zer proposamen lantzen ari zarete EBBren barruan? Gazteentzako proposamen bereziak dituzue?

Hainbat dira EBBren aldetik etorkizunera begira lantzen ari garen proposamenak,baina horietako bat azpimarratu nahiko nuke. Emakume gaztea naizen aldetik, nire lehentasunik handienetakoa da gazteok esan behar duguna entzuna izatea, gu geu izan gaitezela gure beharrak adieraziko ditugunak, eta nahi horiei erantzuna emateko politika egokiak diseina daitezela. Alderdi gisa, errealitate berrietara eta politika egiteko molde berrietara egokitu beharra dugu. Gure erronkarik handiena da gazte jendearekin komunikatzeko ildo berriak zabaltzea, esan behar dutena entzuteko eta zer behar duten esan diezaguten, eta baita zertan erratzen ari garen eta zertan hobetu ahal dugun ere. Gu geu gara, gazte jendea, gure etorkizuna nolakoa nahi dugun esango dugunak. Benetan uste dut egingarria dela. Gero eta gazte gehiago gara, eta kasu askotan emakumeak, EAJ-PNVren baitan erantzukizun tokietan gaudenak. Azken hilabete hauetan adin ezberdinetako gazteekin egon gara, gehienek ez dute loturarik alderdiarekin. Eta haiekin batzartu gara nola ikusten gaituzten eta zer eskatzen diguten jakiteko, gure etorkizuna eraikitzen lagun diezaguten. EBBren lehentasunak zein diren laburbiltzeko titularra beharko banu,esango nuke helburu nagusiena dela gazteak izan gaitezela gure etorkizuna erabakiko dugunak. Zentzu horretan ere esan behar dut halako proposamenak oso ondo hartuak direla EBBren baitan, eta gainera partekatu egiten ditugula. Lehenago esan bezala,asko gara alderdiaren egituretan gauden gazteak. Eta barrutik ere bultzatu nahi dugu gazteek beren etorkizuna erabakitzea, hau da, erakundeen bidez garatzen ditugun politiketan parte hartu dezatela.

Emakumeok gero eta indar eta erantzukizun handiagoak dituzue alderdian eta erakundeetan. Nola baloratzen duzu?

Bai, gero eta indar handiagoa daukagu eta gero eta emakume gehiago gara ardura tokietan gaudenak, baina oraindik badugu nondik ibili. Nire ustez, gizartean aurrerapauso handiak eman ditugu baina aurrera egiten jarraitu beharra dugu. Exekutibetan gero eta emakume gehiago gaude eta horren adibide argia da Bizkai Buru Batzarreko presidentea emakumea dela herrialde exekutiba gizon baino emakume gehiagok osatzen dutela. Eusko Legebiltzarreko presidentea emakumea da, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak emakumeak dira eta, lehen esan dudan moduan, ni neu, emakume eta gazte izanik, iaz Aberri Exekutiban sartu nintzen. Ziur nago duela 50 urte hauxe pentsaezina zela. Gaur egun inork ez du auzitan jartzen emakume bat erantzukizun postu batean dagoenean. Baina, berriro ere esango dut, bide luzea geratzen zaigu oraindik, baina uste dut erantzukizun tokietan zenbat eta emakume gehiago egon,orduan eta arinago egingo dugula aurrera, gure eguneroko jardunean, lan bilerak antolatzeko eta erabakiak hartzeko orduan,inoiz ez dugulako emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko dugun helburua begi bistatik kenduko.

EAJ-PNVk eta Estatuko Gobernu zentralak aurrekontuei buruz adostu duten akordioan parte hartu duzu. Alderdikideek eta hiritarrek ulertu dutela uste duzu?

Oso akordio ona da Euskadirentzat, euskal gizarte osoarentzat. Gustuko izan ala ez, gaur egun Euskadirentzako gauzak lortzeko dagoen modu bakarra da Espainian gobernatzen duen alderdiarekin adostea, gobernu hori kolore batekoa edo bestekoa izan. Gobernu zentralak bere bost botoak behar zituen Aurrekontuak aurrera ateratzeko, eta uste dut Euskadirentzat ahal izan dugun guztia ateratzeko aukera baliatzen jakin dugula. Kupoari dagozkion 1.400 milioi itzultzeaz gain, hurrengo bost urteotarako legeaz edo hainbat trenbide pasabide kentzeko akordioaz gain, bai azpimarratu nahiko nuke Euskadiko hainbat enpresek ordaintzen dituzten argindar tarifak murriztea lortu dugula, eta horrek enpresei suposatuko die lehiakortasunean inbertitzeko eta kalitatezko enplegu gehiago sortzeko aukerak izatea, eta Euskadiko gazteentzako enplegu gehiago sortzea. Gainera, gaur egun jakin dakigu 2023 urterako euskal ´Y´ trenbidea errealitatea izango dela eta gure hiru hiriburuetatik Europara bidaiatuko garela Abiadura Handian eta ingurumena gehien errespetatzen duen garraioan. Gure alderdikideak eta euskal gizartearen gehiengo zabal bat uste dut ulertzeaz gain, poztu ere egin direla, onurak dakartzalako Euskadirentzat eta ongizate handiagoa euskal gizarte osoarentzat. Euskadirentzat akordio hau oso ona izateaz aparte, nik bai galdetu nahiko nuke lortu izan ez bagenu zer gertatuko zen. Seguruenik, Aurrekontuak luzatu egingo ziren eta antzekoak izango ziren,bai, baina euskal hiritarrok Kupoko 1400 milioi gabe geratuko ginen, eta ez hori bakarrik, bost urteetarako lege gabe, AHT gabe, trenbideak lurperatu gabe, Gobernuak Ertzaintzaren inguruan hartu dituen konpromisorik gabe, lanpostuak sortzeko aukerarik gabe…. Euskal gizartea oso heldua da eta ondo baino hobeto ulertu du. Akordio hau gaur kritikatzen dutenek ezagutu aurretik ere kritikatzen zuten.

Akordioa hitzartu eta ondorengo egunetan, hainbat Batzokik Sorturen Ernai taldeko gazteen erasoak pairatu zituzten. Eraso horiek eraginik izango dute EAJ-PNVk Ezker Abertzalearekin dituen harremanetan?

Zoritxarrez, gauza batzuk daude urte luzeren buruan oraindik aldatu barik daudenak. Gizarte honetan oraindik egon badaude aurrera egiteko gai ez diren pertsonak, ez eboluzionatzeko ezta euskal gizartea errespetatzeko ere. Ez dute ulertzen gutako bakoitzak gure iritziak ditugula eta iritzi horiek guztiak errespetagarriak direla. Ez da onargarria Batzokietan edo hormetan pintadak egitea soilik ezberdin pentsatzen delako. Ez da onargarria mehatxu egitea eta iraintzea. Eta are gutxiago euskal gazteriaren izenean egiten dela esanez, ez dutelako gazteria ordezkatzen. Ezer ordezkatzekotan ere oso zati txikia ordezkatzen dute, erresiduala esango nuke. Baina gai horri ere EAJtik erantzukizunez eta arduraz helduko diogu, aurrekontuen negoziaketan egin izan dugun moduan. Gure helburua ez da EAJrentzat onena dena, baizik eta Euskadirentzat onena dena. Eta Euskadirentzat onena da EAJ alderdi guztiekin hitz egiteko prest egotea. Asko dira herri honek hurrengo hilabeteotan izango dituen erronkak. Luzeegi joan Gabe, Eusko Legebiltzarreko txostenen bidez Euskadiko bizikidetza edo gure autogobernuaren etorkizuna aztertuko dira. Eta garrantzitsua da Ezker Abertzalea ere gai hauetan guztietan inplikatzea, eta asmo onez egitea, ekarpenak eginez eta eraikitzen lagunduz. Gu prest gaude bide horretan laguntzeko.

EBBko idazkaria zaren aldetik,nola ikusten duzu herrialde exekutiba ezberdinen arteko koordinazioa?

Koordinazioa oso ona da, eta hori oso garrantzitsua da barne egiturak Araban,Bizkaian, Gipuzkoan,Nafarroan eta Iparraldean ditugun alderdia garelako. Horrez gain Madrilen, Txilen,Venezuelan eta Argentinan ere baditugu erakundeak. Asko gara EAJ-PNVren barne egitura osatzen dugunak eta koordinazioa ezinbestekoa da. Astero Herrialde Buru Batzarretako presidenteekin batzartzen gara. Gainera, Herrialde exekutiba bakoitzak harreman etengabea ere badu bere ardurapeko uri erakundeekin. Euskadiko ia herri guztietan dauzkagu Batzokia eta Uri Buru Batzarra, asko eta asko gara gure barne egiturak osatzen ditugunak eta uste dugu garrantzitsua dela komunikazio ona egotea. Zentzu honetan ere esan dezaket une honetan gure alderdian oso indartsu eta elkartuta gaudela.

Profila

Mireia Zarate

Euzkadi Buru Batzarraren idazkari eta burukidea

Mireia Zarate Agirre, Euzkadi Buru Batzarreko Idazkaria, Zamudiokoa da (Bizkaia) eta 30 urte ditu (1986an jaio zen). LADE ikasi zuen (Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Gradua) Sarrikoko unibertsitatean (EHU) eta Kontuen Auditoria Masterra egin zuen Deustuko Unibertsitatean. Politika betidanik interesatu izan zaio eta gizartearen zerbitzura egoteko asmoa izan du. Gazte-gaztetatik Zamudio herrian hartzen ziren erabakietan parte hartzeko asmoa erakutsi du. “Nire herriaren alde lan egitea beharrizana da niretzat” esan du. 18 urte zituela Zamudioko Uri Erakundeko alderdikide egin zen. 19 urte zituela Uri Buru Batzarreko burukide egin zen eta 20 urterekin Kultur arloko zinegotzi bilakatu zen Zamudioko Udalean. Udal ordezkaria izatea erantzukizun handia izan zen baina ilusioa eta gogoa hasierako zalantzak baino indartsuago agertu zitzaizkion Mireiari. Gaur, hamar urte geroago, zinegotzi lanean jarraitzen du “Zamudio hobea eraikitzeko, prestazio gehiago eta hobeak izan ditzan”. 2011n, 25 urterekin, Gasteizko Ganberan sartu zen eta 2012ko udazkenean amaitu zen legealdira arte izan zen eusko legebiltzarkide. Eta EAJ-PNVk Iruñeko Baluarten ospatu zuen Batzar Nagusian, Zarate, 29 urte zituela, Euzkadi Buru Batzarreko burukiderik gazteena bihurtu zen. Ardura goreneko postuan sartu zen gainera, Aberri Exekutibako Idazkaritzan.

Mireiak gogoko du kirola egitea “Astean hirutan edo, gimnasiora joaten saiatzen naiz, baina beti ezin da” aitortu du. `Step´ saioetara joaten da. Aitarekin ibiltzen irtetea ere oso gustuko du. Familia dena da beretzat eta bere bihotzeko kutunak dira Oier eta Izaro loba txikiak. Lagun taldean irtetea ere gustatzen zaio, koadrilan giro onean disfrutatzea eta dantza egitea, baina Mireiak gehien gozatzen duen tokia hondartza da. Plentziako kostak D bitaminaz gain bizi poza ematen dio eta uda sasoiak bertan igarotzen ditu. Hantxe indarberritzen da urte osoko lanari ekin ahal izateko. Udan ere inguruko herrietako jaietara joaten da, baina sekula galduko ez duena Bilboko Aste Nagusia da, Gogorregi konpartsako lagunekin gozatzen duena.

Etxean, deskonektatzen saiatzen da ‘The Big Bang Theory’ seriearekin edo Ken Zazpiren musika entzunez. `Amelie´ filma berriko jarriko balute zalantzarik gabe ikusiko luke, behin eta berriz. Eskuko telefonoa, Iphone 7a eskuan darama etengabe eta handik komunikatzen da “Whatsap” bidez edo Facebook aplikazioaren bidez “nire senide eta lagunekin kontaktua ez galtzeko”. Twitter da EBBko idazkari gisa komunikatzeko erabiltzen duen gizarte sarea. Mezuak edo kontsignak zabaltzeko baino, profil hau herritarrei entzuteko erabiltzen du. Horregatik aprobetxatu nahi du bere profila @MireiaZarate dela eta iradokizunak eta proposamenak jasotzeko prest dagoela esateko.

EBBko idazkari gisa dagozkion erantzukizunen barruan, Gazteriaz eta Berdintasunaz arduratzen da eta ahaleginak egiten ditu gero eta gazte gehiago Alderdiaren erabaki esparruetan sartzea lortzeko. “Gazteok gara Euskadiren etorkizuna eraikiko dugunak, eta bizitzaz dugun ikuskerarekin egin behar dugu. Argi geratu da inposaketek ez dutela ezertarako balio. Gazte gehiago behar ditugu Alderdian erantzukizun goreneko tokietan” esan du erabat konbentzituta. Alderdi politiko eta ideologikoan, Zaratek esan du bere asmorik handienetakoa dela ahalegin guztiak egitea Euskadi Europa mailan nazio gisa aitortua izan dadin.

 

  • Mireia Zarate: Gazteria
    2017/05/27

  • Mireia Zarate: Emakumea
    2017/05/27

Andoniren Bideobloga

Next Euskadi

  Agenda

2019/10/19 10:30

EAJ-PNVk Kongresu eta Senaturako Gipuzkoatik proposatuko dituen hautagaitzak aurkezteko ekitaldia.

Aitor Esteban, Joseba Egibar, Maribel Vaquero 

   Nautikoa. Donostia 

2019/10/20 09:30

Aitor Esteban, Diputatuen Kongresurako EAJ-PNVren hautagaiaren adierazpenak

   Nafarroa Oinez (Nekazal-elikadura Hiriko Negozio-gunea) 

2019/10/22 09:00

Elkarrizketa. Andoni Ortuzar

   Antena 3. Espejo Público 

YouTube

Twitter

Facebook

Flickr

Elkarrizketak - Gure Burukideak
PDE-EDP
ADIERAZPENA
Europa: Krisialditik Itxaropen Berri baterantz. 
Berrantolatzeko garaia.
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA