Next Euskadi

Gure buruKIDEAK

2017/06/04

EBBko burukide den Mikel Burzakori elkarrizketa

“Europan EAJren arrakastaren sekretuaz galdetzen didate: sustrai sendoak, herritarren zerbitzura egotea eta gizartearekin harreman etengabe eta hurbila”

Euzkadi Buru Batzarreko Nazioarteko Harreman alorreko buru gisa egin dituen hamabost hilabeteetan, Mikel Burzakok lehenagotik zekiena egiaztatu ahal izan du: EAJ-PNV oso ondo baloratua dela Europako esparru politikoan eta miresmena sortarazten duela  Kontinente Zaharrean ia alderdi bakarra delako Gobernu jardunak eragiten duen desgastearekin baino, hauteskunderik hauteskundera are indartuago irteten dena. “Niretzat erantzuna argia da, hiru elementu daude: lehenengo eta behin gure sustraiak gure herrian ditugula; bigarrenik, herritarren zerbitzura gaudela; eta hirugarrenik, gu ere herria garela, herritarren ondoan gaudela, gure senide eta lagunekin”, baieztatu du.

EAJ-PNVren web orrialdeari eskainitako elkarrizketan, Burzakok aztertu du Brexitaren garaipenaz eta Trump Etxe Zurira iristeaz geroztik, Europar Batasunak izango duen erronka handia. “Brexita konplikatua izango da. Seguruenik, bi urte beharko dira eta bidean gora-behera asko egongo dira. Adi egon beharko dugu eta gure interesak zaindu beharko ditugu. Eusko Jaurlaritza ere lanean jarri da, Lehendakaritzaren barruan 2017 urtean egin zen batzorde publiko-pribatuarekin”, esan du.

rss Ezagutzera eman

Zer irakurketa egiten duzu Emmanuel Macronek , ia alderdi politikorik ez duen hautagaiak, Frantziako presidentzialetan irabazi izanari buruz? Populismoaren garapena da edo populismoari eman zaion erantzuna da?

Emmanuel Macron gero eta indar handiagoa hartzen ari den figura da Frantzian eta Europa mailan. Bere garaipena ukaezina eta harrigarria izan da, bat batean eta arin batean agertu eta gailendu delako. Uste dut bere lidergoaz eta duen prestakuntza onaz gain, garaipen honetan, Frantzian bizi diren inguruabar bereziek izan dutela zerikusia. Alde batetik, gizartea nekatuta dago alderdi politiko tradizionalekin, ustelkeria eta eskandaluz josita daude eta herritarren benetako arazoetatik urrun bizi dira. Eta, beste alde batetik, gizartea polarizatuta dago, planteamendu populistei babes handia ematen zaie  baina,aldi berean, planteamendu horiek biztanleriaren gehiengoaren aldetik  gaitzespen handiak sortarazten dute. Testuinguru honetan,presidentzialetan Emmanuel Macronek garaitzearekin batera, Frantziako gizarteak erantzun argia eta sendoa eman zuen duela hilabete batzuk. Lehenengo eta behin, politikan sinesten dutela adierazi zuen, eta gero, konfiantza  erakutsi zion funtsean hazkundeaz eta enpleguaz,  baina bereziki justizia sozialarekin hitz egin zien hautagaiari; aurpegia eta begiak  eta ,batez ere,pertsonen aurpegiaz duen ekonomiaz hitz egin baitzien. EAJk oso hurbil sentitzen duen mezua da hori, aspaldidanik euskal gizarteari adierazi dionaren antzekoa delako. Macron oso zuzen ibili da bere lehen erabakietan, oraindik ahultasun puntu batzuk dituen arren. Seguruenik, horietako nagusiena da atzean ez duela egitura bat edo alderdi politiko bat. Baina litekeena da egoera hori ekaineko hauteskunde legegileen ondoren aldatzea. Beraz, konfiantza eman behar zaio hurrengo urteetarako.

Macronek ministro izendatu ditu MODEM taldeko hiru kide eta EAJ-PNVk harreman onak ditu alderdi horrekin. François Bayrou, Justizia ministro berria, Europako Alderdi Demokratako presidentea da eta Andoni Ortuzar alderdi horretako presidenteordea da. Nola baloratzen duzu MODEMi ea EAD-PDEri eman zaion bultzada hau?

EAJ-PNVk MODEMek  eta beste hainbat alderdik EAD-PDE sortu zuten  2004 urtean. MODEMek gaur egun Macronen Gobernuan bi ministro garrantzitsu izateak, zalantzarik gabe, alderdia indartzen du Frantzian eta EAD-PDE Europa mailan. Une hau oso esanguratsua da,ekainean bertan Frantzian hauteskunde legegileak egingo direlako. Orain dauden aurreikuspenak betetzekotan, MODEM alderdiak jauzi kualitatiboa eman dezake Asanblea Nazionalean eta horrek eragina izango du EAD-PDE alderdian. Zentzu honetan, EAJ-PNV prest dago Bruselan dugun posizioa eta eragina indartzeko urratsa emateko,  bizi dugun garai honetan EAD-PDEren barruan gure egituran eta antolaketan adostuko ditugun aldaketetan oinarrituta.

EAJ-PNVren kasua ia bakarra da Europa osoan. Esan genezake ia alderdi bakarra dela, Gobernu lanak eragiten duen desgastea pairatu baino, hauteskunderik hauteskundera indartuta irteten dena. Europan nola baloratzen da fenomeno hau? Alderdiak nazioarte mailan duen izen ona indartzen du?

Oro har, gure alderdiari miresmen handiz begiratzen diote,eta Europako alderdi batzuen aldetik, gure talde politikokoak zein kanpokoak, bekaitza ere badagoela esango nuke. Hala adierazi ziguten EAD-PDEk Bruselak egin zuen azken Kontseiluan, Andoni Ortuzarrek alderdi politikoen  aho bateko aitortza jaso zuelako  iragan urte amaieran Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lortu genituen emaitzengatik.Alde batetik, Europan asko baloratzen da EAJ-PNVren ibilbide historikoa, hau da, mendeurrena gainditu duen alderdi bat gara eta Europa mailan zaharrenetakoen artean gaude; era berean baloratzen da gure printzipioekiko zintzo mantentzen garela, gure baloreei eusten diegula; eguneko jardunean langileak garela eta hitza betetzen dugun pertsonak garela; eta Europaren alde egiten dugula, Europa bera sortu baino lehen, hastapenetan izan genuen parte hartzea aitortzen digutelako. Aldi berean, harrigarria da 40 urteren buruan EAJ-PNVk herri hau lideratzen jarraitzea, ia etenik Gabe eta gure posizioak indartuta. Formula magikoa zein den galdetzen digute. Niretzat , erantzun zuzena da formula triangelu aldeberdinean oinarritzen dela, eta triangelu horrek hiru erpin ditu: sustraiak gure lurrean finkatuta ditugula, herriaren zerbitzura egoteko dugun borondate argia eta gure familiaren eta adiskideen bidez gizartearekin harreman zuzena dugula, eta horrek beti ahalbidetzen digu errealitatean bizitzea eta bide hau gure herrikideekin batera egitea.

`Brexit´delakoak arriskutan jartzen al du Europa proiektua? Europar Batasuna nola kudeatu behar du Erresuma Batuak irteteko eramango duen prozesua? Merkelekin ados zaude?,hau da, Uste al duzu EBk bakarrik ekin behar diela Trump, Putin eta Brexitari?

Brexita izan da  nazioarte mailako historia politikoan aspaldi honetan eman den gertakaririk esanguratsuena, eta ondorioak ekarriko ditu Erresuma Batuarentzat , Europarentzat eta mundu osoarentzat. Egun haren garrantziaz jabetuta, EAJ-PNVk bertan egotea erabaki zuen 2016ko ekainaren 23an. Edinburgora bidaiatu  ginen eta han gehiengo nagusi batek Europan jarraitzearen alde bozkatu zuen. Azken emaitza ezustekoa izan zen guretzat eta esango nuke ezustekoa izan zela Britainia Handiko herritarrentzat eta  mundu mailako klase politiko osoarentzat. Erresuma Batua Europatik irteteko negoziatzeko prozesuak, gutxienez, bi urte beharko ditu eta seguruenik gora-behera asko egongo dira bidean.  Horrek etengabe adi egotea eskatzen digu eta jarraipena egin beharko dugu gure interesak zaintzeko, Eusko Jaurlaritza egiten ari den bezala 2017 urte honetan Brexit-ari jarraipena egiteko eratu zen batzorde publiko-pribatutik eta Lehendakaritzaren beraren gidaritzapean. Iragan urteko astinaldi politikoak, Brexitaren eta Trumpen aukeraketaren artean, zalantzarik gabe, munduko geopolitika aldatuko dutenak, uste dut ez direla mehatxu bezala ikusi behar,baizik eta Europak izan dezakeen aukera handitzat  jo behar direla, europar proiektuak, praktikan, erabaki bat hartu beharko baitu: Europaren behin betiko desintegrazioa edo erabakimen osoz berrindartzea, Estatu kideen aldetik orain arte laga dena baino subiranotasun zati handia lagatzea eskatuko duena. Europa eragile globala izango bada eta mundu honetan egitekoa izan nahi badu, ezinbesteko du bere egitasmoaren alde egitea. Zentzu honetan, bat egiten dut erabat Merkel Kantzillerra une honetan egiten ari den irakurketarekin eta markatu duen ibilbide orriarekin.

Uste al duzu Donald Trump Etxe Zurira iritsi izanak EAJ-PNVk AEBrekiko duen posizio politikoa aldatzea ekarriko duela?

Donald Trump AEBko Presidente izendatua izana lurrikara handia izan da, nazioarteko esparru politikoaren oinarriak mugiarazi ditu eta oraindik ez da  benetako ondorioak antzemateko denbora igaro. Euzko Alderdi Jeltzaleari dagokionez, lehenengo eta behin, aitortu behar dugu  Presidenteak legitimitate osoa duela, AEBko herritarrek demokratikoki aukeratu dutelako. Bigarrenik, administrazio berriaz ari gara, oraindik 100 egun baino ez dira igaro eta  oraindik  goizegi da bere politiken ondorioak argi eta garbi ikusteko, eta denbora beharko da balantzea objetibotasun osoz egin ahal izateko. Printzipioz, ez dugu bat egiten  presidentearen moldeekin edo egin dituen iragarpenekin,bereziki Europar Batasunari eta inmigrazioaren eta eguraldiaren aldaketaren inguruan erakutsi duen jarrerari dagokionez. Gai horietan guztietan gure alderdiak harago begiratzen du, hau da, euskaldunek AEBren Historian izan duten  parte hartzean edo hantxe bizi den euskal kolektibitatean edo urteetan hango alderdiekin izan dugun harremanetan, bereziki Alderdi Errepublikarrarekin. Zentzu honetan, kontuan izan behar dugu botere presidentzialak, handiak izan arren, koiunturazkoak  eta mugatuak direla, Washingtonen bertan dauden kontra-botereengatik eta beste estamentu batzuek dituzten eskumenengatik, bereziki Estatuetan, eta horietan gaur egun boterea errepublikarren eskuetan dago. Urteak dira EAJrentzat AEB lehenetsi beharreko herrialdea dela, nazioarte mailako harremanei dagokienez zein gizarteari dagokionez, herrialde hartan gero eta interes gehiago ditugulako. Oinarri horiek kontutan izanda, ez dugu gure estrategia aldatuko Gobernu zehatz bat boterean dagoelako, eta buru argiz eta zuhurtziaz jokatu beharko dugu  une bakoitzak planteatuko dizkigun  erritmoetara eta eskainiko dizkigun aukeretara moldatzeko.

Venezuelako oposizioak Nicolás Maduroren kontra egiten dituen manifestaldietan gero eta pertsona gehiago biltzen dira. EBBk nola baloratzen du Venezuelan ematen den egoera? Euzkadi Buru Batzarra harremanetan jarri al da euskal kolektibitatearekin, hango egoera ezagutzeko?

EAJ-PNV 120 urte bete dituen alderdi politikoa da, bere ibilbidea ezagutu behar du, baloratu behar du eta aintzat hartu behar du etorkizunean hartuko dituen erabakiei begira. Latinoamerika osoak, eta Venezuelak bereziki, oso egiteko garrantzitsua bete dute milaka euskal herritar hara bidaiatu zirelako bizimodu hobea egin ahal izateko eta, horrez gain, erbeste garaian gure borroka politika bideratzeko plazarik nagusienetakoa ere izan zelako . Gaur egun, Venezuelak bere historiako une historikorik delikatuenetakoa bizi  du. Inolako legitimitate demokratikorik ez duen erregimenarekin, botere banaketarik ez duen herrialdean, askatasunak ia erabat galduta eta biztanleriaren zati handi bat erabat txirotuta. Gizartea,oro har, etengabeko gainbehera prozesua bizi du eta gero eta egoera larriagoan aurkitzen da. Gure alderdiak etengabeko harremana du Venezuelako euskal kolektibitateko ordezkariekin eta Euskadin bizi diren Venezuelar hiritarrekin. Azken urtean, Euzkadi Buru Batzarrak, hainbat adierazpen eman ditu Venezuelako egoera politikoari buruz eta adierazpen hauek nazioarteko erakunde ezberdinetan aurkeztu ditugu,Bruselan bereziki. Halaber, Venezuelako hainbat politikarirekin elkarrizketatu gara eta hitzaldi batzuk antolatu ditugu herrialde hartan bizi den egoera ezagutzera emateko. Venezuelan askatasun eta eskubideak murriztuta daudela salatzeko egin diren manifestaldietan parte hartu dugu. Venezuelarekin daukagun konpromisoari eutsiko diogu herrialde horrek gure historiaren une konplikatuenetan erakutsi zigun eskuzabaltasun berberarekin.

EAJ-PNVk erakundeak ditu atzerriko hainbat herrialdetan. Nolakoa da EBBk erakunde hauekin duen harremana? Bidaiaren bat egitea aurreikusten duzue?

Gure alderdiak harreman estu eta hurbilekoa du Euzkadiz kanpoko erakunde  deitzen ditugunekin, eta harreman hori EBBko Idazkaritzarekin gauzatzen da. Kanpo Harremanen arloa harreman hori osatzen eta indartzen du, erakunde horiek kanpo aldean daudelako.  Gure lana da erakunde horiek indartzen saiatzea eta beren helburuak zabaltzea, jarduera batzuk antolatuz edo lantaldeetan belaunaldi berriak sartzea bultzatuz. Zentzu honetan, informazio eta komunikazio teknologiak oso lagungarriak dira,hurbiltasuna,berehalakotasuna eta aldebiko harremana bermatzen dutelako Sabin Etxean dugun egoitzarekin. Baina horrek inoiz ez du harreman zuzena ordezkatuko, mundu globalizatu honetan gero eta beharrezkoa baita hurkoarekin  harreman hurbila eta zuzena izatea. Oinarri horiekin, EAJren aldetik Euzkadiz kanpoko erakundeekin harreman zuzenari eusten saiatzen gara eta ondo jabetuta gaude ahalegin horrek esfortzua eskatzen duela gure moduko alderdi batentzat. Zentzu honetan, bai aurreikusten dugu EAJko Presidentea udazkenean Mexikora bidaiatzea, hau da Euskadirekin harreman historiko sendoa duen herrira. Datorren urtea, gainera, erabakigarria izango dira Mexikon hauteskunde presidentzialak egingo direlako. Euskadiko erakunde batzuek ere urtemuga esanguratsuak beteko dituzte . Beraz, ahalegina egingo dugu gure alderdikideekin herrialde hartan hazten lagunduko diguten egitasmoak partekatzen.

Profila

Mikel Burzako

Nazioarteko Harreman Arloko arduradura

Mikel Burzako Samper 2016ko otsailean bihurtu zen Euzkadi Buru Batzarreko Nazioarteko Harreman arlorako burukide arduraduna. 1969ko abenduaren 17an jaio zen eta bost urte daramatza Donostian bizitzen. Amama Agirre izan zen politikarenganako “zirrara” sortarazi ziona. Burzakok aitortu digu bera izan zela bere bizitzan eraginik handienetakoa izan duen pertsona. Amamarengan alderdiarekiko eta politikarekiko pasio hura ikusirik, Mikelek ez zuen zalantzarik izan, gazte-gaztetik, Eusko Jaurlaritzak lehen ordezkaritza modernoak irekitzeko lana eman zionean. Txilera bidaiatu zen. Hantxe bat egin zuen “betidanik” erreferente politiko jo duen alderdikidearekin: Andoni Ortuzar, gaur egun EBBko presidentea dena. “Lankide izateaz gain, lagun handia da” esaten du Mikelek gorritu gabe. Ortuzarrekin batera, Burzakok oso momentu latzak bizi izan ditu, besteak beste, Paineko Dorreetan hil ziren euskal mendigoizaleen gorpuak etxera ekartzeaz arduratu behar izan ziren haiek , edo Perun bahitu zuten neska euskaldunaren kasuan bizi izandakoak. Baina, pozak eta lorpenak ere ezagutu zituzten. “Bereziki gogoratzen dut, eta harrotasunez esan dezakegu gainera, Eduardo Frei Txileko orduko presidentea ekartzea lortu genuenean, gure bi herrien arteko harreman ekonomiko eta enpresarialak sustatzeko. Garai hartan, Estatu buruek ez zituzten autonomi erkidegoak bisitatzen. Lorpen handia izan zen Euskadirentzat” esan du harrotasun puntu batekin. Burzakok berak aitortu digu horiek esperientzia guztiek pertsona bezala markatu dutela.

Zerbitzu publikoan egin duen ibilbidea oso lotuta dago Eusko Jaurlaritzarekin. 2000 urtean Garapenerako Lankidetzako Zuzendari izendatu zuten Ibarretxe Lehendakariaren Exekutiboan. Ondoren, Kanpo Harremanen Zuzendari izan zen izendatua, eta orduan ekin zion Euskadiren ordezkaritzak AEBn, Mexikon, Txilen eta Argentinan ezartzeari. Urkullu lehendakariaren lehen legealdian, Burzakok Lehendakaritzako Koordinazio Zuzendaria izan zen eta gobernu egitasmoaz eta Exekutiboaren planifikazio orokorraz arduratu zen. Gaur egun Sektore Publikoaren Azterketa eta Analisietarako aholkularia da Ogasun eta Ekonomia Sailean.

Burzako bidaiari nekaezina ere bada, eta hainbat inguruabar direla eta, hainbat herrialdetan bizi izan da, besteak beste, Txilen (zazpi urtez), Indian, AEBn, Mexikon, Brasilen,… eta, izatez, Leioakoa den arren, Donostian bizi da Galiziatik etorritako Fabirekin. Galizian ezagutu zuten elkar, eta duela bost urte Gipuzkoako hiriburura etorri ziren bizitzera. Donostia dauka Mikelek bere `kanpo-basea´eta handik hasten ditu Mikelek bere mendi ibilbideak, oreka eta lasaitasuna ekartzen diotenak . “Mendiak eta naturarekin harreman zuzenean egoteak buruan behar dudan oreka ematen didate lana eta bizitza pribatua uztartu ahal izateko. Emazteari askotan tokatzen zaio asteburuetan lan egitea eta larunbat eta igandeetan aprobetxatzen dut Otzaurtetik (Gipuzkoan) edo Aranotik ( Nafarroan) laupabost orduko ibilbideak egiteko. Baina berarentzat “egun sakratua”, behin baino ez baitu kale egin (“eta Txilen nengoelako”), abenduaren 31ean lagunekin Gorbeia mendira igotzea da, urte zaharra ondo amaitzeko eta berria hobeto hasteko. Donostia hiriari dagokionez, Burzakok azpimarratu digu hiri “zoragarria” dela eta “kirola egiteko giro aparta” eskaintzen duela. “Ikaragarria da adin guztietako zenbat pertsonek egiten duten kirola. Oso giro osasuntsua dago” azpimarratu du.

Irakurle amorratua izanik, Burzakok hainbat liburu gomendatu dizkigu: Kirmen Uriberen azkena `Elkarrekin esnatzeko ordua´, Truman Capoteren (bere idazlerik gogokoena) `Belarrezko arpa´ eta Haruki Murakamiren edozein. Dena dela, bere liburutegian beti dago lekutxo bat klasikoentzat, besteak beste Fiódor Dostoyevski eta Antón Chéjov. Milan Kundera eta Sándor Márai ere badira bere autorerik gogokoenetakoak.

Panorama musikalean “80. Hamarkadako Britainia Handiko taldeen seme” jotzen du bere burua. Gustuko ditu ‘Lloyd Cole&The Commotions’, ‘The Smiths’, ‘The Cure’… baina lehen tokian Bob Dylan jarriko du beti. Etxekoen artean, Kepa Junkera eta Mikel Urdangarin. Zinemari dagokionez, ´Misioa´ hainbatetan ikusi duela aitortu digu “eta, behin eta berriz ikusi arren, beti hunkitzen nau”. Antzinako zinema gustatzen zaio eta Italiako zinema dauka erreferentziatzat. “Tristetu egiten nau Italiak zinema munduan izan duen tokia galdu izana. Italian bestelako zinema egiten zen, emozionalagoa. Gaur egun, uste dut zinemarik onena Iranen egiten dela. Abbas Kiarostami hasi zen eta berarekin batera gazteagoak etorri ziren. Esan daiteke Iranen egiten dena dela gaur egun mundu mailan egiten den zinemarik onena eta gainera, gero eta presentzia handiagoa irabazten ari da Europan”, azaldu du.

Ez da gizarte sare zalea. Oso garrantzitsuak direla ulertu arren, berak nahiago du epe ertain eta luzerako estrategietan pentsatzea “eta hori, gizarte sareek exijitzen duten berehalakotasunaren mende bazaude, ezin duzu behar bezain ondo egin” argudiatu du.

  • MIkel Burzako: EAJ Europan
    2017/06/04

  • MIkel Burzako: Europar Batasuna
    2017/06/04

  • MIkel Burzako: iparralde
    2017/06/04

Andoniren Bideobloga

Next Euskadi

  Agenda

2019/10/19 10:30

EAJ-PNVk Kongresu eta Senaturako Gipuzkoatik proposatuko dituen hautagaitzak aurkezteko ekitaldia.

Aitor Esteban, Joseba Egibar, Maribel Vaquero 

   Nautikoa. Donostia 

2019/10/20 09:30

Aitor Esteban, Diputatuen Kongresurako EAJ-PNVren hautagaiaren adierazpenak

   Nafarroa Oinez (Nekazal-elikadura Hiriko Negozio-gunea) 

2019/10/22 09:00

Elkarrizketa. Andoni Ortuzar

   Antena 3. Espejo Público 

YouTube

Twitter

Facebook

Flickr

Elkarrizketak - Gure Burukideak
PDE-EDP
ADIERAZPENA
Europa: Krisialditik Itxaropen Berri baterantz. 
Berrantolatzeko garaia.
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA