Next Euskadi

Gure buruKIDEAK

2014/06/29

Entrevista a Koldo Mediavilla, burukide del EBB

“Harrigarria da Juan Carlos I.aren forupetzea hain presaka eta lasterka planteatu izana. Zintzoa bada,ez du ezeren beldur izan behar”

Koldo Mediavilla EAJ-PNVren EBBko Arlo Instituzionaleko burukide arduraduna harrituta agertu da PPren Gobernuak Juan Carlos I.aren forupetzea burutzeko orduan erakutsi duen premiaren aurrean "Harrigarri iruditu zaigu halako erabaki bat hain presaka eta korrika planteatu izana. Prozedura guztiak apurtu dira. Salbuespen egoeran egin da, egiteko bidean dagoen legean zuzenketa sartuz. Ez da onargarria”, ezarri du.

Mediavillak bere buruari galdetu dio "Zeren beldur dira halako neurri bat hartzeko? EAJk horregatik bozkatu du "ez" Espainiako errege ohia juridikoki blindatzeko proposamenean. Zintzoa bada ez du ezeren beldur izan behar.Ez da hala?".

Beste alde batetik burukide jeltzaleak Rajoy-ren Gobernuak aplikatu nahi duen zerga erreformaren inguruan duen iritzia azaldu nahi izan du. Koldo Mediavillaren esanetan  "Elektoralismo kontua dela uste dut. Itxurakeria handia eta sen on eskasa. Egunkarietako titularrak handiak badira ere, letra txikia ugaria eta ezezaguna da. Gainera, Bruselatik ere esan da diru-bilketa murrizteak defizita igoko duela, eta hori ez diote Gobernuari onartuko. Euskadin, horren inguruko hainbat gora-behera politikoren ostean, tributuen mapa osorik modifikatzeko gai izan gara. Adabakirik jarri gabe".

rss Ezagutzera eman

EAJk aste honetan bozkatu du Espainiar Gobernuak Juan Carlos I.aren forupetzearen kontra. Zeintzuk izan dira kontrako botoa emateko zergatiak?

Arrazoi batzuk daude forman eta beste batzuk edukian. Harrigarri iruditu zaigu halako erabaki bat hain presaka eta korrika planteatu izana. Prozedura guztiak apurtu dira. Salbuespen egoeran egin da, egiteko bidean dagoen legean zuzenketa sartuz. Ez da onargarria. Esan egin zuten abdikazioa ondo hausnartutako eta hitzartutako erabakia izan zela. Juan Carlos I.a forupetzeko premia horrek guztiz alderantzizkoa esaten digu. Eta, gaiaren mamira joanda, forupetzeak egiten dira herri kargudun baten segurtasun juridikoa bermatzeko, bere karguan dagoen denboran. Gobernuko presidente ohiak edo lehendakari ohiak ez daude forupetuta. Zergatik bai,ordea, Juan Carlos I eta bere familia? Ez zen bera izan justizia denontzat berdina dela esan zuena? Zeren beldur dira halako neurri bat hartzeko? EAJk horregatik bozkatu du "ez" Espainiako errege ohia juridikoki blindatzeko proposamenean. Zintzoa bada ez du ezeren beldur izan behar. Ez da hala?

Eta Cristina infanta ustezko kapital zuriketagatik eta bi delitu fiskaletan parte hartu izanagatik auziperatua izan ondoren, denontzako justizia berdin hori urrunago ala hurbilago dago orain?

Cristina infanta Ogasun Publikoaren kontrako bi delitugatik auziperatua izatea saihestezina zen Castro epaileak eginiko ikerketaren ondoren. Praktikatu diren probak ikusita, auziperatua izan ez balitz  kontu osoa eskandalagarria izango zatekeen.

Erregeren familiarentzat nahi den forupetzearen oinarrian dago Juan Carlos I.a eta bere familiak beste Castro epaileen aurrean agertu beharrik ez izatea. Bere kasuan, ohiko justiziak uki ez ditzan eta ohiz kanpoko justizian baino erantzun beharrik izan ez dezaten. Pribilegio hutsa,azken finean.

Juan Carlos I.aren erregetza aldiaren 39 urteren buruan, ondorengotzaren ondoren aldatzeko borondatea dagoela uste duzu? EAJk zer eskatzen dio errege berriari?

Abdikazioak, errege berriak kargua hain arin hartu izanak, Espainiako alderdi nagusiek erakutsitako adostasunak agerian uzten du Estatuan zerbait gertatzen ari dela. Ari dago bata bestearen atzetik etorri diren krisiak- finantza alorrekoa, ekonomikoa,instituzionala eta lurralde alorrekoa- Espainiar aldaketa sakonak egitera eramaten dutela, konstituzio aldi berri batera,agian. Dena dela, lehen aldaketa zantzuek, errege berria barne, ez gaituzte aldaketa horren aurrean baikor egotera eramaten. Eragiketa kosmetiko hutsa ematen du sistemari egonkortasuna emateko.  Felipe Gonzalezek iragarri zuen "koalizio handiak" bere lehen episodioa bizi  izan du errege aldaketa horren inguruan sozialista eta popularren artean eman den adostasunarekin. Gainerako erreformak norabide berean joango direlako susmoa dugu. 360 graduko giroa eman da, toki berean egoteko. EAJk errege berriari zer eskatzen dion? EAJ ez da alderdi monarkikoa. Euskal Herrira mugatzen den alderdia gara, eta Espainian errepublika edo monarkia izan, guk eskatzen dugun gauza bakarra da Estatuko burua funtzionala izatea, mahai gainean dituen arazo larriei aurre egiten jakin dezala. Eta, arazo horietako bat da bizikidetza puntu berria aurkitzea, euskaldunak eta catalunyarrak Estatuan aitortuak eta errespetatuak senti gaitezen. Ez da nahikoa Espainian espainiar sentitzen diren guztiak sartzen direla esatea. Eta, nazionalitate hori sentitzen ez dugunoi? Aitortu egiten zaigu ezberdin izateko eskubidea? Gure borondate askea errespetatzen dela bermatzen zaigu? Felipe VI.aren lehen diskurtsoa ez da topiko eta literaturatik ateratako aipuetatik harago joan. Abesbatza eta dantzen Espainia anitza. Felipe VI.a prest dago Euskadi eta Catalunya nazioak aitortzeko. Hori da Espainiako errege berriak erantzun behar duen galdera. Eskoziako nazionalismoak ez du Isabel II.aren koroa zalantzan jartzen. Koroak bere estatuaren nazio aniztasuna aitortzen duelako.

EAJk zer esan nahi du autogobernuaren ponentzian "azkenera arte" joango dela esaten duenean?

Eusko Legebiltzarrean autogobernuari buruzko ponentzia abian jartzeko erabakia adierazi genuen, bortxakeria amaitutakoan euskal hiritargoaren borondatea eguneratu beharra zegoela konbentzituta eta bete gabeko Estatutuak hogeita hamar urte bete dituela kontuan izanik. Horretarako nahi dugu herri honetako ordezkaritza politiko osoak, gaur egun Legebiltzarrean ordezkatuta dagoena, aldi berrirako bizikidetza politikorako egitasmoa argi eta garbi planteatu ahal izatea. Bakoitzak bere aukera askatasunez adieraz dezala, eta hortik aurrera gutxieneko bat aurkitzeko gai izan gaitezen  eta testua erakundeetan onartua izan ondoren hiritargoak onets dezan. Guretzat "eguneratzea" da hiritarren borondatea egunean jartzea, erabakitzeko eskubide demokratikoa aitortzea eta egituratzea. Nola, non eta norekin bizi nahi den. Inolako inposaketarik gabe. Betorik gabe. 

Horrek esan nahi du EAJk Euskadi kontsultara edo erreferendumera eramango duela Catalunyan edo Eskozian bezala?

Erabakitzeko eskubidea ez da abertzaleen aldarrikapena. Oinarrizko printzipio demokratikoa da, eta horrela ikusten ditugu. Guk bilatzen duguna da  barne akordioa, bakea eta bizikidetza sendotzea eta, segidan, akordioa hori hiritargoak berrestea. Ibilbide demokratiko horretan ez dugu aurreikusten inor kontra agertzea,   baina ez gara bide hori zailtasunez beteta egongo dela ez ikusteko bezain inozoak. Errespetatuak izatea nahi dugu, guk ere  gainerakoak errespetatuz. Subiranotasun partekatu arduratsua burutu nahi dugu. Berdinen arteko tratua nahi dugu, alderdi guztien zilegitasuna bermatuko duten prozeduren bidez, elkarte askearen oinarripean.Gaur egun hain moderno jotzen dugun planteamendu hori, erregimen foralak aurreikusten zuen  iraganean. 78 urtean EAJ-PNVk printzipio hori Espainiar Konstituzioan sartu nahi izan zuen , eta ez zioten onartu. Orduan, aukera historikoa galdu zen une honetan konpon daitekeena. Eskubide historiko eguneratuak. 79an euskal hiritargoak, Euskal Autonomiaren baitan, erreferendumean berretsi zuen Estatutuak gorpuztu zuen bizikidetza marko juridiko politikoa. Estatus berria ere herri galdeketa bidez berretsiko da, ez dezala inork dudarik izan.

Oposizioak EAJri egotzi dio autogobernua erabiltzen duela jendeari benetan eragiten dioten arazoekiko konpromisorik eza ezkutatzeko

Oposizioaren egitekoa da gobernuan dagoena indargabetzea eta nekaraztea. EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna da herri hau krisi ekonomikotik ateratzea. Langabezi tasa murriztea. Jarduera ekonomikoa biziberritzea. Eta hori egunez egun egiten da,zorroztasunez kudeatuaz, sare produktiboa eta industria indartuaz. Hori da Euskadin bizirik mantentzen gaituen elementua . Enplegua ezin da dekretuz sortu,baizik eta hurbiltasun eta parte hartzearen bidez; eta, Urkullu Lehendakaria buru den Eusko Jaurlaritza egiten ari dena,  gutxik egin dute orain arte. Gertatzen dena da gainbehera ekonomikoa ikaragarria izan dela, eta kostatu egingo zaigula gauden zulo beltzetik irtetea. Baina, irteten hasiak gara. Eta, hori dena, oinarrizko zerbitzuak kaltetu gabe, osasuna, hezkuntza, gizarte babesa. Jakin bagenekien legegintzaldi honetako lehen bi urteak gogorrak izango zirela, eta hala izan dira. Baina konbentzituta gaude joera aldaketa garaia iritsi dela. Eta , hori dena, goiari eutsiz eta konplizitateak eta akordioak bilatuz, herri honen egonkortasuna bilatzearren. 

Herriaren egonkortasuna?

Bai. Hauteskunde gau hartatik bertatik, EAJk argi izan zuen Eusko Legebiltzarreko 75 legebiltzarkidetatik 27 eserleku baino ez zituela. Argi ikusi zuen etengabeko elkarrizketa eta akordioa beharko zela beste alderdi batzuekin. Eta, zailtasunak zailtasun, egin egin dugu. Alderdi Sozialistarekin oso akordio baliotsua lortu genuen herri konpromisoak abian jartzea bermatzeko. Ekonomia eta enplegua biziberritzeko konpromisoak, oinarrizko zerbitzuak bermatzeko, zerga eta tributu politika birformulatzeko eta erkidegoaren egituraketa instituzionala birdiseinatzeko. Apurka-apurka, helburuak lortzeko bidean daude. Udal legea ere, hogeita hamar urtetan geldirik egon ostean, errealitate izan daiteke orain gauden legealdian . Epe laburrean, Eusko Jaurlaritzak hasierako zirriborroa helaraziko die legebiltzarreko indarrei. Lehen zirriborro honen inguruan aritu izan dira tartean dauden erakunde guztiak, hala nola Araba,Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak, eta EUDEL Udalen Elkartea. Bakoitzak egin ditu bere ekarpenak, testu batean islatu direnak. Hurrengo tramite batean bilatuko da erakundeetan ordezkatuta dauden indar politiko guztiek orain arte erakutsi duten erantzukizun bera erakustea, eta behin betiko onarpena ahalbidetzea.  Gure desio eta borondatea da. Oraingo  Eusko Jaurlaritzaren lehen urteurrenean esan genuen: EAJk elkarrizketa eta negoziaketa etengabeari ekingo dio. 

Azken galdera bat. Zer iritzi duzu Rajoyren Gobernuak azken aldi honetan aurkeztu duen zerga erreformaren inguruan?

Elektoralismo kontua dela uste dut. Itxurakeria handia eta sen on eskasa. Egunkarietako titularrak handiak badira ere, letra txikia ugaria eta ezezaguna da. Gainera, Bruselatik ere esan da diru-bilketa murrizteak defizita igoko duela, eta hori ez diote Gobernuari onartuko. Euskadin, horren inguruko hainbat gora-behera politikoren ostean,  tributuen mapa osorik modifikatzeko gai izan gara. Adabakirik jarri gabe. Herriak bizi duen egoera ekonomiko eta soziala aztertu dugu, eta elkarrekin egin dugun diagnosiaren ostean, araudi berria onartu dugu PFEZ eta sozietate alorrean, gure beharrizanetara ondoen egokitzen dena  uste duguna. Eta Rajoy-k orain hauteskundeetan igotzeko neurriak onartzen dituen arren, guk ez dugu gurea aldatuko. Zerga sistema bat eraginkorra da irauteko bokazioa duenean, ziurtasun eta segurtasun juridikoa ematen duenean. Ezin gara egunero eredua aldatzen ibili. Gainera, Euskadiko presio fiskala, guk hala adostu dugulako, Estatukoa baino altuagoa da. Oraingoa moduko krisi egoera batean herri honek behar duen fiskalitatea da. Ziklo ekonomikoa aldatzen denean aztertuko dugu. Lehenago ez.

Profila

Koldo Mediavilla

EAJ-PNVren Arlo Instituzionaleko burukide arduraduna

Koldo Mediavilla Amarika. Bilbo, 1961. Kazetaria . Bere lan ibilbidea Bilboko DEIA egunkarian hasi zuen 1983 urtean. "Euzkadi" aldizkariko Zuzendari izan zen 1985 eta 1987 urte artean. DEIA egunkariko ohiko zutabegile izan da 1995-1999 urte bitartean. Euskal Irrati Telebista erakunde publikoko Kontseilari izan da 1995 eta 2011 urte bitartean. Euskadiko RTVEren Aholku Batzordeko kide 1999 eta 2002 urte bitartean. "Hermes" Pentsamendu eta Historia Aldizkariaren zuzendari-kidea. 1999-2003 urte bitartean Bizkaiko Foru Aldundiaren Komunikazio eta Kanpo Harremanen Saileko Zuzendari Nagusia izan da. Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritzako Idazkari Nagusi 2003 urtetik 2011ko apirilera arte. Bizkaiko Batzar Nagusietako ahaldun Busturia- Uribe barrutitik. Gaur egun Bizkaiko Batzar Nagusietako lehen presidente ordea da. 2012ko urtarrilaren 14an Euzko Alderdi Jeltzalearen Euzkadi Buru Batzarreko burukide izendatua. EAJ-PNVren Arlo Instituzionaleko arduraduna da.

Euzko Alderdi Jeltzalean dago 16 urterekin Basauriko (Bizkaia) Uri Erakundean alderdikidetu zenetik. Garai hartako lagun handiak ditu oraindik, eta gazteri ekintzaile eta inkonformista haren gogorapenak gordetzen ditu.

Faemino y Cansado bikotearen zale handia. Umorea ezinbesteko du edozein jarduerari ekiteko orduan, politika barne.

Aitortzeko moduko zaletasunen artean du kirol arrantza "gero eta gutxiago praktikatzen dudan arren" eta beraz "gero eta arrantza kontu gutxiago ditut kontatzeko". Amantala jantzita ere gozatzen du,sukaldean "ikertzen" jartzen denean. Irakurri duen azken liburua "El Alquimista" Paulo Coelho-rena.

  • Koldo Mediavillari Elkarrizketa
    2014/06/29

Andoniren Bideobloga

Next Euskadi

  Agenda

2019/10/19 10:30

EAJ-PNVk Kongresu eta Senaturako Gipuzkoatik proposatuko dituen hautagaitzak aurkezteko ekitaldia.

Aitor Esteban, Joseba Egibar, Maribel Vaquero 

   Nautikoa. Donostia 

2019/10/20 09:30

Aitor Esteban, Diputatuen Kongresurako EAJ-PNVren hautagaiaren adierazpenak

   Nafarroa Oinez (Nekazal-elikadura Hiriko Negozio-gunea) 

2019/10/22 09:00

Elkarrizketa. Andoni Ortuzar

   Antena 3. Espejo Público 

YouTube

Twitter

Facebook

Flickr

Elkarrizketak - Gure Burukideak
PDE-EDP
ADIERAZPENA
Europa: Krisialditik Itxaropen Berri baterantz. 
Berrantolatzeko garaia.
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA