Next Euskadi

Gure buruKIDEAK

2015/02/28

EBBko burukide den Joseba Aurrekoetxeari elkarrizketa

“'Euskadi Hazi Arazi. Hacer Crecer Euskadi' esaldiarekin herriarekiko dugun konfiantza eta fedea adierazi nahi dugu”

Joseba Aurrekoetxeak EBBren Antolakuntza eta Hauteskunde Prozesuen Arloko burukide arduradunak baieztatu duenez EAJ-PNVk aurre kanpaina honetan aurkeztu duen "Euskadi Hazi Arazi. Hacer Crecer Euskadi" goiburuarekin "Herritarrei adierazi nahi diogu, horren denbora latz eta konplikatuan ere konfiantza eta fedea izan dezakegula herri gisa dugun etorkizunean. Krisialdi honetatik irtengo garela, gure aukera eta gaitasunetan  sinesten badugu.Eta EAJ-PNV-k bere onena jarriko du, bere pertsonak jarriko ditu gure herriaren zerbitzura. Asko dago egiteko gure herria eraikitzeko, gure herrialdeak, gure udalerriak; eta herri txiki baten apaltasunetik hazi behar da,  baina ezin gara gauden bezala geratu, jende guztiak hemen aukera bat izan dezan. Euskadi hazi araztea hori da, eta gure lana da jendeari bidea horixe dela ulertaraztea.

EAJ-PNVren web orrialdeari eskainitako elkarrizketan, burukide jeltzaleak hitz egin du  hautagai zerrenda berriez eta berauetan jende gazte ugari integratu izanaz. "Gazteengandik zein horren gazte ez direnengandik dena espero dugu, pertsona hauentzat herria dagoelako beste interes batzuen gainetik. EAJ-PNVk ezer egiten jakin izan badu, hori izan da eraberritzea, bestela zaila baita alderdi batentzat 120 urte egitea".

rss Ezagutzera eman

“Euskadi hazi arazi. Hacer crecer Euskadi”. Hori da EAJ-PNV-k aurre kanpainarako aukeratu duen goiburua. Zer esan nahi da? Zer adierazi nahi zaio euskal hiritargoari?

Herritarrei adierazi nahi diogu, horren denbora latz eta konplikatuan ere konfiantza eta fedea izan dezakegula herri gisa dugun etorkizunean. Krisialdi honetatik irtengo garela, gure aukera eta gaitasunetan sinesten badugu. Eta EAJ-PNV-k bere onena jarriko du, bere pertsonak jarriko ditu gure herriaren zerbitzura. Asko dago egiteko gure herria eraikitzeko, gure herrialdeak, gure udalerriak; eta herri txiki baten apaltasunetik hazi behar da. Euskadi hazi araztea hori da, eta gure lana da jendeari bidea horixe dela ulertaraztea.

EAJ-PNV-ren barruan antolakuntza arduraduna zaren heinean, esango dizkidazu zein izango diren talde jeltzaleak hauteskunde kanpainan erabiliko dituen ardatz nagusiak?

Hauteskunde kanpainak dira lau urteren buruan egiten diren azken azterketak bezalakoak, lana eginda eraman behar da, kredituak irabazita, eta hortik aurrera, hobetzea. Zorte kolpe bat itxaroteak, aurkariak huts egitearen zain egoteak edo inguruabarrak aldatzea edo publizitateak dena konpontzea nahi izateak.... porrotera eramango zaitu. Benetan uste dut gure jendeak lana egin duela eta orain berriro aurkez daitekeela herriari eta herrialdeari ideia berriak proposatzeko, jende inplikatua eta konpromisoduna delako, kalean bizi delako, jendearekin, herria maite duelako. Hurbiltasuna, zintzotasuna, ilusioa, Euskadi hazi arazteko anbizioa. Horiek izango dira berme guztiekin aurkezteko gakoak.

EAJ-PNV-k hautagai zerrendak berriztatu ditu hainbat udalerritan. Gazte asko sartu dira. Zer espero du EBB-k pertsona hauengandik?

Gazteengandik eta horren gazte ez direnengandik dena espero dugu, herriarekiko duten konpromisoa beste interes batzuen gainetik dagoelako. EAJ-ren baitan ondo jakin izan dugu berriztatzen. Bestela, zaila litzateke alderdi batentzat 120 urte betetzea. Baina, ez  gara itsukerian eroriko, batzuetan aldatu gara inguruabarrek derrigortuta, bestetan testuinguruagatik eta beste batzuetan konbentzituta egon garelako, baina denborak ulertzea eta egiteko erabakia hartzea ere bada garrantzitsua. Eta oraingo honetan berdin, ez da soilik adin kontua, baizik eta jenderik egokiena jartzea, hautesleek gaur egun egiten dituzten eskariei erantzuteko, horrenbeste ziurgabetasunek eta horrenbeste profetek inguratzen gaituzten garai hauetan.

Argitaratu diren azken inkestetan, EAJ-PNV-k lidergoa mantentzen du EAE osoan. Nola interpretatzen du EBB-k indar hau?

Abiapuntu gisa, inkestek joerak erakusten dizkigutela ikusten badugu, horrek esan nahi du hautesleek nahiko ondo ikusten gaituztela eta lehenago esan dudan bezala, horrek esan nahi du gure lana ikusgarri dagoela, eragina izan duela. Horrek animatzen gaitu markatutako bidetik lan egitera, gure jendea adi mantentzera eta jendeari begira egoten jarraitzera aurreikuspen hauetan huts ez egiteko, gure inguruan gehiago batzeko. Inkestarik onena da hauteskunde egunean egiten dena, baina ordura arte, ligan bezala, nahiago dut lehen joan eta tentsioa mantendu, besteei begira egon barik.

Nola ikusten dituzue zuek Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak?

Interes handiarekin ikusten ditugu, CAN-en galerarekin, desgobernuarekin, sare industrialaren galerarekin nafar emakume eta gizonentzat horren txarrak izan diren urteen ondoren, beharrezko dugun aldaketa ahalbidetzeko egon daitezkeen aukerengatik. Baina horri guztiari ez diogu era pasibo batean begiratzen, baizik eta aldaketarako agente aktibo gisa. EAJ-PNV Geroa Bai koalizioaren barruan dago independenteekin batera. Aldaketa bat eta nafar erakundeetan haize freskoa nahi duten nafarrek egitasmo honetan konfiantza izatea espero dugu. Helburu bakarra da Nafarroa martxan jartzea eta nafar gizon eta emakumeen ongizatea berreskuratzea. 

EBB-ren presidente Andoni Ortuzarrek Sabino Aranaren jaiotzaren 150. urteurrenean esan zuen nazio bat, bizikidetzarik gabe, huts egin duen esperimentua dela, eta ETAren arma-gabetzea eta desmilitarizazioa eskatu zuen eragindako min bidegabea aitortzearekin eta presoen gizarteratzearekin batera, euskal itun zabalari ekiteko orduan. Zein egoeratan dago gaur egun bakea eta elkarbizikidetza?

Geldituta dago gaur egun, batzuek uste dutelako gauzak konpon daitezkeela erabakiak hartu gabe  eta hurkoa noiz mugituko ote den zain egonda. Behar bada, horrela kontraesanak edo erabakien azalpenik ezak konpontzen direlakoan. Erabaki bat hartzen denean, kasu honetan erakunde armatuak bere aldetik hartu zuen bezala (2011ako urrian iragarri zuen legez), egin behar dena da urratsak ematen segitzea hurkoak egingo duenari begiratu gabe. Ezin da beti hurkoari begira egon, bere erabakia bete egin behar du. Horrek emango dio sinesgarritasuna gizarte aurrean; bestela, emango du kalkulu baten arabera dabilela eta bere egoera hobetzearren egiten duela, bake, normalizazio eta bizikidetza egoerara iristearren baino.  Beste alde batetik, egia da hiru urtetan borroka armaturik gabe eta denok, estatuak barne, atzera egiteko arriskurik ez dagoela ikusirik, berrikusi eta ezabatu egin beharko litzateke bere egunean ezarri zen salbuespena, espetxe politikan eta zigor politikan. Gure jarrera eta gure lana beti egongo da bake, normalizazio eta bizikidetza eszenatokia sendotzera eta egonkortzera begira, eta bide horretan ari gara,zuhurtziaz, beharrezko bada arriskuak hartuz, protagonismorik edo mozkinik bilatu gabe, eta besteen zerbitzura dagoen ergel edo mandatari  izan gabe, ez badugu egon behar, ez baikara egongo.

Baina egia ere bada, gure gizartearekiko dugun erantzukizunak eramaten gaituela aktibo izatera, Eusko Jaurlaritza izan den bezala, proposamen eta ekimenak ahal izan den adostasunik handienarekin aurkeztuz, baina hori ere ez mugitzeko aitzakia izan gabe. Ez da gai erraza, eta oraina eta iragana duintasunez gainditu behar dira, nortasun eta borondate sendoa duten liderrak behar ditu, gure seme alabei Euskadi hobe hori utzi diezaiegun.

Profila

Joseba Aurrekoetxea

Antolakuntza eta Hauteskunde Prozesuen burukide arduraduna

1960 urtearen erdialdean, ekainaren 13an jaio zen Joseba Aurrekoetxea.Urte zoritxarrekoa izan zen euskal abertzaletasunarentzat eta Euskadirentzat, urte bereko martxoan Agirre hil zelako. Portugaletetik  joan ziren Bilbora, eta han jaio zen Aurrekoetxea, Portugalete kale aurrean zegoen klinikan. Joseba Andoni  izena eman zioten bataioan.

Aurrekoetxeak Portugaleteko Andre Maria ikastetxean ikasi zuen eta Deuston lizentziatu zen Zuzenbidean. Unibertsitate  berean egin zuen Politika Sozialari buruzko Masterra.

Politikagintzan hasi zen 1976ko udan, EAJ-PNVren barruan Euzko Gaztedi (EGI) gazte erakundean sartu zenean. Militante aktiboa izan zen kargu nabarmenik izan gabe, Portugaleteko udal taldean parte hartzeko deia egin zioten arte. Zerrenda-buru aukeratu zuten. Hortik aurrera, Joseba Aurrekoetxea Alderdiak esan dion tokian izan da beti. Gustukoen duena  diskrezio osoz Alderdiaren alde lan egitea dela esan du "hauxe dugu Euskadik bere benetako askatasuna lortzeko duen tresnarik onena" eta bide honetan "BBBren eta EBBren barruan egoteko ohorea izan dut, abertzaletasunaren historian beti gogoratuko ditugun emakume eta gizonen ondoan". Era berean, ez du eragozpenik erakutsi, Alderdiak herri karguren baten ardurak hartzea eskatu dionean, dela zinegotzi, parlamentari edo senatari izateko".

Kirolzalea da eta kirol guztiak ditut gustuko, baina futbola du gogokoen. Jarrillera, Portugalete eta Athletic futbol taldeetako bazkidea da.

Musikari buruz galdetuta, abesti bakarrarekin geratzea zail egiten zaiola  aitortu du, berea moduko herri abeslari batean "Portugalete oso musikazalea da berez, abestea gustatzen zaigu". Gehien gustatzen zaizkionen artean daude "

Adio Euskal Herriari" eta "Chimberita". Gogokoen duen pelikula "Casablanca" eta hunkitu duen laburmetraia "Los hijos de Gernika". Irakurtzea du gustuko eta azken aldi honetan irakurritako bi liburu aipatu dizkigu  "Naciones. Una nueva historia del nacionalismo"  Ade Azar Gat-ek idatzia eta  "Pablo un hombre de dos mundos" CJ Den Heyer-ek idatzia.  

  • Euskadi hazi arazi.
    2015/02/28

  • Hauteskunde zerrendak
    2015/02/28

Andoniren Bideobloga

Next Euskadi

YouTube

Twitter

Facebook

Flickr

Elkarrizketak - Gure Burukideak
PDE-EDP
ADIERAZPENA
Europa: Krisialditik Itxaropen Berri baterantz. 
Berrantolatzeko garaia.
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA